13:03

Artea

Euskadi sariaren irabazlea

Javier de Isusi artistak diseinatu du Itzuliaren 61. edizioko kartela

EITB Media

Euskadi Literatura Saria Literatura Lanen Ilustrazio kategorian jaso duen pertsona izaten da, duela hiru urtetik, txirrindularitza probaren kartela diseinatzeko arduraduna.

  • Miguel Zugaza, Javier de Isusi, Bingen Zupiria eta Julián Eraso, aurkepenean

    Miguel Zugaza, Javier de Isusi, Bingen Zupiria eta Julián Eraso, aurkepenean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Javier de Isusi artista bilbotarrak diseinatu du Itzulia txirrindularitza probaren aurtengo kartela, Euskadi Literatura Sarien azken edizioan Literatura Lanen Ilustrazio kategoriako saria irabazi eta gero dagokion bezala. Gaur goizean aurkeztu dute Isusiren lana, Bilboko Arte Ederren Musoean.

Aurkezpen ekitaldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu duenez "Euskadi Literatura Saria irabazten duten sortzaileei egiten diegun enkargu honen bidez, beren lana erakusteko aukera berriak eskaini nahi dizkiegu, eta beren lanetan ohikoa ez den publiko batengana iristea lortu nahi dugu. Horrela, urte askotan kultura eta kirola uztartu zituen tradizioa berreskuratzea da helburua".

Kartelaren irudi nagusia bizikleta baten gainean pedalei eragiten dien figura bat dela adierazi du egileak: "Figura androginoa da, nahita, eta gizonezkoa edo emakumezkoa izan daiteke; izan ere, txirrindularitza ez da gizonentzat soilik, eta Itzuliak gizonezkoen edizio bat eta emakumezkoen edizio bat ditu".

De Isusik azaldu duenez, "marrazkia lerro jarraitu bakar batekin egina dago, lasterketako errepideek eta bizikletaren kateak egiten duten bezala. Lerro jarraitu horrek eraikitzen ditu irudi nagusia eta atzealdean daudenak: ezkerretara, atzetik duen pelotoia, eta eskuinetara, euskal geografiaren lau ezaugarri laburbiltzen dituen paisaia: mendia, itsasoa, herriak eta industria".

Sortze prozesuari buruz egileak azaldu duenez, "eskuz, arkatzez eta akuarelaz paper gainean egindako marrazkia da, teknika fisikoa, ez digitala, eta fisikoa bizikleta gainean egiten den ahalegina bezala".

Itzulia Basque Country-ren 61. edizioa apirilaren 4tik 9ra bitartean egingo da. Lehenengo etapa Hondarribian hasi eta amaituko da, bigarrena Leitza eta Viana artean egingo da, hirugarrena Laudio eta Amurrio artean, laugarrena Gasteizen hasi eta Zamudion amaituko da, bosgarrena Zamudio eta Mallabia artean eta seigarren eta azken etapa Eibarren hasi eta Arrateko aldapetan amaituko da.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena