Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota
Pilota
Zesta-Punta
EITB MEDIA
Bikote lapurtarrak ezustekoa eman du Goikoetxea-Lopez faboritoak bi setetan gainditu eta finalerako txartela lortuta.
Albisteak (1)
Erkiaga-Sorozabal eta Laduche-Basque bikoteek Jai Alai League txapelketako lehen txapela izango dute jokoan urriaren 16an Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko den final handian.
Jaialdiari hasiera eman dion finalerdian, Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek Johan Sorozabal eta David Minvielleren aurka neurtu dituzte indarrak.
Lehengo setak bi zati oso ezberdinak izan ditu. Lehenengoan, Erkiaga eta Gorka Sorozabal jaun eta jabe izan dira, peloteoan zein errebotean. Horrela, zazpi tantoko zuloa zabaldu dute markagailuan (13-6). Baina gorriek seta irabazteko dena alde izan dutenean iritsi da urdinen erreakzioa. 0 eta 4ko partzialari esker, 13-11 hurbildu dira, azken tanto horretan ordura arte bikain aritu den Erkiagaren huts handia baliatuz.
Johan Sorozabal eta David Minvielle partida iraultzear izan diren arren, lehen seta gorriek eraman dute azkenean, 15 eta 11ko emaitzarekin.
Bigarren seta erabat diferentea izan da, Johan Sorozabal berpiztu egin baita aurreko koadroetan. Ez du zerikusirik izan lehenengo setean ikusitako zalantzaz betetako puntistarekin. Jokoa oso orekatua joan da, bederatzi berdinketa izan dira markagailuan: azkena, 13 tantora. Azkenen 13 eta 15 urdinak nagusi, eta hirugarren seta jokatu behar izan dute.
Eta hirugarren set horretan erabaki da urriaren 16ko finalerako txartela. Gorriak 4 eta 1 aurreratu dira, eta eurek lortu duten graipena azkenean, 5 eta 3ko emaitzarekin.
Ezustekoa, bigarren finalerdian
Bigarren finalerdian, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez gipuzkoarrak nor baino nor gehiago aritu dira Ludovic Laduche eta Thibault Basque lapurtarren aurka.
Lehen setetik ezustekoa izan da, aurreikuspenak ez baitira bete. Bikote urdina gorria baino gehiago izan da, kantxan hobeto kokatuta eta lotsarik gabe jokatuta. Goiko eta Lopez, aldiz, ezin asmatu aritu dira, jokoa garatu eta erritmoari eutsi ezinda. Horrela, urdinak 7 eta 11 aurreratu dira lan erdietan, baina gorriek ez dute amore eman eta 12 eta 13 tantora berdindu dute partida. Azkenean, baina, seta urdinentzat izan da, merezita: 13-15.
Gorriak bigarren seta irabaztera behartuta izan dira, hirugarrena behartu eta finala jokatu ahal izateko, baina ez da horrelakorik gertatu. Laduchek ederto eusti dio Goikori aurrean, eta Basquek beste horrenbeste egin du Lopezekin atzean; bikain aritu da atzelari lapurtarra partida osoan. Seta 6 tantora berdindu ostean, urdinek berriro hartu dute aurrea, eta abantaila erosoak izan dituzte: 8-13 eta 10-14. Azkenean, 11 eta 15 gailendu dira.
Ondorioz, Ludovic Laduchek eta Thibault Basquek jokatuko dute urriaren 16ko final handia. Aurrean, Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal izango dituzte.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa