00:20

Txapeldunen Liga

Final-laurdenak (itzulikoak)

Manchester Cityk eta Inter Milanek eskuratu dituzte Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartelak

A. B. E. | EITB Media

Interrek Benfica kanporatu du eta Cityk Bayern utzi du txapelketatik at. Beraz, Real Madril eta Manchester City lehiatuko dira finalerdi batean, eta Inter Milan eta Milan ariko dira nor baino nor gehiago bestean.

  • Haaland

    Haaland, Manchester Cityko jokalaria, Bayerni sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Manchester Cityk eta Inter Milanek poltsikoratu dituzte Txapeldunen Ligako finalerdietarako azken txartelak asteazken honetan, apirilaren 19an, Bayern Munich eta Benfica kanporatuta, hurrenez hurren. Ondorioz, erabakita geratu dira txapelketako finalerdiak: Cityk Real Madril izango du aurkari eta Interrek derbia jokatuko du Milanen kontra.

Inter Milanek eta Benficak Giuseppe Meazza estadioan jokatu dute final-laurdenetako itzuliko partida. Italiako taldeak 0-2ko abantaila lortu zuen joanekoan, eta itzulikoan 3-3 berdinduta egin du aurrera.

Benficak erasokor ekin dio asteazken honetako neurketari, gola azkar sartzeko asmoz aurkaria urduritu eta kanporaketa estutzeko. Lisboako taldeak abagune argiak izan ditu lehen hamar minutuetan, baina ez du Interrek babestutako ate aurrean asmatu, eta Milango taldeak sartu du lehiako lehen gola 14. minutuan; Barellak Vlachodimos atezaina gainditu du area kanpotik egindako jaurtiketarekin (1-0). Hala ere, Benficak ez du etsi, eta atsedenaldira iritsi aurretik banakoa jarri du markagailuan; Aursnes izan da golegilea.

Atsedenaldiaren ostean, 65. minutuan, Lautarok gola sartu du Interrentzat (2-1). Hala, kanporaketa oso maldan gora jarri zaio Benficari. Gainera, 13 minutu geroago, Correak beste gol bat sartu du etxeko taldearentzat (3-1). Kanporaketa erabakita geratu da Interren hirugarren gol horrekin; ez, ordea, norgehiagoka. Benficak azken minuturaino jarraitu du borrokan. Portugalgo taldeak borrokatuz esan nahi izan dio agur Txapeldunen Ligari, eta azken minutuetan bi gol sartuta partida berdintzea lortu du: Antonio Silvak jarri du 3-2koa markagailuan, eta Musak 3-3koa, azken minutuan. Azkenean, kanporaketa Interren aldeko 5-3ko emaitzarekin bukatu da.

Bestalde, Allianz Arenan (Munich) Bayern Munich eta Manchestr City ibili dira nor baino nor gehiago. Ingalaterrako taldeak 3-0 menderatu zuen Alemaniakoa joaneko neurketan, eta abantaila handiarekin ekin dio itzulikoari.

Bayern, baina, bizi atera da berdegunera, zaleen aurrean erakustera dena emango dutela. Baloiaren jabe izan da Alemaniako taldea, eta golak sartzeko abagune argiak ere izan ditu, baina ez da Municheko taldeko aurrelarien egun onena izan. Atsedenaldira heldu aurretik, epaileak Cityren aldeko penaltia adierazi du Upamecanok eskuarekin jo baitu baloia area barruan. Haalandek jaurti du penaltia, eta langa gainetik kanpora bidali du baloia.

Bigarren zatiari itxaropentsu ekin dio Bayern Munichek. Itxaropenak, ordea, ez dio asko iraun Alemaniako taldeari, 57. minutuan Haalandek gola sartu baitu (1-0); norvegiarrak pase sakona jaso, aurkariak atzean utzi, eta area barrutik Sommer atezaina gainditzea lortu du. Haalanden golak erabakita utzi du kanporaketa. Hala ere, Bayernek beste ahalegin bat egin du, eta markagailuan 1-1ekoa jartzea lortu du 83. minutuan, Kimmichek penaltiz sartutako golari esker. Horrela amaitu da partida, banakoarekin, eta Manchester Cityk egin du aurrera, kanporaketa 4-1 irabazita.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena