kirolak
29. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Borja Sainz eta Martin Aguirregabiria gazteen golek hiru puntuak eman dizkiote talde babazorroari.
Alaveseko jokalariak lehendabiziko gola ospatzen. Argazkia: EFE
Albisteak (4)
Borja Sainzen eta Martin Agirregabiriaren golek urrezko hiru puntu eman dizkiote Alaves sendo bati, ideia gutxi agertu duen Realaren aurka, LaLigako Santanderreko 29. jardunaldian.
Talde gasteiztarreko bizkaitarrarentzat gorengo mailan lortzen duen lehendabiziko gola izan da 58. minutuan erdietsi duena da. VARak esku hartu behar izan du jokaldi horretan, epaileak baliogabetu egin baitu hasiera batean. Azken txanpan, 96. minutuan, Martin Agirregabiria arduratu da partida erabakita utzi duen gola sartzeaz. Emaitza horrekin etxekoek eskura dute mailari eusteko aukera; Imanol Alguacilen taldea, ordea, Txapeldunen Ligako postuetatik atera da.
Alavesek asko zaildu dizkio Realari aurrera egiteko eta jokoa sortzeko zituen asmoak, etengabeko presioa eginda. Hala, donostiarrek horizontalean jokatzera behartuta ikusi dute euren burua. Dena den, neurketako lehen aukera argia txuri-urdinena izan da, 10. minutuan. Januzajen erdiraketa gurutzatu batean, Mikel Oyarzabalek ezin izan du bere burukada behar bezala bideratu Robertoren atera.
Gasteiztarren hiru zutoinen arteko lehen jaurtiketa Lucas Perezen oinetatik heldu da, 13. minutuan, etxekoek lapurtutako baloi batean, baina Alex Remirok, ondo kokatuta, arazo handirik gabe gelditu du.
Partidaren nondik norakoak bide beretik jarraitu du. Realak baloia bereganatu nahi zuen, eta, bitartean, Alaves gipuzkoarren atzetik zebilen, baloia berreskuratu eta joko bertikala egiten saiatzeko, Joselu Matoren eta Lucas Perezen bila.
Alabaina, Imanol Alguacilen mutilek ezin izan dute etxekoen ate eremura iritsi, babazorroek lan handia egin baitute defentsan, eta, horrez gain, geldikako jokaldiak baliatu dituzte aurkaria estu hartzeko. Horren adierazle da atsedenaldiaren atarian Lucas Perezek falta zuzen batean egindako ahalegina, baina baloia aurkariaren ate gainetik joan da. Ondorioz, berdinduta iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren oso antzekoa izan da. Alavesek bi aldiz errematatu du buruz Joseluren bitartez, geldikako bi jokalditan, eta, handik gutxira, Borja Sainzek, ligan sartutako bere estreinako golarekin, aurretik jarri du Asier Garitanoren taldea, Lisandro Magallanen aldaratze bat aprobetxatuta.
Aitzitik, ospakizuna ez da berehalakoa izan, Jaime Latre epaileak baliorik gabe utzi baitu gola lehen unean, jokoz kanpoa zelakoan. Ostera, VARak zuzendu egin du erabakia eta gola eman du, Magallanen kokapena egokia zela iritzita.
Horren aurrean, Imanolek lau aldaketa egin ditu kolpera, taldearen irudia goitik behera aldatzeko xedearekin. Haatik, txuri-urdinek erreakzionatu gabe jarraitu dute, eta, tarte horretan, Lucas Perezek Remiroren ezker zutoinaren aurka bidali du baloi bat, arabarrek eskuin hegaletik egindako jokaldi azkar batean.
Agerikoa izan da, aldaketek ez dutela izan Imanolek bilatzen zuen eraginik. Gainera, bere taldea bat gutxiagorekin geratu da, Zalduak lehiako bigarren txartel horia ikusi duenean.
Hori bai, handik gutxira parekatu egin dira berriro indarrak, Tomas Pinari ere txartel hori bikoitza atera baitio epaileak. Hortik eta amaierara arte, Alavesek asko sufritu du bere aldea defendatzeko, baina, azkenerako, Martin Agirregabiriak 2-0ekoa erdietsi du norgehiagokako azken minutuan, eta garaipena etxean gelditu da.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Roberto, Ximo, Laguardia, Magallán, Duarte; Luis Rioja (Martín, 90. min), Tomás Pina, Camarasa (Pons, 94. min), Borja Sainz (Édgar, 83. min), Joselu eta Lucas Pérez (Fejsa, 90. min).
0 - Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz (Le Normand, 64. min), Llorente (Gorosabel, 94. min), Aihen, Zubeldia, Odegaard (Portu, 64. min), Zurutuza (López Alcaide, 64. min), Januzaj, William José (Isak, 64. min) eta Oyarzabal.
Golak: 1-0, 59. min: Borja Sainz. 2-0, 96. min: Martin Agirregabiria.
Epailea: Jaime Latre. Zaldua (Reala) eta Pina (Alaves) kaleratu ditu, bakoitzari bi txartel hori atera ostean. Gainerako txartel horiak honako jokalari hauek ikusi dituzte: Duarte (Alaves); Llorente eta Elustondo (Reala).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa