Saskibaloia
EuroCup Women
I. G. | EITB MEDIA
Talde bizkaitarrak partida hasiera kaskarra izan du, akatsez betea, baina bigarren zatian horietatik berpizten jakin du eta garaipena eta txapelketako hurrengo faserako txartela lortzeko gai izan da.
Lointek Gernikaren garaipena. Argazkia: @GKesb
Lointek Gernika Bizkaiak garaipena lortu du ostegun honetan Lattes Montpellierren aurka (66-67) EuroCup Women txapelketako hirugarren partidan. Talde bizkaitarrak partida hasiera kaskarra izan du, akatsez betea, baina bigarren zatian horietatik berpizten jakin du eta garaipena lortzeko gai izan da.
Gernika-Lumoko taldeak ez du ondo hasi partida, lehen minutuetan asko kostatu baitzaie saskiratzea. Izan ere, partidako lehen bost minutuetan bi puntu baino ez dituzte lortu. Aitzitik, Montpellier oso eroso zegoen kantxan eta jokaldiak ondo ateratzen zitzaizkion. Etxekoek aurrea hartu dute eta lehen aldea ireki dute markagailuan (14-2).
Lointek ez da fin ibili defentsako lanetan, eta hori baliatu du aurkariak jokoaren nagusitasuna izateko eta hirukoen bidez min egiteko. Partida hasiera kaskarra garesti ordaindu dute, lehen laurdena Montpellierren puntu erdiekin itxiz (22-11).
Bigarren laurdenak bide beretik jarraitu du, Lointek baloia erraz galduz, eta etxekoek aldea handitu dute 8-0eko partzialarekin. Hiruko batek eta saskiratze pare batek indarrak itzuli dizkiote Lointeki, baina oraindik ere aurkaria erakusten ari zen mailatik urrun zeuden. Horrela, 14 puntu azpitik joan dira atsedenaldira (39-25).
Aldageletatik bueltan, partidak bizia hartu du aldeko 0-7ko partzialari esker. Atsedenaldiak on egin dio Lucas Fernandezen taldeari, eta erritmoa bizitu dute Montpellierri presioa egiteko. Oraingoan euskaldunak biziago aritu dira Frantziako taldearen erasoak eteteko, eta hiru puntura bakarrik jarri dira atzetik, azken laurden osoa jokatzeke zegoela (51-48).
Partida amaitzeko zortzi minuturen faltan, Lointek Gernika lehen aldiz jarri da aurretik markagailuan (51-52), baina Montpellierrek jarraian sartutako bi hirukok eta 8-0eko beste partzial negatibo batek Gernikakoen poza zapuztu dute.
Egoera errepikatu egin da bi minuturen faltan, markagailuan 61-62ko emaitzarekin, eta Lointekek gutxieneko alde hori gordetzen jakin du, 66-67ko emaitzarekin garaipen epikoa lortzeko.
Fitxa teknikoa:
66 - Lattes Montpellier (22+17+12+15): Bernies (11), Jenkins (3), Toure (9), Rabot (2) eta Linskens (15) -hasierako bostekoa-; Alston (22), Naigre (4) eta Zemoura.
67 - Lointek Gernika (11+14+23+19): Ariztimuño (6), Nikitinaite (12), Buch (8), Silva (10) eta Milapie (4) -hasierako bostekoa-; Flores (2), Alberdi, Bradford (14) eta Madera (11).
Epaileak: Suzana Vujicic (Montenegro), Veronika Obertova (Eslovakia) eta Andrada Csender (Errumania). Linskens kanporatu dute faltengatik.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa