11:33

kultura

Iruñean

Katuki Saguyaki marka aurkeztu du Mikel Urmenetak

N.V. | eitb.eus

Kukuxumusutik irten eta gero, marrazkilariak Katuki Saguyaki marka berria, berorren logotipoa eta sanferminei begira eginiko lehen diseinua aurkeztu ditu Iruñean.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mikel Urmeneta marrazkilariak Katuki Saguyaki marka aurkeztu du gaur Iruñean. Atzo Kukuxumusutik “kanporatu” zutela iragarri eta gero, gaur marka berriaren logotipoa eta 2016ko sanferminei begira diseinatutako lehen lana bistarazi ditu Urmenetak, inguruan berarekin lan egingo duten hainbat marrazkilari zituela.

Kukuxumusuk, bere aldetik, erantzun egin zuen atzo, Urmenetak oharra kaleratu eta gero. Urmeneta kanporatu izana ukatu zuen, eta oraindik ere enpresako bazkide badela azaldu zuen.

Txema Sanz, Belatz, Asisko eta MKO Kukuxumusuko marrazkilari “historikoak” ondoan zituela agertu da Urmeneta kazetarien aurrean, eta 1989ko sanferminetan sortu zutenetik nafar marka ezagunak bere iritziz izan duen bilakaera aletzeari ekin dio.

Aldaketak Kukuxumusun

Hainbat urtez marka handitu eta zabaltzeko prozesuan egon ostean, “kudeatzen jakin ez genuen krisiak amildegi ertzera eraman gintuen. Kamisetak ekoizteko gure enpresan konkurtsoa ezarri zuten, eta horrek galera handiak ekarri zituen, maila ekonomikoan zein lantaldeari dagokionez, eta sormen enpresa eta kanpoko enkarguena oso ahulduta gelditu ziren”, esan du.

Kaleratze gehiago saihestu eta markaren biziraupena bermatze aldera, dirua behar zen orduan, eta Ricardo Bermejo diseinatzailearekin hitzarmena lotu zuten. Hala, Bermejo enpresaren akziodun nagusi eta administratzaile bakar izendatu zuten, eta Umenetak zuzendari artistiko gisa zerbitzuak emateko kontratua sinatu eta akzioen % 33 atxiki zituen.

Urmenetak azaldu duenez, bazkide berriak “jostailu berria erosi zuen, jarraibideak irakurri gabe, eta Kukuxumusuren ordura arteko historia eta filosofia aintzat hartu gabe jardun zuen”.

“Tipografia eta logotipoa aldatu, irudiak manipulatu eta euskarari eta markaren jatorriari tratu txarra eman zizkien”, eta “kaleratze azpimarragarriak” egon ziren, hala nola Urmenetarena berarena, prentsaurrekoan erakutsi duen burofax baten bidez jakinarazi zitzaiona.

“Argi eta garbi gelditzen da Ricardo Bermejok markatik aldendu ninduela, kontratua alde bakarretik hautsiz eta zuzendari artistiko postutik botaz”, adierazi du Urmenetak. Gainera, marka sortu zuten hiru bazkideak eta marrazkigile “historikoak” dagoeneko Kukuxumusun ez daudela esan du. Enpresaren bozeramaileek, bestalde, zuzendari artistiko ohiak egindako salaketei nola erantzungo dieten aztertzen ari direla esan dute.

Urmenetak orain dauzkan Kukuxumusuko akzioekin zer egingo duen pentsatzeke daukala gehitu du, nahiz eta uste duen oraindik orain “balio txikia” dutela.

Katuki Saguyaki

Katuki Saguyaki markak, Urmenetaren hitzetan, euskarri fisiko eta birtual guztietan lan egingo du, denetariko bezeroentzat: enpresak, erakundeak, museoak, GKEak, elkarteak edo partikularrak.

Sanferminak garai garrantzitsua izango dira Katuki Saguyakirentzat, Urmenetaren azalpenen arabera, eta 2016rako prestatu duten bilduma aurkeztuko dizkiete Iruñeko merkatariei.

Gaurko agerraldian, bilduma horretako lehen diseinua aurkeztu dute.

Bere bildumak ere egingo dituzte, baita “lagunentzako” (Estopa, Jon Sistiaga, Eduard Punset…) lanak ere, eta denda fisikoetan eta on-line salduko dute.

e salduko dute.

e salduko dute.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena