Txapeldunen Liga
5. jardunaldia
A. B. E. | EITB Media
Vila-realek porrota jaso du Manchester Unteden aurka (0-2) eta Sevillak bere lehen garaipena erdietsi du aurtengo Txapeldunen Ligan, Wolfsburgo mendean hartuta (2-0). Bayernek bostetik bost garaipen bildu ditu, Dinamo Kievi irabazi baitio.
Chelseako jokalariak Juventusi sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Txapeldunen Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko neurketak jokatu dituzte astearte honetan E, F, G eta H multzoetako taldeek. Ikuskizuna izan da nagusi, eta partida bakarra amaitu da golik gabe.
Jardunaldiko norgehiagoka handian, Chelseak Juventus jipoitu du (4-0) Stamford Bridge estadioan. Ondorioz, Ingalaterrako taldea da H multzoko liderra, 12 punturekin. Italiarrek ere 12 puntu dituzte, baina bigarren postuan daude, elkarren arteko neurketen emaitza Chelsearen aldekoa baita. Lidergoa izango dute jokoan azken jardunaldian. Multzo honetako beste partidan, Malmök eta Zenitek berdindu egin dute (1-1), eta talde errusiarrak Europa Liga jokatzeko aukera ziurtatu du.
Manchester Unitedek final-zortzirenetarako txartela lortu du Vila-real 0-2ko emaitzarekin garaituta. Horrenbestez, United da F multzoko liderra, 10 punturekin; Vila-real bigarren postuan dago, 7 punturekin. Hirugarren da Atalanta (6 puntu), Young Boysen (4 puntu) aurka 3-3 berdindu baitu astearte honetan. Vila-realek Atalanta izango du aurkari azken jardunaldian, final-zortzirenetarako txartela jokoan dutela, baina Emeryk zuzentzen duen taldeak nahikoa du berdinketa aurrera egiteko.
E multzoan, Bartzelonak golik gabe berdindu du Benficarekin (0-0) Camp Noun, eta ezin izan du final-zortzirenetarako txartela ziurtatu. Bayern Munichek garaipena lortu du Dinamo Kieven aurka (1-2), eta, ondorioz, alemaniarrek 15 puntu dituzte multzoen fasean jokatu dituzten bost partidak irabazita. Barça dago bigarren postuan, 7 punturekin, eta hirugarrenak, Benficak, 5 puntu ditu. Kataluniarrek Bayern izango dute aurkari azken jardunaldian, eta Benfica Dinamo Kieven (1 puntu) kontra arituko da.
Multzoen faseko bost jardunaldi behar izan ditu Sevillak aurtengo Txapeldunen Ligan garaipena lortzeko. Julen Lopeteguik zuzentzen duen taldeak irabazi egin dio Wolfsburgori (2-0). G multzoko beste norgehiagokan, Lille nagusitu da Salzburgoren aurkako lehian (1-0). Multzoa gori-gori dago: Lille da liderra (8 puntu), Salzburgo (7 puntu) da bigarren, Sevilla (6 puntu) hirugarren eta Wolfsburgo (5 puntu) laugarren.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa