Bilbao Basket
Multzoen fasea, 4. jardunaldia
A. B. E. | EITB Media
Bilboko taldeak 81-84 galdu du multzoen faseko laugarren jardunaldiko norgehiagoka, baina D multzoko lehen postuan mantentzen da.
Withey (Bilbao Basket) sakiratu nahian Djordjevic (Igokea) aurkariaren aurrean. Argazkia: EFE
Surne Bilbao Basketek galdu egin du Igokearen aurka 81-84ko emaitzarekin asteazken honetan (azaroak 30) Bilbao Arenan jokatu duen Txapeldunen Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldiko partida.
Lehen porrota jaso du Bilboko taldeak txapelketa honetan. Hala ere, Bilbao Basketek D multzoko lehen postuan jarraitzen du Bahcesehir Koleji taldeak baino garaipen bat gehiagorekin.
Estreinako laurdena parekatua izan da. Bilbao Basketek lau puntuko errenta erdietsi du (9-5) hasieran, baina Bosnia-Herzegovinako taldea nagusi izan da azken txanpan, eta talde bisitariaren aldeko 19-25eko emaitzarekin amaitu dira lehen hamar minutuak.
Desabantaila murriztu du Bilbao Basketek bigarren laurdenari ekitearekin batera; puntu bakarrera gerturatu da lehenengo, eta lehia berdindu du ondoren (39-39). Atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan, ordea, Igokea nagusi izan da (41-46).
Eromena izan da nagusi atsedenalditik bueltan. Bilbao Basketek aldeak txikitu ditu, Igokeak berriz zuloa ireki du markagailuan, baina Bilboko taldeak aurrea hartzea lortu du (57-56). Norgehiagoka estutu egin da, baina aurreko bi laurdenetan gertatu bezala, hirugarrenaren amaieran ere hobeto jokatu du Igokeak, eta 0-9ko partziala eskuratuta zortzi puntuko abantailarekin (57-65) ekin dio azken laurdenari.
Bosnia-Herzegovinako taldea nagusi izan da laugarren laurdenaren hasieran. Zuloa ireki du Igokeak, 16 puntuko errenta eskuratuta (60-76). Bazirudien partida erabakita zegoela eta Bilbao Basketek ez zuela aukerarik, baina Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak ez du etsi, eta lau puntura hurbildu da (78-82) azken txanpan. Baina Bilbao Basketen erantzuna beranduegi heldu da. Azkenean, Igokea garaile (81-84).
Fitxa teknikoa:
81 - Surne Bilbao Basket (19+22+16+24): Radicevic (5), Francis Alonso (5), Rabaseda (2), Rosa (2) eta Kyser (8) -hasierako taldea-; Ubal (11), Adam Smith (14), Reyes (14), Sulejmanovic (7), Andersson (2) eta Withey (11).
84 - Igokea m:tel (25+21+19+19): Ray (8), Crawford (17), Delalic (3), Tanaskovic (13) eta Djordjevic (16) -hasierako taldea-; Kondic (3), Waller (10), Josilo (6) eta Maric (8).
Partzialak: 19-25, 41-46 (atsedenaldia); 57-65 eta 81-84 (amaiera).
Epaileak: Yohan Rosso (Frantzia), Saverio Lazarini (Italia) eta Anastasios Kardarios (Grezia). Dragan Bagic (31. min) kanporatu dute, bi teknika adierazita.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa