kultura
Heriotza
Erredakzioa
Azkenaldian osasun egoera txarrean zegoen. Besteak beste, zinemagintza garaikidean, eskulturan eta kartelgintzan erreferente nagusietako bat izan da.
Albisteak (3)
Bideoak (4)
Informazio gehiago (3)
Nestor Basterretxea Arzadun eskultorea, margolaria eta zinemagilea hil da, 90 urte zituela, larunbat goizaldean, Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaitzubiko Idurmendieta baserrian.
Basterretxea 1924ko maiatzaren 6an jaio zen, Bermeon (Bizkaia). 1936an familiarekin erbesteratu egin zen, lehenengo Casablancara, eta, geroago, Argentinara.
1952an Espainiara itzuli zen, eta Arantzazuko basilikako kriptaren pintura muralak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Han Jorge Oteiza eskultorearekin harremanetan jarri zen.
Berrogeita hamargarren hamarkadaren amaieran, Espainiako gune sortzaile nagusienetako abangoardia taldeen parte izan zen: 57 Taldea eta Gaur, Oteiza, Chillida, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiaga kideekin, besteak beste. 1963tik aurrera, eta hamar urtez, deseinu industrialaren arloan garatu zuen lana, batik bat hotelen dekorazioan eta altzarien diseinuan. Argazkilaritza esperimentala ere egin zuen, eta Bilbon haren erakusketa bat izan zen 1969an.
1982an, Basterretxearen zazpi adarreko arbola ordezkatzen zuen eskultura irabazlea izan zen ideien lehiaketan, Eusko Legebiltzarrak deituta, hemizikloa nagusitzeko. 1987ko irailean, lehenengo erakusketa indibiduala egin zuen Madrilen, Arte Garaikideko Espainiako Museoan. 140 pieza zituen antologiak, eskulturen, pinturen, marrazkien eta collagen artean, besteak beste.
1988an, Bakearen Usoa obra inauguratu zen, Donostiako Amara auzoan. Zazpi metroko altuera eta 9ko zabalera zuen. Bestalde, euskal artzainaren ohorez egindako eskultura (1989), Renon (AEB) jarri zuten.
Eskulturaz eta margolaritzaz gain, ikus-entzunezkoen alorra ere jorratu zuen; H operazioa (1963), Pelotari (1964), Alquezar, pasioaren erretaula (1965) edota Ama Lur ( 1966) dira bere film labur ezagunenak.
Datorren astelehenean omenaldia egingo diote Zorroagan, 20:00etan.
Udazkenean Basterretxearen azken erakusketa zabalduko dute Donostian
Nestor Basterretxearen azken erakusketa zabalduko dute udazkenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, "ilusio handiz prestatzen ari zen erakusketa", hain zuzen ere.
Hala iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak larunbat honetan argitaratu duen ohar batean. Halaber, Diputazioak doluminak eman dizkie Basterretxearen senideei eta lagunei.
Bestalde, "Euskal Kosmogonia", Basterretxearen sorkuntzarik pertsonalena eta ezagunena dena, Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkuren aretoan eta atarian erakusgai dago modu iraunkorrean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa