09:37

kultura

Elkarrizketa

Xamar: "Baldintza hauetan zaila da herri kultura garatzea, probableki ezinezkoa luzeran"

Natxo Velez | EITB Media

Euskal Herriko bizitza soziala gidatu duten erritual, ohitura eta ospakizunak bildu ditu garraldar idazleak "Biziaroak. Herri Kultura" liburuan. "Euskal Herria hobeki ezagutu nahi duenarentzat" idatziriko lana da.

  • Juan Carlos Etxegoien Juanarena ''Xamar'' idazle eta irakaslea

    Juan Carlos Etxegoien Juanarena "Xamar" idazle eta irakaslea

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar idazlea (Garralda, 1956) euskara jendeari begira ageri zaigu berriz ere Biziaroak. Herri Kultura (Pamiela, 2024) lanean; jendarte horrek munduari begiratzeko, bertan kokatzeko eta ingurua ulertzeko (edo bere buruari ingurua ulertzen zuela sinetsarazteko) erabili izan dituen ospakizun, erritu eta ohiturak bildu eta azaldu ditu aurkezpen zainduko liburuan.

Orhipean. Gure Herria ezagutzen; Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza eta Etxera bidean (Euskadi Literatura saria 2019an, Euskarazko Saiakera atalean) egilearen aurreko lanetan bezala, prosa atsegina eta dibulgaziorako jaidura darizkio Biziaroak honi, eta dokumentazio jorian bermatzen da gure aurrekoen ohitura eta adierazpideen bilduma.

Nafar idazlearekin hitz egin dugu.

Herri eta kultura hitz bihurritu askoak dira, hitz bihurriturik bada. Zein adiera edo hedadura ezarri dizkiezu Biziaroak lan honetarako herri eta kultura berbei?

Entziklopedian "kultura" hitzak duen adiera bat da liburu honetan jarraitu dudana: herri edo zibilizazio bateko gizarte-egitura eta ezagutza edo fenomeno zientifiko, artistiko edo erlijiosoen multzoa.

Lege testuak, ahozko lekukotasunak, garaian garaiko kontakizunak… Dokumentazio lan eskerga eta askotarikoa du atzean lanak, bistan denez. Nolakoa izan da liburua prestatzeko, antolatzeko eta idazteko prozesua?

Beti bezain korapilatsua, Euskara Jendea edo Etxea lanetan erabilitako egitura bera du Biziaroak liburuak ere.

Gai nagusia ardatz harturik eta atalka antolaturik, osagarri diren testuak bilatzen ditut: bertakoen testigantzak, legedi zaharra, bisitarien lekukotasunak, ikerlarien eta idazleen adierazpenak edota gogoetak…

Norentzat dago idatzita Biziaroak. Herri Kultura?

Dibulgazio lana da; beraz, guztiz irekia da gaian interesa duen edozeinentzat, Euskal Herria hobeki ezagutu nahi duenarentzat.

Oro har, badira ikerketa eta bilketa zabalak, baina dibulgazioa, jakintza horren transmisioa eta zabalpena, aski urria da, hutsaren hurrengoa dela ez esateagatik.

Berrogei urteren ondoren, oraindik ez dago benetako euskal curriculum bat eskoletan; badago beharra, beraz.

Liburuan aletzen diren jakingarriak atal edo biziaro hauetan antolatu dituzu: jaiotza, umezaroa, gaztaroa, dantzak, etxea, komunitatea, sinesmenak, komunitatearen aurkako ekintza gaiztoak, ospakizunak, aisialdiko jarduerak eta heriotza. Zergatik aukeratu dituzu horiek?

Pentsatzen dut, oro har, bizitzaren aro garrantzitsuenak direla eta hobeki azaltzen direla kronologikoki.

Zerrenda horretan, egoera pertsonalaren aldaketak daude (jaiotza, haurtzaroa, gaztedia, ezkontza…), hala nola urtean bizitzen direnak (solstizioak, urte berria, inauteriak…).

Aro guztien arteko aldaketak errituz eta usadioz beterik egon ohi ziren; batzuk aski ezagunak, beste batzuk, berriz, ez hainbeste. Guztien artean garai desberdinetako "argazkiak" nahi nituen eman, gure iragana hobeki ezagutu dadin.

'Biziaroak. Herri Kultura'

'Biziaroak. Herri Kultura'

Dantzari eskainitako atalean esaten da Voltairerentzat, besteak beste, dantzarako zaletasuna eta gaitasuna zela Euskal Herriko ezaugarri nabarmenenetako bat. Zeri zor zaio, zure ustez, dantzarekiko lotura estu hori? Zer eboluzio izan du?

Ez dakit zeri zor zaion, argi dagoena da hala dela. Eboluzioa ezagutzeko, adituengana joan behar da, kasu honetan Juan Antonio Urbeltzen lanetara.

Laburbilduz, iduri luke dantza komunitarioek (sokadantzak, karrika-dantzak…), neurri handian bederen, tokia utzi zietela indibidualagoak zirenei (arin-arin, fandango, jotak…).

Bestalde, Elizaren eraginez, argi dago dantza andana galdu zirela, Iztuetak XIX. mendean aipatzen zituen Gipuzkoako Etxekoandre dantza eta Neska dantza adibide.

Euskarak eta euskal kulturak izan dituzten talken eta erronken aurrean, tentazioa izan da "euskaldun hobengabea" eta "irainik gabeko euskara garbia" idealizatzeko. Zeri zor izan zaio, zure ikuspegitik?

Gure kulturaren kontrako oldarrei erantzuna zen. Historikoki etengabeko bazterketa eta mespretxuak pairatu ostean sortu zen erreakzioa da "gurea hobea da" aldarrikatzea, "ez du irainik, garbiagoa eta zaharragoa da" eta abar… Defentsa hutsa.

Nolanahi den, zure liburuan ez da halako zuriketarik, eta "Bidegabekerian" atalean, berbarako, Euskal Herrian izandako gerrak, krimenak, kondaira azientifikoak, esklabotzarekiko harremanak, bortxaketak, euskarazko irainak eta beste bildu dituzu.

Holakoetan iragana idealizatzea erraz gerta daiteke, horregatik ezinbestekoa iduritzen zitzaidan atal bat krimenei eskaintzea.

Gurean, gainerakoetan bezala, denetarikoak izan dira tamalez, bidegabekeria mota guztiak pairatu behar izan baitziren tarteka-marteka.

Nolakoa da komunitatearen eta ohituren joan-etorriko jario hori eta zein indarrek hartzen dute parte gizartearen eta gizabanakoen bizimoduak finkatu, bideratu eta eraldatzeko?

Ez da nolanahiko galdera! Laburbilduko nuke ohartarazten gaur egungo gizarte zerbitzu gehienak, printzipioz gobernuek edo partikularrek (ordaintzen, jakina) eskaintzen dituztenak, ez zirela lehenagoko denboretan.

Dena zegoen elkartasunean oinarriturik. Bereziki bizitzaren gertaera zail eta estu zenbaitetan, auzokoen laguntza, herritarren elkartasuna, funtsezkoak ziren, eta horrek, ezinbestean, komunitatea trinkotzen, elikatzen eta indartzen zuen.

Gaur egun, berriz, gero eta indibidualistago den gizartean, komunitate zentzua urtzen doa… bereziki zeure buruaren gaineko boterea ez baduzu babesteko, gurean gertatzen den bezala.

Indibidualismora bultzatzen gaituzten garai honetan, komunitatea da liburuko ikerketaren objektua. Nola eragiten du komunitatearen egungo ahultze edo lausotze posibleak herri kultura eraldatzeko prozesuan?

Osoki, jadanik aipatu dudan gisan. Indarrean dagoen sistemak komunitateari dagozkion arazoak pertsonalak bihurtzen ditu, hortik autolaguntza liburuen arrakasta. Ez zara zoriontsu? Kulpa zurea da, aztertu zer egiten duzun gaizki, ohartu gabe sistema dela zuzenki eragiten zaituzten bizi baldintzak arautzen dituena: laboralak, osasun zerbitzuak, kulturalak…

Botere erakundeek, Elizak bere garaian eta kapitalismoaren zein estatuen garroek XX. mendetik aurrera, gizartearen eta gizabanakoen alor guztiak, publiko zein intimoak, arautu nahi izan dituzte. Zein bide erabili dituzte, hegemoniaren bila? Limurtzea, promesa, zigorra, herriaren elementuak bereganatu dituzte horien esanahia eraldatu eta desaktibatzeko…

Nire ustez, guztiak. Garaian garaikoak: posible bazen tortura eta erreketak (Inkisizioa), ospakizun pagano guztiak (Eguberriak, ekaina…) zentzuz aldatzea (San Juan, Santa Ageda, Jesusen bizitza…), toki probableki sakratu zaharrak kristautzea (Aralarko San Migel, Xemeingo San Migel Arretxinaga, Urkiolako San Antonio…)…

Franco garaian, adibide gisa, gure auzoko etxeko jaunari guardia zibilek isuna jarri zioten lanean ikusia izan zelako igandean, Elizarako bekatua zena…

Aldakortasuna lege da, sarreran diozun moduan, eta gure kulturaren argazki finkoa eman nahi izatea ezinezkoa, hortaz. Beste ezinezko bat eskatuko dizut, eskatzen jarrita, onartzen badidazu. Norantz goaz? Zein indargune eta arrisku-ahulgune ditu herriak kultura propioa garatzeko?

Galdera egokia eta interesgarria da herri normalizatu batean erantzuteko, baina zoritxarrez ez gaude egoera horretan.

Hemen kinka larrian dagoena Euskararen Herria bera da. Legediak behartzen eta babesten ditu erdararen ezagutza eta erabilpena, zinez ofiziala da. Euskararen ezagutza, berriz, saihesten ahal da aiseki, epaileek erakutsi bezala; funtsean ez da ofiziala inon.

Menderakuntza egoera honetan, aski lan dagoenari eusteko. Baldintza hauetan zaila da herri kultura garatzea, probableki ezinezkoa luzaroan.

Hala ere, orain artean iraun dugu, harrigarriki; beraz, geroak erakutsiko.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena