Musika
Orkestra sinfonikoa
Agentziak | Erredakzioa
Konpositore eta pianista izango da Bilboko Orkestra Sinfonikoaren denboraldiaren ardatza. Gainera, orkestrak kontzertu berezia egingo du Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta.
34 kontzertu eskainiko ditu BOSen denboraldi sinfonikoak
Johannes Brahms konpositore eta pianista alemanaren lana eta Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren kariaz prestaturiko kontzertua izango dira Erik Nielsen zuzendari musikalak Bilboko Orkestra Sinfonikoaren 2016-17 denboraldirako prestatutako progamaren oinarriak.
Nielsenek gaur kazetarien aurrean azaldu duenez, Hanburgoko konpositorearen lana Erromantizismoko musika tradizio alemanaren epilogotzat hartu dute ikertzaileek, eta, bere lau sinfonietan, aurrekariek musika ulertzeko zuten modua laburtu zuen.
Nielsenen hitzetan, Gernikako udalerria ere omenduko dute aurten, abonamendu denboraldian, Francoren aliatu alemanek bonbardatu zutela 80 urte pasatu direla gogoratuko den urtean.
2017ko apirilaren 6 edo 7 an estreinatuko den lana Birke Bertslsmeir konpositore aleman gazteak egin du, BOSek hala eskatuta.
“Zeru urdinetik” titulua du lanak, eta herritar babesgabeen aurka sekula egindako lehen bonbardaketa masiboa izan zenaren inguruan “hausnarketa musikala” plazaratu nahi du. Gainera, denboraldiko protagonistaren, Johannes Brahmsen, “Requiem aleman”arekin batera jotzeko sortu dute lana, eta, hartara, datorren kontzertu sortako ekitaldirik hunkigarriena izango dela uste dute BOSeko arduradunek.
Musikalei gorazarre
2016-17 denboraldiko programazioa urriaren 6 eta 7an hasiko da, inoizko musikal handienei omen eginez, hala nola “West side story”, “Les Miserables”, “Cabaret”.. BOSeko maisuek musikal horietako kantu ospetsuenak joko dituzte, Londreseko West-Endeko lau abeslarik lagunduta, Robert Purvis horrelako musikan aditua zuzendari dela.
Gainera, 17 kontzertu sinfoniko eta gaberako musikako eta musika barrokoko 10 emanaldi biltzen dituen programan, amaierako kontzertua ere azpimarratu dute. Ekainaren 8 eta 9ko kontzertu horretan, Wagnerren “Die Walkure, I. ekitaldia” interpretatuko dute, Michelle De Young sopranoa eta Stuart Skelton tenorra lagun.
BOSen bigarren erronka berezia Mahlerren Zazpigarren Sinfonia taularatzea izango da. Konpositore horrek egindako guztietatik BOSek oraindik jo ez duen bakarra da lan hori, eta Elihau Inbal israeldar maisu beteranoa izango du gidari orkestrak egun horretan, txekiar konpositorearen lana ondo baino hobeto ezagutzen duen zuendaria.
BOSek denetariko 110 kontzertu eman nahi ditu hurrengo denboraldian, 120.000 ikuslerentzat: sinfonikoak, ganberakoak, didaktikoak, familia osoarentzat…
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa