Bilbao Basket
TXAPELDUNEN LIGA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilbotarrek 60-92 azpiratu dute Bahcesehir College taldea, eta D multzoko lehen postua ziurtatu du Txapeldunen Ligako multzoen fasea bukatzeko jardunaldi baten faltan.
Bilbao Basket. Argazkia: @bilbaobasket
Surne Bilbao Basketek erakustaldi handia eman du asteazken honetan Turkian, eta erabateko nagusitasunez irabazi dio Bahcesehir Collegeri Istanbulgo Ülker Sports and Event Hall kantxan (60-92). Horrela, D Multzoko lehen postua eurena izango dela ziurtatu dute bilbotarrek, Txapeldunen Ligako 16 talde onenen hurrengo kanporaketara zuzenean sailkatzeko eskubidea aitortzen diona, hain justu.
Izan ere, lortutako garaipenarekin tarteko kanporaketa jokatu behar izatea ekidin dute 'beltzezko gizonek'. Aitzitik, play-in izeneko tarteko kanporaketa horiek jokatu beharko dituzte txapelketa osatzen duten zortzi multzoetako bigarren eta hirugarren sailkatuek, hurrengo fasean egon ahal izateko.
Partidari dagokionez, Bilbao Basketen jokalari guztiek egin dute ekarpena, jokatu duten 12 jokalariek lortu baitute saskiratzeren bat, eta apenas eman diote neurketa irabazteko itxaropenik Turkiako taldeari.
Estatistikari so eginez, Jaume Ponsarnauren mutilen jardun borobilaren buru izan dira Jeff Withey (13 puntu, 8 errebote eta 23ko balorazioa), Emir Sulejmanovic (16, 5 eta 19) eta Michale Kyser (11, 5, 2 tapoi eta 14) barruko jokalariak, saskiratze errazak, baina ondo landuak lortu dituztenak. Ludde Hakanson (10, 5 asistentzia eta 14) eta Adam Smith (9, 8 asistentzia eta 13) joko-antolatzaileek ere oso ondo zuzendu dute taldea.
Rabasedak ireki du markagailua, baina Bahcesehirrek erantzun ona eman dio, eta 7-3 aurreratu da lehen laurden parekatu batean. Dena den, Sulejmanovicek 7-8koa lortu duenetik, bilbotarrak nagusi izan dira norgehiagokan.
Hasieratik nabari izan da Bilbao Basket oso eroso zegoela kantxan; alabaina, etxekoak saiatu dira bizkaitarrek ihes egin ez zezaten, eta bere xedea lortu dute lehen unetan (12-13). Baita gerora ere, Ponsarnauren taldeak alde egiteko lehen ahalegin serioak egin dituenean (14-20, 16-23), baina turkiarrek eutsi egin diote lehen laurdenaren amaieran (18-23), eta are gehiago bigarren laurdenaren lehen erdian (26-27).
Aitzitik, bigarren laurdenean bilbotarrek lortutako 0-8ko partzialak eragin du neurketa Bilbao Basketen alde erabakitzen hastea (26-35). Partzial hori 6-15ekoa izateraino iritsi da laurden horren amaieran (32-42), eta neurketa erabat hautsita geratu da hirugarren laurdeneko lehen bost minutuetan, markagailuko tartea 20 punturaino hazi denean (38-58).
Turkiarrek susperralditxoa eduki dute (43-58), baina Ponsarnauk bere taldea lasaitu du hutsarte batekin, eta hirugarren laurdena 24 puntuko abantailarekin bukatu da (46-70). Azken hamar minutuetan sartu direnean, argitu beharreko zalantza bakarra jipoia noraino iritsiko zen jakitea zen. Une batez 34 puntukoa ere izan da (48-82), lehia amaitzeko 6:23ren faltan. Azkenerako, 60-92ko emaitzarekin gailendu da Bilbao Basket.
Fitxa teknikoa:
60 - Bahcesehir College (18+14+14+14): Hall (4), Jamar Smith (13), Arslan (12), Gist (1) eta Boutsiele (8) -hasierako bostekoa-, Shepherd (5), Ozmirak, Baygül (3), Blazic (8), Candan, Savas (4) eta Ozdemir (2).
92 - Surne Bilbao Basket (23+19+28+22): Hakanson (10), Adam Smith (9), Rabaseda (3), Sulejmanovic (16) eta Withey (13) -hasierako bostekoa-, Radicevic (5), Francis Alonso (7), Reyes (8), Andersson (2), Kyser (11), Ubal (4) eta Rosa (4).
Partzialak: 18-23, 32-42 (atsedenaldia); 46-70 eta 60-92 (finala).
Epaileak: Boris Krejic (Eslovenia), Beniamino Manuel Attard (Italia) eta Martin Vulic (Kroazia). Baygül kanporatu dute faltengatik (32. min).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa