Musika
Lou Topet
Natxo Velez | eitb.eus
Lou Topet musika taldeak Harkaitz Cano idazlearekin bat egin du, abeslari estatubatuarren 10 kantu euskarara ekarri eta diskoa plazaratzeko. Crowdfunding kanpaina abiatu dute proiektua finantzatzeko
Pete Seeger, Woody Guthrie, John Hiatt? AEBko musikaren hainbat ikonoren lanen erroetan sakondu, doinuok bereganatu eta euskarara ekarrita aurkeztu nahi ditu Lou Topet zarauztar musika taldeak, eta, bide horretan, Harkaitz Cano idazlearen lankidetza lortu du laukoteak.
Abesti bat gutxiago proiektuan buru-belarri dabil Oier Aranzabal Lou Topet-ek (ahotsa, gitarra akustikoa, armonika), Rafa Ruedak (gitarra elektrikoa) ?Unai Martinezek taldea utzi eta gero, mungiarra elkartu zaio taldeari?, Oihan Larrañagak (baxua) eta Ander Zulaikak (bateria, perkusioa, koroak) osatzen duten laukotea, egitasmo honetarako Harkaitz Cano beraien bando eginda dutela.
Idazleak estatubatuar musikarien hitzak itzuli eta moldatu ditu, musikaz haraindi ere bertsiogintza eta itzulpengintza aztergai izango dituen proiektu zabalagorako. Izan ere, diskoaz ez ezik, kantuak janzteko prozesua dokumentatu eta oro har bertsiogintzaren inguruko hausnarketa mahaigaineratuko duen liburuaz ere erdituko da musikarien eta idazlearen arteko elkartea.
Helburua erdieste aldera, crowdfunding kanpaina abiatu dute Interneten, zaleek babesa adierazi eta proiektua sustatzen lagun dezaten.
Guk Oier Aranzabalekin hitz egin dugu, Abesti bat gutxiago-ri buruzko zertzeladak biltze aldera. Hona Lou Topeteko kidearekiko solasaldia.
Lehen galdera, argia da: zergatik jo duzue crowdfunding-era proiektua aurrera ateratzeko?
Ekoizpenerako modu berria da crowdfunding-a, zentzu batean pre-order edo aurresalmentaren antzeko zerbait. Abesti bat gutxiago proiektuan eta Lou Topeten zein Harkaitz Canoren arteko elkarlanean sinesten genuenez, gure komunitatearekin partekatu nahi izan dugu, komunitatea bidelagun egin sortze prozesuan eta denok batera kaleratu disko-liburua. Oso ekoizpen modu interesgarria da hau, entzule eta lagunekin kontaktu zuzena izatea ahalbidetzen duena.
Crowdfunding-aren webgunean, sortze prozesuaren inguruko eguneraketak argitaratzen ari gara. Edukiak igotzen, eta ziur sorpresarik ere aurreratuko dugula.
Espero zenuten orain arte izan duzuenaren pareko erantzunik? Diskoa egiteko gutxienekoa (3.500 euro) gaindituz gero, zer egingo duzue?
Crowdfunding-ean dena ala ezer ez da. Alegia, jarritako helburura iristen ez bazara, proiektua ez da aurrera ateratzen, eta ez duzu finantziazioa lortzen.
3.500 euroko helburua jarri dugu, baina 3.500 euro ez dira nahikoa dimentsio honetako proiektua egiteko. Helburutik aurrera datorrena, ongietorria. Kontuan izan estudioaz gain, produkzioa dagoela, kolaboratzaileak... eta abar luze bat. Crowdfunding-a ondo irteteak proiektua bideragarri egingo du!
Abesti bat gutxiago deitu diozue egitasmoari. Zer adierazi nahi duzue ?gutxiago? horrekin? Zergatik ez ?abesti bat -edo hamar, kasu honetan- gehiago??
Harkaitz Canok duela ez asko literatura eta arkitektura konparatzen zituen hitzaldi batean parte hartu zuen. Eta galdegin zioten ea nola eraikiko lukeen eraikuntza bat. Berak erantzun zuen eraikuntza bat eraikitzeko prozesuan, lehenengo egin beharreko galdera dela ea eraikuntza eraiki egin behar den ala ez.
Eta behin erabakita eraiki behar dela, izan dadila eraikitzen den eraikuntza bat gutxiago. Hari horri tiraka, eta musikara ekarrita jarri diogu titulua bertsiogintza eta itzulpengintza aztergai dituen proiektuari.
Nola sortu da taldearen eta Harkaitz Canoren arteko lankidetza?
Canok eta biok elkar ezagutzen genuen, eta banekien abestiak euskarara ekartzea eta letragintza ikaragarri maite zituela. Estatubatuar musikarien abestiak bidaltzen hasi nintzaion eta segituan bueltan botatzen zizkidan itzulpenak.
Horrela, geratzen hasi ginen eta forma hartu zuen proiektuak.
Harkaitz Cano idazlea arduratu da kantuen hitzak itzultzeaz
Oso zurrun jokatu duzue hala musikaren ikuspegitik nola, hitzetan, alderdi metrikotik bertsioak egiteko orduan? Zer aldaketa egin dizkiezue kantuei?
Ezin zara zurruna izan abesti bat zeure egiteko orduan. Lirikak ikaragarri errespetatu ditugu, betiere, hizkuntzak utzi digun neurrian.
Abesti baten bertsioa egitea baso batetik bestera ura eskuetan eramatea bezalakoa da. Bidean asko galtzen da, eta itzultzailea handik edo hemendik, nola edo hala, konpentsatzen saiatzen da.
Martxel Arkarazo ekoizlearekin errepikatu duzue, ?Esnatu dira? EPan berarekin lan egin eta gero. Bere lan egiteko modutik, zer atsegin duzue gehien?
Martxel familiakoa da. Ekoizle oso ona da, eta entzumen ikaragarria du. Lehen diskoa grabatzen asko ikasi genuen berarekin, eta ordutik hamaika kontzertutan izan dugu teknikari gisa.
Oraingo honetan gainera, aurre-ekoizpen lanak egitera etortzen da astero entseguetara eta mimo handiarekin lantzen gabiltza ?Abesti bat gutxiago? egiteko.
Taldean aldaketak izan dira, eta Rafa Rueda arduratuko da gitarra batez disko honetarako. Nola egin duzue bat berarekin eta zer nabarmenduko zenukete orain arteko bere ibilbideaz?
Unai Martinezek taldea utzi zuen, eta zalantza izpirik gabe Rafa Ruedari deitu nion. Laguna izateaz gainera, gitarra-jole oso bertsatila da, eta segituan bihurtu da beste taldekide bat gehiago.
Hasieratik esan zigun baietz eta luzerako izan dadila!
Rafa Rueda gitarrista Lou Topeti batu zaio
Orain arte, Pete Seeger, Woody Guthrie, Damien Jurado, Will Oldham, Jeff Tweedy, Cass McCombs eta John Hiatten kantuak egingo dituzuela iragarri duzue. Definituko zenituzkete hitz gutxitan?
Pete Seeger
Ezinbestekoa amerikar folka ulertzeko. Politikoki konprometitua eta XX. mendeak eman dituen hamaika abeslari enblematikoren aita.
Woody Guthrie
Seegerren antzerako zerbait aipatuko nuke. Bere gitarrak faxistak hiltzen zituen.
Damien Jurado
Estatu Batuetako folk berriaren ikurretako bat. Biluzik, gitarra eta ahotsaz soilik, soberbioa.
Will Oldham
Folk abestigile onentsuena. Musika emozionatzea bada, bera da musika.
Jeff Tweedy
Nire abeslari kuttuna. Bere bakarkako azken diskoa, ?Sukierae?, altxor bat da.
Cass McCombs
Guztietarik azkena deskubritu dudana, baina, aizu, ze temazo idazten dituen.
John Hiatt
Harrapatuta nauka. Beltz ahotsa duen zuria, Van Morrisonek bezalaxe. Anje Duhaldek ere bertsionatu izan ditu bere abestiak.
Dena ondo bidean urri erdialdean diskoa atera eta geroko, zer asmo dituzue?
Urriaren erdi aldera aurkeztuko dugu disko-liburua, eta ondotik zuzenekoekin hasiko gara. Disko-liburua denez, eta abestiez gain atzetik hausnarketa moduko bat dagoenez, bi formatutan egingo ditugu aurkezpenak. Bandarekin zuzenean eta formatu akustikoan Canorekin, hitzaldi formatuan. Ikusiko dugu non amaitzen dugun...
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa