19:09

Saskibaloia

Europako Txapelketa

Lopez-Arosteguik eta Brizuelak EuroBasketeko finalerdietarako txartela lortu dute Espainiako selekzioarekin

A. B. E. | EITB Media

Espainiak 100-90eko emaitzarekin irabazi dio Finlandiari Europako Txapelketako final-laurdenetako partida eta finalaurrekoak jokatuko ditu. Alemania izango da espainiarren aurkaria.

  • Dario Brizuela

    Dario Brizuela Espainiako selekzioko jokalaria Finlandiaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Xabier Lopez-Arostegui eta Dario Brizuela euskal jokalariek EuroBasketeko finalerdiak jokatuko dituzte Espainiako selekzioarekin, final-laurdenetan Finlandia mendean hartuta, 100-90eko emaitzarekin.

Alemania izango da Espainiaren aurkaria finalaurrekoetan. Alemaniako selekzioak Greziari irabazi dio (96-107) eta finalerdietan egongo da. Grezia dominak lortzeko faboritoen artean zegoen, baina kanporatuta geratu da.

Neurketako lehen minutuetan nagusi izan da Espainia eta sei puntuko errenta lortu du (8-2). Pixkanaka, ordea, Finlandiak aldea murriztea lortu eta aurrea hartu du markagailuan (9-11). Finlandiarrak aurretik jarri ostean, nagusi izan dira, eta 11 puntuko abantaila erdietsi dute lehen hamar minutuen amaieran (19-30).

Bigarren laurdenean 15 puntuko errenta eskuratu du Finlandiak, baina Espainiako selekzioak desabantaila murriztea lortu du azken minutu onak jokatuta, eta Finlandiaren aldeko 43-52ko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Atsedenaldia ondo etorri zaio Espainiari eta Scariolok zuzentzen duen selekzioak bere jokoa hobetzea lortu du; ondorioz, desabantaila murriztu eta lehia parekatu du Espainiako taldeak (57-57) hirugarren laurdena amaitzeko sei minutu falta zirenean. Ondorengo minutuetan parekotasuna izan da protagonista, baina azken  txanpan nagusi izan den Espainiak sei puntuko errenta bereganatu du (73-67) azken laurdenari ekiteko.

Parekatua izan da laugarren laurdenaren hasiera eta partida Espainiako selekzioaren aldeko lau puntuko errentarekin heldu da azken bost minutuetara (84-80). Finlandia bi puntura gerturatu den arren (84-82), talde espainiarra aurkaria baino askoz gehiago izan da amaierako minutuetan eta garaipena bereganatu du (100-90).

Fitxa teknikoa:

100 - Espainia (19+24+30+27): Brown (10), Lopez-Arostegui (2), Parra (5), Pradilla (3), Willy Hernangómez (27) -hasierako taldea-, Rudy Fernandez (11), Jaime Fernandez (-), Brizuela (14), Alberto Diaz (6), Garuba (7) eta Juancho Hernangomez (15).

90 - Finlandia (30+22+15+23): Maxhuni (2), Salin (11), Jantunen (18), Huff (5), Markkanen (28) -hasierako taldea- Little (6), Koponen (3) Kantonen (-), Valtonen (4) eta Madsen (13).

Epaileak: Yonah Rosso (Frantzia), Martin Horzov eta Kerem Baki (Turkia). Madsen kanporatu dute 38. minutuan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    22 12:15 - 14:00 ATLETISMOA | Amurrioko Krosa
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena