Txapeldunen Liga
Final-zortzirenak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PSGk Liverpool mendean hartu zuen penaltietan (4-1), eta Bartzelonak 3-1 irabazi zion Benficari. Bayern Munichek eta Inter Milanek ere final-laurdenetarako txartela eskuratu dute, Bayer Leverkusen (0-2) eta Feyenoord (2-1) garaituta, hurrenez hurren.
Liverpool eta PSGren arteko partidako irudia. EFE
Paris Saint-Germainek Txapeldunen Ligako final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratu zuen asteartean, Liverpool penaltietan menderatuta (0-1 amaitu zen partida, eta penaltien ostean, 4-1). Bayern Munich eta Inter Milan ere hurrengo errondan dira, Bayer Leverkusen (0-2) eta Feyenoord (2-1) garaituta. Bartzelona ere sailkatu da, Benficari etxean 3-1 irabazita.
Joanekoan huts eta bateko abantailarekin etxeratu zen Liverpool Printzeen Parketik. Ingalaterrako taldea aurrea hartzen ahalegindu zen Anfielden, neurketa hasi bezain pronto, Nuno Mendesek moztutako Mohamed Salahren erremate batekin. Hala eta guztiz ere, 12. minutuan, Ousmane Dembélék baloia sarearen hondora bidaltzea lortu zuen, eta Frantziako taldea aurretik jarri zen. Emaitza horrekin iritsi ziren amaierara; beraz, luzapena jokatu behar izan zuten. Horrekin ere ez zenez egoera aldatu, penaltietan erabaki zuten kanporaketa, PSGri final-laurdenetara sailkatzea ahalbidetu zion lau eta batekoarekin.
BayArenan, Bayern Munich izan zen nagusi Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenen aurka (0-2), eta final-laurdenetarako sailkatu zen. Joanekoan ere irabazi zion. Harry Kane (52. min) eta Alphonso Davies (70. min) izan ziren golegileak. Hala, Vincent Kompanyren gizonek Inter Milan izango dute aurkari, Italiakoek Feyenoord kanporatu baitzuten (2-1) joan den astean Herbehereetan etxeratutako garaipena berretsita. Marcus Thuramek sartu zuen Interren lehen gola, 8. minutuan, area kanpotik egindako jartiketa batekin, baina Feyernoordek atsedena baino lehen partida berdindu zuen penaltiz, Jakub Moderi esker. Ondoren, Inter Milanen aldeko penalti batek eman zion behin betiko garaipena.
Azkenik, Bartzelonak Benfica Txapeldunen Ligatik kanpo utzi zuen, Lluis Companys Olinpiar Estadioan jokatutako itzulikoan (3-1). Final-laurdenetan, Alemaniako Borussia Dortmund ala Frantziako Lille izango dute arerio. Kataluniako taldeak joanekoan Lisboan sartutako golaren abantailarekin ekin zion norgehiagokari, eta kanporaketa lehen zatian utzi zuen erabakita: Lamine Yamal eta Raphina (2) izan ziren golegileak; bisitarien gola, ostera, Nicolas Otamendik sinatu zuen.
Hurrengo zuzenekoak
22 |
![]() |
PILOTA | B Serieko finala: Egiguren V-Bikuña vs Salaberria-Gaskue |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa