22:32

Baskonia

Euroliga

Baskoniak Munichen galdu du, luzapenean (112-109), Bayern aurkari, Euroligan

EITB MEDIA

Howardek 27 puntu sartu ditu, Miller-McIntyrek 20 eta Costellok 18. Baskonia ia partida osoan izan da atzetik markagailuan, baina norgehiagoka luzapenera eramatea lortu du. Hiru puntuetako jaurtiketetan oso ondo aritu dira bi taldeak, neurketan zehar.

  • Chima Monekek, artxiboko irudian bera, 13 puntu sartu ditu Munichen. Argazkia: EFE.

    Chima Monekek, artxiboko irudian bera, 13 puntu sartu ditu Munichen. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Baskoniak galdu egin du, 112-109, Munichen, BMW Park pabiloian, Bayern Munich aurkari, 2023-24 denboraldiko Euroligako 24. jardunaldian, astearte gauean. Bayernek luzapenean menderatu du Baskonia; hala, Gasteizko taldeak hamabi partida irabazita jarraitzen du sailkapenean, orain hamaikagarren postuan.

Baskoniak, azken laurdenean, markagailua irauli egin du; Codi Miller-McIntyrek hiruko saskiratze ikusgarri bat sartu du, eta luzapena behartu (94-94), baina Dusko Ivanovicek baliabide gehiegi galdu ditu luzapen horretan; gainera, Tadas Sedekerskisek ez du jokatzerik izan. Miller-McIntyre bikain ibili da: 15 asistentzia eman ditu, eta 39 izan du balorazioan. Azken horrek hainbat pase on eman dizkio Howardi, eta bi jokalari horien lana ezinbestekoa izan da hirugarren laurdenean, Gasteizko taldea partidan berriro ere sar zedin.

Dena den, Bayern Munichek ere eman du maila ona; izan ere, Alemaniako taldeko zazpi jokalarik sartu dituzte hamar puntu baino gehiago. Bereziki Serge Ibaka nabarmendu da. Azkenean, hala, garaipena eskuratu ahal izan du Pablo Lasoren taldeak.

Bi taldeek hasieratik erakutsi dute erraztasuna erasoan. Ibaka indartsu zebilen barruan, eta kontraerasoan Baskoniak oztopoak zituen; Markus Howarden lana, baina, arnasa eman dio Dusko Ivanovicen taldeari. Lehen laurdena 25-19 amaitu da, eta bigarrenean 38-25 ere izan dira, baina Miller-McIntyrek bederatzi puntu sartu ditu jarraian, eta itxaropena berpiztu egin du, Baskoniarentzat; atsedenaldian, 56-52 ari zen nagusitzen etxeko taldea.

Bigarren zatiaren hasieran, Bayern Munichek hiruko bi saskiratze gauzatu ditu, eta Chima Monekeri laugarren falta adierazi diote. Horrek desegonkortu egin du Baskonia, baina euskal taldeak aurrerapausoa eman du; Markus Howardek ederto jokatu du hirugarren laurdenean, hiruko bost jaurtiketa sartuta. 82-76 zegoen markagailua, azken laurdena gelditzen zela.

Minutu erabakigarrietan, azken segundoetan, Codi Miller-McIntyre azaldu da, beste behin, norgehiagoka luzapenera eramateko; hiruko saskiratze oso polita gauzatu du, Serge Ibakaren aurrean. Luzapenean bi taldeek izan dute irabazteko aukera; Moneke eta Howard kanporatu dituzte epaileek, biei bosgarren falta adierazita, eta Bayernek hainbat jaurtiketa libre sartu ditu garaipena bermatzeko. Nick Weiler-Babbek, halaber, hiruko bat oso garrantzitsua sartu du.

Fitxa teknikoa

112 - Bayern Munich (25+31+26+12+18): Bolmaro (12), Edwards (7), Giffey (9), Lucic (17) eta Ibaka (21) -hasierako taldea-, Obst (8), Weiler-Babb (7), Francisco (13), Radoncic (5) eta Harris (13).

109 - Baskonia (19+33+24+18+15): Theodore (10), Marinkovic (16), Diez (1), Moneke (13) y Kotsar (4) -hasierako taldea-, Howard (27), Raieste (-), Rogkavopoulos (-), Miller-McIntyre (20) eta Costello (18).

Epaileak: Mehdi Difallah (Frantzia), Carmelo Paternico (Italia) eta Maxime Boubert (Frantzia). Moneke (41. min) eta Howard (43. min) kanportu dituzte, bost falta adierazita.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena