22:55

Baskonia

Endesa Ligako finalerdiak

Baskonia, kanporatuta Real Madrilen aurka hirugarren partida jarraian galdu ostean (77-85)

A. B. E. | EITB Media

Bitci Baskoniak agur esan dio denboraldiari Endesa Ligako finalerdietako kanporaketako hirugarren partidan porrota jaso ostean. Arabako taldeak galdu egin ditu Madrilgoaren kontra jokatu dituen hiru neurketak.

5:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bitci Baskoniak agur esan dio 2021-2022 denboraldiari, astearte honetan (ekainak 7) Buesa Arenan Real Madrilen aurka porrota jasota (77-85) Endesa Ligako finalerdietako hirugarren partidan. Kanporaketako hiru partidak galdu ditu Arabako taldeak. Real Madrilek finalerako txartea bereganatu du.

Madrilgo taldeak sartu du lehen saskiratzea Causeurren hiruko baten bidez (0-3). Ondoren, Baskoniaren erantzuna etorri da Petersek jarraian sartu dituen bost puntuei esker (5-3). Real Madrilek abantaila txikia hartu duen arren, etxeko taldeak ez dio alde egiten utzi (10-12) hasiera baten, baina talde bisitariak asmatu egin du hiruko jaurtiketetan eta zuloa ireki du markagailuan (10-18). Gainera, abantaila 11 puntura handitu du Real Madrilek (14-25) lehen hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenaren hasieran Costellok sartu duen hirukoak (17-25) esperantza eman dio Baskoniari, baina pozak ez dio asko iraun Real Madril berriro nagusi izan baita (21-33). Errebotean jaun eta jabe izan da Madrilgo taldea; Baskonia, aldiz, ezinean ibili da taulapean. Laurden honetako lehen bost minutuen ostean, 10 puntukoa izan da Gasteizko taldearen desabantaila (23-33). Ondoren, bi taldeei asko kosta zaie saskiratzeak lortzea, baina Baskonia hiru puntura gerturatu da (32-35) atsedenaldira iristeko bi minutu baino gutxiago falta zirenean. Azkenean, 36-41eko emaitzarekin joan dira aldageletara bi taldeak.

Atsedenaldiaren ostean gogotsu kantxaratu da Baskonia. Etxeko taldeak lehen saskiratzea sartu (38-41), hurrengo jokaldian baloia berreskuratu eta lehia berdintzeko aukera izan du, baina barkatu egin du. Real Madrilek hasierako estutasuna gainditzea lortu du, eta zuloa irekitzen hasi da; hirugarren laurdeneko bosgarren minutuan 14 puntuko errenta lortu du Madrilgo taldeak (42-56). Jaun eta jabe izan da Real Madril hirugarren laurden osoan. Baskonia ezinean ibili da, eta Arabako taldea 13 puntuko desabantailarekin iritsi da azken laurdenera (53-66).

Bazirudien Real Madril aise nagusituko zela, laugarren laurdenaren hasieran ere jaun eta jabe izan baita. Baskoniarentzat partida guztiz maldan gora egon denean, etxeko taldeak lanean jarraitu du, eta bost puntura murriztu du desabantaila (64-69), amaierarako zazpi minutu falta zirenean. Hala ere, Gasteizko taldearen momentu ona azkar moztu du Real Madrilek, lehia bukatzeko bost minutu falta zirenean 11 puntuko errenta erdietsita (64-75). Azken txanpan, Baskonia hiruko jaurtiketen bidez saiatu da desabantaila murrizten, baina Spahijak zuzentzen dituen mutilak ez dira fin ibili jaurtiketetan, talde bisitariak abantaila handitu du, eta Real Madrilek lortu du garaipena (77-85).

Fitxa teknikoa:

77 - Bitci Baskonia (14+22+18+24): Baldwin (26), Fontecchio (16), Giedraitis (6), Peters (9) eta Enoch (2) -hasierako taldea-, Marinkovic (-), Wetzell (3), Granger (10) eta Costello (5).

85 - Real Madril (25+16+25+19): Hanga (18), Causeur (14), Deck (17), Yabusele (2) eta Tavares (23) –hasierako taldea–, Nuñez (-), Poirier (8), Taylor (-) Randolph (-) eta Rudy (3).

Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Jordi Aliaga eta Juan De Dios Oyon. Baldwin kanporatu dute 38. minutuan, bost falta egin dituelako. Teknika adierazi diete Hangari (33. min) eta Baldwini (38. min).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    27 18:00 - 20:00 IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria
    28 22:10 - 00:30 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena