kultura
Antzerkia
N. V. | EITB Media
"Die ersten Menschen" opera Euskadiko Orkestrarekin ekoitziko du, eta "Saturraran", Juan Carlos Perezek konposatutakoa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Gainera, María Goiricelayaren eszena zuzendaritzarekin, "Festen" Thomas Vinterbergen pelikula moldatuko dute.
"Saturraran" Juan Carlos Perezek konposatutako opera estreinatuko du Arriagak 2024an
Arriaga Bilboko antzokiak 2023/2024 denboraldia aurkeztu du gaur, astelehenarekin, Bilbon. Bertan azaldu dutenez, bi opera estreinatuko dituzte Bilboko antzokian, udaren ostean: Die ersten Menschen (Lehen gizakiak) Calixto Bieitoren eszena zuzendaritzarekin eta Robert Treviño musika zuzendari dela, 2024ko apirilaren 18an eta 20an, eta, 2024ko ekainean, Saturraran Juan Carlos Perezek konposatutako opera, Kirmen Uribek egindako euskarazko libretoarekin, Jon Malaxetxebarriaren musika zuzendaritzarekin eta Lucia Astigarragaren eszena zuzendaritzarekin.
Gainera, Festen Thomas Vinterbergen filmaren antzerkirako egokitzapena —María Goiricelaya izango da eszena zuzendaria— estreinatuko dute; urriaren 6tik 8ra euskaraz ikusi ahalko da, eta azaroaren 2tik 5era, gaztelaniaz.
Halaber, Lost letters Lucía Lacarra Ballet konpainiaren dantza piezaren ekoizpenean ere hartu du parte Arriagak, baita Lucha y metamorfosis de una mujer Fernando Bernuesek zuzendutako obran ere, Eneko Sagardoy, Lucía Quintana eta Vito Rogado aktore taldean dituen lanean.
Gainera, Arriagan estreinatuko dira Nancy Grace Roman, Machos en flor (6. pabiloia), Kortxoaren dilema (Tartean teatroa), Tierra de nadie (Eva Guerrero), Esnearen kolorekoa/Del color de la leche, La sed del minotauro (Khea Ziater) eta Bihar arte soilik/Sólo hasta mañana (Gorka Minguez) euskal ekoizpenak.
Kukai Dantzak ere bere azken lana estreinatuko du Arriagan, eta Bilboko antzokiaren oholtza gainean izango dira, halaber, Malandain Ballet Biarritz eta Olaeta Ballet, baita Gauthier Dance, Les Grands Ballets Canadiens eta Sara Baras ere.
Musikalei dagokienez, Los chicos del coro (abuztuaren 17tik irailaren 10era), Charlie y la fábrica de chocolate (abenduaren 28tik 30era) eta A tu lado, un musical de Los Secretos programatuko dituzte.
Ekainaren 26tik aurrera egongo dira ikuskizun horietarako guztietarako sarrerak (Los chicos del coro-renak salgai daude dagoeneko).
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa