09:54

Musika

Disko berria

Kalakan: 'Berkonexio bat behar genuen gure musikarekin eta lurrarekin'

Natxo Velez | eitb.eus

Gauza asko gertatu zaizkio, abaila bizian, Kalakani, 2011n sortu zenetik. Madonnarekiko lankidetzaren osteko zurrunbiloa baretuta, bidea bilatu, nortasuna indartu eta “Elementuak” lana ondu dute.

1:07
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kolaborazioen eta harreman artistikoen zale eta militante, On bikotearekin, Pello Ramirez eta Xabier Zeberiorekin, entseatzen harrapatu ditugu Kalakan taldekoak, ?Elementuak? disko berriari buruzko zertzelada batzuen xerka deitu diegunean.

Thierry Biscaryk, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk beste urrats bat eman dute euskal kantutegi tradizionala arakatu, haren mamia atera, interpretatu eta birmunduratzeko bidean.

?Elementuak? diskoko kantuetan, bakuntasunaren, sinpletasunaren eta gordintasunaren alde egin du hirukoteak, oharkabean edo berariaz Madonnaren eskutik bidelagun izan duten poparen munduan ohikoak diren handikeriari eta gehiegikeriari itzuri eginda.

Txalapartak eta danborrek ezarritako erritmoek, isiluneek, ahots harmonia hunkigarriek eta haize tresnek lagunduta, zinezko nortasunerako bidaia amaiezinerako gonbit berria egiten du Kalakanek ?Elementuak? lanean.

Jamixel Bereaurekin luze eta zabal aritu gara honetaz eta hartaz, tradizioaz eta geroaz, dauden tokiraino eraman dituenaz eta aurrean daukatenaz.

2013. urtean hasi zineten disko berrirako materiala konposatzen, baina gelditu egin zineten, emaitzarekin gustura ez zeundetelako. Zer gertatu zen?

Egia esateko, 2013a baino lehentxeago hasi ginen sortu eta konposatzeko lanean, 2012ko urrian-edo, baina, guri gertatu zaiguna bezalako zerbait pasatu ondoren ?zazpi hilabeteko nazioarteko bira egin zuen hirukoteak 2012an Madonnarekin?, geroa heltzen da, eta galdera batzuk sortzen dira: gauzak nola manatu, zer egin, nora joan?

Milaka galdera pasatu zitzaizkigun burutik orduan (disko berria atera, publikoaren arreta eta arrakasta baliatzeko?), eta ez ginen konturatu zeinen nekatuta eta gure mundutik zeinen deskonektatuta geunden. Erokeria txiki batean sartu ginen, gauza gehiegi egin nahian.

Gerora konturatu gara zenbait gauzatan exijentzia handiegia jarri genuela , pop munduan denbora gehiegi egon ginelako-edo; berkonexio bat behar genuen Euskal Herriarekin, gure musikarekin eta gure lurrarekin.

Orduan, memento batez jabetu ginen gauza batzuk aldatu egin behar zirela, gauzek beren denbora eskatzen dutela, eta abenduan hasi ginen berriz konposatzen, eszenografia prestatzen-eta.

Kalakan

?Elementuak? izena du diskoak, eta inspirazio bila gelditu zinetenean ?zuen elementuekin berkonektatzeko? asmoa zenutela esana duzue. Zein dira elementu horiek? Zerk definitzen du Kalakan?

Musikatik hasita, esan nezake euskal kantuen errepertorioa, ahotsa eta perkusioa direla gure elementuetako batzuk. Ikuspegi organiko batetik, bibrazioa ere aipa nezake: ahotsaren bibrazioa, danborren azalarena, txalapartaren egurrarena eta haizearena, alboka eta txiruletan.

Halaber, Kalakan osatzen dugunon pertsonalitateak ere badira gure elementu bereizgarriak: Thierry, Xan eta ni garen pertsonak, ditugun gustuak, asmoak, desioak?

Eta beste elementu unibertsalagoak ere badaude hor: gizakia, gizartea, pasatzen diren gauzak, modak, ideiak? Bizitza, esan nezake.

Kalakan en los Altos Hornos de Bizkaia

Argazkia: Igotz Ziarreta

Mainstream-aren handitasuna edo handikeria barru-barrutik ezagutu eta gero, soiltasunera jo duzuela dirudi, diskoaren hasieratik ?Ama Euskadi? ahots hutsezko kantu hunkigarrian erakusten duzuen moduan. Izan zenuten produkzio handinahiagoa egiteko tentaziorik?

Hastapenean, gauza asko pasatu dira gure burutik, esan dizudan bezala, baina gero, bereziki, bizi hautuak sartzen dira jokoan, mundu horretan sartzeko gauza batzuk egin beharko baitziren: Euskal Herritik alde egin, eta, ez dakit nik, Londresen, Parisen edo New Yorken egon?

Eta gure musikaren aldetik, gauza asko aldatu beharko ziren musika industriaren produktu bat bilakatzeko. Filosofikoki ere, geure burua non ikusten dugun pentsatu behar genuen, eta elkarrekin mintzatu ginen: hautu horiek azaldu, zer egin nahi dugun erabaki, zer-nolako bizimodua eraman nahi dugun?

Hautu horiek honaino ekarri gaituzte, eta nahiko pozik gaude esperientzia horrekin aberastuta etorri baikara, argi berri batekin. Orain, bizi izan dugun hori Kalakanen zerbitzura ezarri nahi dugu, eta oso gauza interesgarriak eta aberasgarriak egiten ari gara. Gure bidea egiten ari gara egunero, ez beste norbaiten bidean ezartzen.

Kalakan Baxter and Rojos

?Kantu zaharrak eguneratu eta jendeari helarazten dizkio Kalakanek?, zuen hitzetan. Zer du, esaterako, ?Bereterretxeren kanthoria? baladak beste balada batzuen aldean, denboraren joanak higa eta desagerraraztea ekidin duena? Zergatik biziraun du?

Askotan, galdera hori egiten diot neure buruari? Ez dakit, magia bat dago hor nonbait: melodia, musika? Biziraun baldin badute, badago arrazoi bat, baina ez dut ezagutzen.

Nire ustez, ?Bereterretxeren kanthoria?k testu oso indartsu eta unibertsala du; kantuan kantatzen direnak bezalakoak mundu osoan gertatzen dira maleruski. Eta kantuaren melodia ere oso boteretsua da.

Guk mami hori atera eta balioztatzen dugu. Kantu horretan indarkeria oso presente dago, eta guk gure modura atera dugu gure bertsioan, raparen eta azkenean entzuten den oihuaren bidez, adibidez.

Horren haritik, gaur egun, euskarri andana bat dugu informazioa gordetzeko, baina eduki azalekoagoak sortzen ditugula dirudi? Aurreikusten diozue kantu tradizionalek izan duten adinako iraunkortasunik egungo kultur adierazpenen bati?

Jendeak, populuak, erabakitzen du melodia bat atxikitzea eta transmititzea. Baliabideak hor daude, baina herriak eraikitzen du bere kultura eta tradizioa, eta hori horrela izan behar da, nahiz eta erakundeek lagundu egin ahal duten proiektu batzuk errazteko.

Herriaren errespontsabilitatea, eskubidea eta pribilegioa dira kultura eta tradizioa, eta gure lana, artisten lana, musika horiek jotzea eta sortzea da, ekarpenak egitea. Tradizioaren iturri horretan ur berria jarri behar dugu, eta gero jendeak hautatuko du zer atxiki eta zer bazterrean utzi.

Nola konposatzen du Kalakanek? Nolakoa da kantuak josteko prozesua eta nola janzten dituzue kantuak?

Denetarik egoten da. Batzuetan, kantu osoa eramaten dut: ideia, moldaketa, bakoitzaren zatia? Horrelakoak gertatzen dira.

Beste batzuetan, batek ideia bat aurkezten du, eta denon artean egiten dugu. Erritmoaren zatiaz ni arduratu ohi naiz; izan ere, ni bateria-jotzailea bainaiz: bereziki punk talde batean jo dut.

Baina melodia bat eramaten badut, gustatzen zait harmonia Thierryri eta Xani asmatzen uztea, bakoitzak bere estiloa gehitzen baitu.

Thierryk euskal musikarekin bere esperientzia dauka eta, nirea ez bezalakoa denez, kantuak aberastu egiten dira. Eta Xan ere instrumentista da, txirularekin eta flautarekin iaioa, eta beste zerbait eransten dio, nik bakarrik lortuko ez nukeena.

Grabatzeko orduan, zelan funtzionatzen duzue?

Gu oso klasikoak gara, nonbait. Oso xume sartzen gara estudioan, dena landuta delarik, eta denbora gutxi pasatzen dugu bertan. Denbora gehiago pasatzen dugu entsegu gelan edo ordenagailuaren aurrean konponketak egiten eta horrela.

Zer musika entzuten dituzue? Zein dira zuen eraginak?

Adin bertsua dugu hirurok, eta, batzuetan, elkarrekin hitz egitean, konturatzen gara gauza berak ikusi eta entzun ditugula iraganean eta manera beraz ?formateatuak? izan garela.

Baina denetarik entzuten dugu bidaia luzeetan, furgonetan: musika klasikoa, metala, rapa, rocka, euskal musika tradizionala eta munduko beste toki batzuetakoa?

Azkenaldian, Iparraldeko artista gazte baten, Paxkal Irigoyenen, diskoak piztu dit arreta. Disko berria atera du, eta lan oso-oso polita egin du.

Diskoa ez da dendetan egongo, zuzenekoetan bakarrik salduko duzue eta zuen webgunetik jaitsi ahalko da. Talde askok birak egiteko aitzakia gisa soilik argitaratzen dituzte lanak, eta esan egiten dute hori. Galdu ote du diskoak objektu gisa zuen balioa?

Aldatu egin da, bai. Nirvanaren bideoklipa lehen aldikoz telebistan ikusi nuenean, mobylettea hartu eta kasetea erostera joan nintzen. Baina diskoaren industria eta ohiturak asko aldatu dira, eta objektuarekiko harremana ez da berdina, horrenbestez. Musika entzuteko hainbeste aukeraren artean, diskoa galduta dago.

Hala ere, diskoa garrantzitsua da oraindik guretzat, publikoari zerbait emateko, zuzenekoaren emozioaren oroitzapen gisa. Horrez gain, guretzat bisita txartela ere bada, eta taldea non dagoen, zer egiten ari den eta nora doan erakusten du.

Zuzenean, zer-nolakoak izango dira ?Elementuak?en aurkezpenak?

Egia esateko, gauza batzuk hobetu, txukundu eta sendotu egingo ditugu: kantu berriak agertuko dira, agertokian apur bat mugitzen hasiko gara ere?

Kalakan talde gaztea da, eta oraindik bere nortasuna eraikitzen ari da. 2011n hasi ginen Xanekin, eta, berarekin urtebete egin aurretik, Madonnarekin biran joan ginen dagoeneko. Beraz, lehen bi urteetan ez dugu gauza anitzik landu alde horretatik, eta 2013an hasi gara, egiazki, gauzak eraikitzen.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena