Saskibaloia
Emakumezkoen Endesa Liga
EITB MEDIA
Ardoik 81-72 irabazi dio Celtari; Kutxabank Araskik, berriz, Hozono Jairisen aurka galdu du etxean (52-71); eta Lointek Gernikak ere, ezin izan du Cadi La Seu garaitu (65-62). Valentziak eta IDK Euskotrenek elkarren aurka jokatu behar zuten partida atzeratu egin da goialdeko borraskaren ondorioz.
Ardoi taldeko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EITB Media
Ardoik, goi mailan, lehen garaipena erdietsi du, etxean, Celtari 81 eta 72 nagusituta. Partida osoan zehar aurretik joan da talde nafarra, eta 47 eta 40 emaitzarekin joan dira atsedenera. Azken laurdenean gauzak estutu egin dira, baina Ardoik aldeari eutsi ahal izan dio.
Kutxabank Araskik, berriz, ezin izan du irabazi, lehen laurdenetik Hozono Jairisek izan baitu aginte makila. Bigarren laurdenean ere gidoi bera izan du partidak. Atsedenera 28 eta 36 heldu dira. Hirugarren laurdenean indarrak ahitu zaizkie eta azkenekoan, markagailuko aldea jada handiegia izan da (52-71). Gaurko porrotarekin, talde gasteiztarrak sailkapenaren azken postuan jarraitzen du garaipen bakarrarekin.
Lointek Gernika Bizkaiak ere porrota jaso du Cadi La Seuren aurka (65-62) Emakumezkoen Endesa Ligako 5. jardunaldian. Gernikarrek azken unera arte borrokatu dute, baina zorterik gabe eta jaurtiketetan asmatu gabe oso zaila da etxetik urrun irabaztea ligan, xehetasun txiki horiek markatzen baitute aldea. Orain, bi asteko geldialdia izango dute azaroaren 14ra arte; Ferrolen aurka izango da hurrengo partida, Malosten.
Valentziak eta IDK Euskotrenek elkarren aurka jokatu behar zuten partida, berriz, atzeratu egin da goialdeko borraskak Valentziako Erkidegoan eragin duen egoeragaren ondorioz.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa