Saskibaloia
Eurokopa (Final-hamaseirenak)
A. B. E. | EITB Media
Gernika-Lumoko taldeak puntu bakarrarengatik irabazi zuen joaneko neurketa, baina itzulikoa 11 punturengatik galdu duenez (68-57), txapelketatik at geratu da final-hamaseirenetan.
Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak, burumakur Gorzowren aurka galdu ostean. Argazkia: EITB Media
Lointek Gernika Bizkaia Eurokopatik at geratu da asteazken honetan (urtarrilak 11) Enea Gorzow taldearen aurka 68 eta 57 galduta final-hamaseirenetako itzuliko partida.
Joaneko norgehiagokan puntu bakarreko abantaila lortu zuen Bizkaiko taldeak (79-78), baina ez da nahikoa izan, kanporaketako bigarren partida 11 punturengatik galdu baitu.
Bi taldeei kosta egin zaie lehen saskiratzea lortzea. Estreinako puntuak Lointek Gernikak bereganatu ditu, Ygueravideren hirukoari esker (0-3). Hasierako bost minutuetan bost puntuko errenta erdietsi du Gernika-Lumoko taldeak (5-10), baina poloniarren erantzuna azkarra izan da, eta 11nakoa jarri dute markagailuan (11-11), bi hiruko jarraian sartuta. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi (13-13 eta 15-15). Azken minutuan aurrea hartu du Enea Gorzowk, eta Lointek Gernikak bi puntuko desabantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (17-15).
Bigarren laurdenaren hasieran zuloa ireki du markagailuan etxeko taldeak (22-15). Bizkaiko taldeari kosta egin zaio desabantaila murriztea, baina bi puntura gerturatzea lortu du (22-20). Hala ere, ia jarraian, Enea Gorzowk berriz sei puntuko errenta erdietsi du (26-20). Atsedenaldira heldu aurreko azken bost minutuetan Lointek Gernika Bizkaiak ez du asmatu aurkariaren saski aurrean; Enea Gorzowri ere kosta egin zaio puntuak eskuratzea, baina 8 puntuko abantailarekin joan da aldageletara (34-26).
Atsedenaldiak ez dio mesede egin Lointek Gernika Bizkaiari, hirugarren laurdenaren hasieran nagusi izan baita etxeko taldea. Enea Gorzowk 13 puntuko abantaila erdietsi du hirugarren laurdena buktzaeko hiru minutu falta zirenean (50-37). Euskal Herriko taldeak 12 puntura soilik murriztu du desabantaila (52-41) hirugarren laurdenaren amaieran.
Lointek Gernika Bizkaiak bikain ekin dio laugarren eta azken laurdenari; aurkaria baino hobea izan da erasoan zein defentsan, eta hiru puntura gerturatu da markagailuan (53-50). Susperraldiak lehian sartu du Gernika-Lumoko taldea, baina Enea Gorzow ez da urduri jarri, berriz hartu du partidaren aginte-makila, eta zulo erabakigarria zabaldu du markagailuan (60-50). Ordutik aurrera, Lointek Gernika Bizkaia ezinean ibili da; baloi asko galdu ditu, kosta egin zaio puntuak bereganatzea, eta defentsako lanean ezin izan dio aurkariari eutsi. Amaieran, Enea Gorzowk irabazi du partida, eta final-zortzirenetarako txartela lortu du (68-57).
Fitxa teknikoa:
68 - TheWest Enea Gorzow (17+17+18+16): Allen (11), Wadoux (14), Keller (6), Senyurek (9) eta Smith (16) -hasierako taldea-; Horvat (10), Matkowska (2) eta Bazan.
57 - Lointek Gernika Bizkaia (15+11+15+16): Ygueravide (8), Spreafico (11), Meskonyte (5), Cvitkovic (4) eta Sofia Silva (3) -hasierako taldea-; Ariztimuño (2), Buch (6), Brooque Williams (12) eta Bura (6).
Partzialak: 17-15, 34-26 (atsedenaldia); 52-41 eta 68-57 (amaiera).
Epaileak: Can Mavisu (Turkia), Martin Kucirek (Txekiar Errepublika) eta Nermin Hodcik (Bosnia). Cvitkovic kanporatu dute, 40.minutuan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa