00:05

Baskonia

5. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskonia esku hutsik atera da Asvel Villeurbanneren kantxatik (66-63)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arabarrek lehiaketako hirugarren partida galdu dute, eta bi garaipenekin geratu dira.

  • Asvel Villeurbanneren eta Kirolbet Baskoniaren arteko partidako une bat

    Kirolbet Baskoniak ezin izan du Asvel Villeurbanneren kantxan irabazi

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Baskoniak Euroligako 5. jardunaldia izan du jokoan astearte honetan Asvel Villeurbanneren aurka, eta esku hutsik bueltatu Gasteizera, hiru puntugatik galdu baitu (66-63), atsedenaldira irabazten joan den arren.

Ondorioz, Frantziako taldeak porrotik gabe jarraitzen du bere kantxan, eta 3-2ko balantzea dauka; arabarrek, berriz, lehiaketako hirugarren partida galdu dute, eta bi garaipenekin geratu dira.

Arabarrek bikain ekin diote lehiari, emankor saskiari begira eta defentsako jardunean ere lan ona egiten. Horrek zazpi puntuko aldea ekarri die Perasovicen jokalariei lehen laurdenaren amaieran (16-23).

Ostera, bigarren laurdenean, Gasteizko taldeak bizitasuna galdu du erasoan (13 puntu besterik ez), baina defentsako lanean fin jarraitu du (14 jaso ditu). Ondorioz, sei puntuko aldearekin joan da Baskonia aldageletara (30-36).

Alabaina, Zvedzan Mitrovicen taldea energia gehiagorekin kantxaratu da bigarren zatian, eta laurdenaren erdialdera neurketa berdintzeko gai izan da (39-39). Dena den, Tornike Shengeliaren eta Nik Stauskasen saskiratzeek puntu bakarreko abantaila eman diote Baskoniari bukaerako laurdenean sartu aurretik (48-49).

Azken hamar minutuen hasieran, frantziarrak aurretik jarri dira lehen aldiz partidan (57-51), baina gasteiztarrek ez dute amore eman, eta, atzean sendo agertuta, markagailua estutu dute amaierara iristeko 2:50 falta zirenean (63-61).

Hortik aurrera, norgehiagoka berdintzeko abaguneak agertu dira Baskoniarentzat, baina ez dute erabaki zuzenik hartu jokaldi garrantzitsuetan. Azken aldera, Luca Vildozak asmatu ez dituen hiruko bi jaurtiketek neurketa bereganatzeko aukera guztiak uxatu ditu.

Tonye Jekiri izan da etxekoen jokalaririk onena, 16 puntu eta 11 erreboterekin. Berarekin batera Antoine Diotek ezarritako joko erritmoa eta eta Matthew Strazel gaztearen hirukoak nabarmendu dira.

Baskoniaren aldetik, Shengelia kapitainak hartu du taldearen gidaritza, baina georgiarrak lortutako 25 puntuko balorazioa ez da nahikoa izan, ez baitu taldekideengandik behar adina laguntza jaso, Youssoupha Fallen 11 puntuak besterik ez.

Fitxa teknikoa:

66 - LDLC Asvel Villeurbanne (16+14+18+18): Taylor (-), Jackson (4), Kahudi (3), Jean-Charles (2) eta Jekiri (16) –hasierako bostekoa–, Lomazs (2), Galliou (-), Noua (-), Diot (10), Bako (11), Lighty (9) eta Strazel (9).

63 - Kirolbet Baskonia (23+13+13+14): Henry (3), Stauskas (5), Shields (2), Shengelia (17) eta Eric (4) –hasierako bostekoa–, Vildoza (9), Janning (3), Diop (2), Fall (11), Garino (6) eta Polonara (1).

Epaileak: Christos Christodoulou (Grezia), Fernando Rocha (Portugal), Ersan Kartal (Turkia). Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena