08:56

Txapeldunen Liga

Finalerdien joanekoa

Liverpoolek erakustaldia eman du (5-2) eta beste mirari bat egitera behartu du Erroma

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Liverpoolek talde italiarra azpiratu du Anfielden, baina erromatarrek bizirik jarraitzen dute azken txanpan sartu dituzten bi golei esker, 5-0 galtzen joan baitira.

  • Mohamed Salah, gaueko protagonista nagusia. Argazkia: EFE

    Mohamed Salah, gaueko protagonista nagusia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Liverpoolek Erroma azpiratu du (5-2) astearte honetan jokatu den Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan. Jürgen Kloppek zuzentzen duen taldeak bikain jardun du, batez ere bere aurreko hirukoari esker. Mohammed Salah ikusgarri aritu da bi gol eta beste horrenbeste goleko pase emanez. Roberto Firmino brasildarrak ere bi gol sartu ditu eta Sadio Manek egin du azkena. Italiarrek norgehiagokaren azken txanpan itxuratu dute emaitza, Edin Dzekoren eta Diego Perottiren eskutik. Azken horrek penaltiz egin du gola.

Aurrelari egiptoarraren aginte-makilapean etxekoek kanporaketa esku-eskura zutela zirudien (5-0 joan dira irabazten lehia bukatzeko hamar minuturen faltan), baina Eusebio di Francescoren aginduetara dauden erromatarrek ez dute amorerik eman, eta Bartzelonaren aurka lortu zuten miraria errepikatzen saiatuko dira bueltakoan.

Partidak intentsitate handia izan du hasierako minutuetan, eta talde biek pilatu dituzte gol-aukerak. Alabaina, lehen zatiaren erdialdea igaro ostean (35. minutuan), Salahek parekotasuna apurtu du, baloia ezkerrez jota italiarren ateko angelutik sartuta. Handik hamar minutura, kontraeraso batean, Liverpooleko aurrelariak gaueko bere bigarrena erdietsi du, Alisson atezainaren irteera baloia loratuz gaindituta.

Firminok eta Manek zuloa handitu dute, eta Dzekok eta Perottik, itxaropena eman

Bigarren zatia hastearekin bat, etxekoen nagusitasuna areagotu egin da. Manek, gaueko bere hirugarren aukera garbian, baloia sare barrura eraman du, Salahen pase bat baliatuta. 3-0ekoak ez ditu Liverpooleko jokalariak asebete, eta gehiagoren bila joan dira.

Hala iritsi dira Firminoren bi golak: lehendabizikoa, Salahek ate aurrean eme-eme jarri dion baloiari behar zuen bultzada emanda; bigarrena, korner batean buruz jota.

Kanporaketan inolako zereginik ez zuela zirudienean, Erromak bizirik eta itxaropen apurrekin jarraitzeko ahalmena ematen dioten bi gol lortu ditu azken txanpan. Dzekok Nainngolanen erdiraketa on bat aprobetxatu du aldea murrizteko 81. minutuan, eta, lau minutu geroago, Perotti arduratu da epaileak bere taldearen alde adierazitako penaltia behar bezala aprobetxatzeaz.

Fitxa teknikoa:

Liverpool 5: Karius; Alexander-Arnold, Lovren, Van Dijk, Robertson; Henderson, Oxlade-Chamberlain (Wijnaldum, 17. min), Milner; Mané, Salah (Ings, 73. min) eta Firmino (Klavan, 93. min).

Roma 2: Alisson; Manolas, Fazio, Juan Jesús (Perotti, 66. min); Florenzi, De Rossi (Gonalons, 66. min), Strootman, Kolarov; Ünder (Schick, 46. min), Nainggolan; eta Dzeko.

Golak 1-0, 35. min, Salah. 2-0, 45. min, Salah. 3-0, 55. min, Mané. 4-0, 61. min, Firmino. 5-0, 68. min, Firmino. 5-1, 81. min, Dzeko. 5-2, 85. min, Perotti (p.).

Epailea: Felix Brych (Alemania). Txartel horiak: Alexander-Arnold, Lovren eta Henderson (Liverpool); Juan Jesús eta Fazio (Erroma).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena