Txapeldunen Liga
FINAL-LAURDENAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hondarribiko entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak 1-1eko emaitza lortu zuen Bayern Munichen aurka, eta joaneko partidan lortutako emaitza (1-0) baliatu zuen Txapeldunen Ligako hurrengo fasera pasatzeko. Bestalde, talde zuriak porrota jaso zuen Bernabeun (2-3) Chelsearen aurka.
Chukwueze Vila-realen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Vila-realek bere historiako lorpen handienetakoa izan zuen atzo, asteartea, Txapeldunen Ligako final-laurdenetan Bayern Munich kanporatuta (1-1, joanekoan, eta 1-2, globalean), Samu Chukwuezeren golari esker, Allianz Arenan arauzko denbora amaitzeko hiru minutu falta zirenean.
Alemanak jaun eta jabe izan ziren neurketan, batez ere lehen zatian, eta abantaila hartu zuten 52. minutuan, Robert Lewandowskik Thomas Müllerren pasea baliatuta egindako golari esker.
Julian Nagelsmannen taldeak finalerdietarako txartela emango zion golaren bila jarraitu zuen, baina Vila-real nagusitu eta kontraerasoa sarriago bilatzen hasi zen, eta baita saria lortu ere 88. minutuan.
Parejok erdiratutako baloiak Gerard Morenoren oinetan amaitu zuen, eta Chukwueze eskuin hegalean markarik gabe aurkitu zuen. Aurrelari nigeriarrak ez zuen huts egin area barruan, eta gau historikoa eman zion Castelloko taldeari.
Fitxa teknikoa:
1 - Bayern: Neuer; Pavard, Upamecano, Lucas Hernández (Davies, 87. min); Kimmich, Goretzka; Sané, Musiala (Gnabry, 82. min), Müller (Choupo Moting, 90. min), Coman; eta Lewandowski.
1 – Vila-real: Ruli; Foyth, Albiol, Pau Torres, Estupiñán; Coquelin (Churkweeze, 85. min), Capoue, Parejo, Lo Celso, Gerard Moreno eta Danjuma (Pedraza, 85. min)
Golak: 1-0, 52. min: Lewandowski. 1-1, 88. min: Chukwueze.
Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia). Txartel horiak: Lewandowski (Bayern) eta Foyth (Vila-real).
Benzema Chelsearen aurkako gola spatzen. Argazkia: EFE
Bestalde, Real Madril ere agonia luzea igarota sailkatu zen atzo Txapeldunen Ligako finalerdietarako Santiago Bernabeun 2-3 galduta Chelsea talde ingeles handiaren aurka. Chelseak 120 minutu jokatzera behartu zuen, eta kanporaketa esku-eskura izan zuen, azken minutuetan kale egin arren.
Talde madrildarrak asko sufritu zuen kanporaketaren itzuleran egungo txapeldun handi eta ausart baten aurka. Izan ere, Thomas Tuchelen taldea 0-3 irabazten zihoan 79. minutuan, eta une horretan sailkatuta zegoen joaneko partidan 1-3 bukatu baitzuten.
Hala ere, Modricek sortutako kalitatezko txinparta bati esker, Rodrygok gola egin zuen, eta horri esker lortu zuen Carlo Ancelottiren taldeak partida luzapenean erabakitzea. 96. minutuan Benzemak buruz sartutako golak eman zion Madrilgo taldeari kontinenteko txapelketa nagusiko finalerdiak jokatzeko txartela (31. aldiz), baina asko sufrituta sailkatu da oraingoan.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Alaba, Nacho (Lucas Vazquez, 88. min). Mendy (Marcelo, 78. min); Casemiro (Rodrygo, 78. min), Kroos (Camavinga, 73. min), Modric, Fede Valverde; Vinícius (Ceballos, 115. min) eta Benzema.
3 - Chelsea: Mendy; James, Thiago Silva, Rüdiger, Marcos Alonso; Kanté (Ziyech, 100. min); Kovacic (Jorginho, 106. min), Mount; Loftus-Cheek (Saul, 106. min), Werner eta Havertz.
Golak: 0-1, 15. min: Mount. 0-2, 51. min: Rüdiger. 0-3, 75. min: Timo Werner. 1-3, 80. min: Rodrygo. 2-3, 96. min: Benzema.
Epailea: Szymon Marciniak (POL). Txartel horia atera die Real Madrileko Benzema (37. min), Valverde (68. min), Camavinga (92. min) eta Carvajal (118. min) jokalariei, eta Chelsea taldeko James (10. min), Ziyech (102. min), Havertz (109. min), Azpilicueta (114. min) eta Tuchel (114. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa