17:41

Txirrindularitza

Espainiako Vuelta

Roglicek irabazi du Anglirun, Vingegaarden aurretik, eta Kussek zortzi segundogatik eutsi dio maillot gorriari

EITB MEDIA

Jumbo-Vismak beste erakustaldi bat eman du, Asturiaseko mendate gogorrean. Mikel Landa ere ibili da bikain: Bahrain-Victoriouseko murgiarra laugarren postuan helmugaratu da, Kussekin batera, eta bosgarren jarri da sailkapen nagusian.

1:56
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jumbo-Visma taldeko Primoz Roglic txirrindulari esloveniarrak irabazi du, asteazkenean, 2023ko Espainiako Vueltako hamazazpigarren etapa, Angliru mendate mitiko eta gogorrean. Roglic Jonas Vingegaard taldekidearekin batera helmugaratu da, eta Jumbo-Vismako beste ziklista bat, Sepp Kuss sailkapen nagusiko liderra, hirugarren izan da, 19 segundora; hortaz, Kussek maillot gorriari eutsi dio, Vingegaardekiko zortzi segundoko aldea duela. Jumbo-Vismak, beste behin, erakustaldia eman du, eta Bahrain-Victorious taldeko Mikel Landa murgiarra ere ibili da bikain; Landa laugarren helmugaratu da, Kussekin batera sartuta, eta sailkapen nagusiko bosgarren tokira igo da.

Gogoan izateko moduko ikuskizuna izan da asteazkeneko etapan, aurreikusita zegoenez. Antolatzaileek prestatutako ibilbidean, Angliru mendatea alde batera utzita, 1. mailako beste bi mendate zeuden kokatuta: La Colladiella eta Cordal, hain zuzen ere. Probako indartsuenentzako eguna espero zuten zaleek, eta horrelakoa izan da: Jumboko hiru txirrindulariek, hau da, Sepp Kussek, Jonas Vingegaardek eta Primoz Roglicek, aurkari latz bakarra izan dute, Mikel Landaren Bahrain taldea, eta arabarra ezin hobeto ibili da. 

Sailkapen nagusiko aurreneko hirurak biziki indartsu dabiltza; hiru horiek talde berean egoteak arazoak ere ekar litzake, kirol zuzendariarentzat, lasterketako estrategia planifikatzeko. Anglirun, Primoz Roglicek erakutsi du anbiziorik handiena; Vingegaard taldekideekin ibili da une oro, aurrera jo gabe; Kuss helmugarako bi kilometro gelditzen zirela geratu da atzean, eta, gerora, igoera erritmo politari eutsi dio, Mikel Landarekin batera. Mendiko bi etapa dituzte oraindik aurretik txirrindulariek, bata ostegunean eta bestea larunbatean, eta Jumbo-Vismak eskura du garaipena; baina ez dago argi hiru liderretako zeinek jantziko duen igandean, Madrilen, 2023ko Espainiako Vueltako azken maillot gorria.

Beste txirrindulari bat ere nabarmendu behar da, berriro ere: Remco Evenepoel. Hasieratik ibili da bera ihesaldiaren bila. Belgikarra, sailkapen nagusian aukera guztiak galdu zituenetik, etengabe ari da saiatzen, eta anbizio handia ari da izaten, beti borrokalari. Mattia Cattaneo taldekideak, gainera, lan bikaina egin dio, Soudal Quick-Stepeko liderrak errematea jar zezan… edo, behintzat, ahalegina egin ahal zezan.

Evenepoelek bakarka lasterketa buruan ekin dio Angliru igotzeari, lasterketa buruan; haren aldeko aldea, baina, txikiegia zen, pentsatzeko etapa garaipena poltsikoratu ahalko zuela. Bahrain taldeak izan du erantzukizun handia horretan; izan ere, Landaren taldeak, Wout Poels eta Santiago Buitrago ederki aritu direla, hiru ziklista baino ez dituzte utzi faboritoen taldean: Kuss, Vingegaard eta Roglic. Angliru igotzen ari zirela, horrenbestez, sei txirrindulari zebiltzan lasterketa buruan: Bahraingo hiru, eta Jumboko beste hiru. Gainerakoek, hau da, Enric Masek, Juan Ayusok, Joao Almeidak, Marc Solerrek, Aleksandr Vlasovek edo Cian Uijtdebroeksek, ezin izan dute erritmoari eutsi.

Roglic ahalegindu da gehien, eta erraztu du taldetxoan Bahraingo txirrindulari bakarra geratzea: Landa. Esloveniarrak eta Vingegaardek atzean utzi dute Sepp Kuss, lainopean, mendateko azken zatian, baina aurreneko lau ziklisten arteko aldeak ez dira handiak izan. Roglicek lehen etapa garaipena eskuratu du Espainiako Vuelta honetan, eta inpresioa da oraindik asko dagoela ikusteko eta argitzeko hemendik igandera bitartean.

Ostegunean, oraingoz, beste etapa gogor bat izango da: Cruz de Linares mendatean amaituko da. Berriro ere, egun zaila eta erabakigarria, eta, gainera, asteazkenean pilatutako nekea kontuan izan beharko da.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - ROGLIC Primoz (Jumbo) 3:15:56

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d.b

3 - KUSS Sepp (Jumbo) +0:19

4 - LANDA Mikel (Bahrain) d.b

5 - POELS Wout (Bahrain) +0:44

6 - ALMEIDA Joao (UAE) +0:58

7 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +1:20

8 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d.b

9 - AYUSO Juan (UAE) +1:42

10 - MAS Enric (Movistar) +1:43

 

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - KUSS Sepp (Jumbo) 60:34:21

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:08

3 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:08

4 - AYUSO Juan (UAE) +4:00

5 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:16

6 - MAS Enric (Movistar) +4:30

7 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +6:43

8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +7:38

9 - ALMEIDA Joao (UAE) +9:26

10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) +11:26

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena