11:09

Bilbao Basket

FIBA-REN TXAPELDUNEN LIGA

Bilbao Basketek UCAM Murtziaren aurka galduta esan dio agur Europari (67-71), garrantzirik gabeko neurketan

EITB MEDIA

Bilboko taldeak ez zuen Txapeldunen Ligan jarraitzeko aukerarik, eta aurkariak, aldiz, bermatuta zuen sailkatzea. "Beltzezko gizonek" zazpi puntuko aldea izan zuten azken laurdenean, baina ezin izan zioten eutsi, eta, azkenean, galdu egin zuten norgehiagoka.

  • Adam Smith, UCAM Murtziaren aurkako partidako jokaldi batean. Argazkia: @bilbaobasket.

    Adam Smith, UCAM Murtziaren aurkako partidako jokaldi batean. Argazkia: @bilbaobasket.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Surne Bilbao Basketek 67-71 galdu zuen astearte gauean, Miribillan, UCAM Murtziaren aurka, FIBAren Txapeldunen Ligako partidan. Emaitzak, baina, ez zuen inolako eraginik izan; kontua da Bilboko taldeak ez zuela txapelketan jarraitzeko inolako aukerarik, eta arerioak, aldiz, bermatuta zuen final-laurdenetarako sailkatzea.  

Bilbao Basketen helburua zen Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako faseari ahalik eta ondoen agur esatea, baina "beltzezko gizonek" ezin izan zuten fase honetako bigarren garaipena erdietsi. Azken laurdenean, partida amaitzeko bost minutu baino apur bat gehiago falta zirenean, Bilbao Basket 57-50 ari zen gailentzen, eta ordura arteko alderik handiena zuen, UCAM Murtzia hainbat minutuz markagailuan aurretik izan ostean; Murtziako taldeak, hala ere, Bilbao Basketek baino gehiago asmatu zuen azken minutuetan.

Azkenean, UCAM Murtziaren aldetik, Nemanja Radovic eta David Jelinek izan ziren erabakigarriak. Radovic neurketako jokalaririk onena izan zen; izan ere, 12 puntu sartu eta 11 errebote hartu zituen (23ko balorazioa). Jelinekek 16 puntu egin zituen, eta, gainera, amaitzeko 21 segundo falta zirenean, hiruko saskiratze bikaina eginez, lau puntuko aldea eman zion bere taldeari (65-69).

Bilbao Basketen, Michale Kyser ibili zen ondo, 14 puntu sartu eta 6 errebote hartu baitzituen (17 puntuko balorazioa), eta Adam Smithek eta Georgios Tsalmpourisek 14 eta 11 puntu egin zituzten, hurrenez hurren.

Jokalari garrantzitsu batzuk ez ziren partidan aritu. Bilbao Basketen, arazo fisikoak tarteko, Ludde Hakanson; eta UCAM Murtzian, berriz, Thad McFadden, James Anderson eta Sadiel Rojas.

Fitxa teknikoa

67 - Surne Bilbao Basket (17+11+17+22): Radicevic (10), Smith (14), Rabaseda, Sulejmanovic (6) eta Kyser (14); Ubal (2), Alonso, Reyes (7), Andersson (2), Tsalmpouris (11), Rosa (1) eta Barandalla.

71 - UCAM Murtzia (22+13+12+24): Bellas (4), Klavzar (4), Jelinek (16), Radovic (12) eta Pustovyi (3); Trice (10), Andronikashvili (4), Falk, Luther (4), Diop (7) eta Sakho (7).

Partzialak: 17-22, 28-35 (atsedenaldia); 45-47 eta 67-71 (azken emaitza).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena