Reala
2-2, Valladoliden aurka
Erredakzioa
Antoine Griezmannek Realaren bi golak eskuratu ditu, baina Valladolidek partida berdintzeko asko sakatu du, eta Oscarrek 2-2koa jarri du markagailuan.
Valladolid-Reala. Argazkia: EFE
Gipuzkoako taldeak denboraldiko aurreneko puntua lortu du, etxetik kanpora. Realak 2-2koa lortu du Valladoliden aurka Jose Zorrilla estadioan Antoine Griezmannen bi golei esker, eta sailkapenean hamalaugarren postuan gelditu da. Griezmannek txuri-urdinen bi golak lortu ditu, baina Oscarrek berdinketaren gola lortu du, 74. minutuan.
Philippe Montanierren mutilek neurketako aurreneko aukera 2. minutuan izan dute, baina Chory Castoren jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Valladolidek gogor sakatu du erasoan, eta Realak defentsa sendotu egin behar izan du Bergararen laguntzarekin. Djukicen taldeak lehenengo abagune argia falta jaurtiketa baten izan dute, baina Eberten saiakera Zubikaraik bikain desbideratu du.
Lehenengo zatiko 31. minutuan Ebertek urruneko jaurtiketa ona egin du, eta Realeko atezainak baloia bi alditan gelditu behar izan du. Txuri-urdinak larri ibili direnean, Griezmannek 0-1ekoa jarri du Jose Zorrilla estadioko markagailuan. Frantziako jokalariak korner batean aldaratzea ederki aprobetxatu du, eta Donostiako taldeak markagailuan aurrea hartu du. Eñaut Zubikaraik, atedenaldia heldu aurretik gelditu ikusgarria egin behar izan du, baina 43. minutuan Ebertek berdinketaren gola eskuratu du, urruneko jaurtiketa batekin (1-1).
Bigarren zatiko aurreneko minutuetan Realak asko sakatu du erasoan, eta Griezmannek langara jaurti du baloia, 47. minutuan. Montanierren mutilek Valladolid atzean sartu dute, eta 57. minutuan Antoine Griezmannek 1-2koa jarri du markagailuan. Frantziarrak urruneko jaurtiketa batekin gainditu du Dani Hernandez, eta txuri-urdinek markagailuan aurrea hartu dute berriro.
Valladolidek gogor presionatu du 1-2koaren ostean, baina abagune argia oso gutxi izan dira. Hala ere, Oscarrek berdinketaren gola lortu du, 74. minutuan Zubikarai buruz gain gaindituta (2-2). Djukicen mutilek azkeneko minutura arte gogor sakatu dute erasoan, baina Realak ederki eutsi du defentsan. Neurketako azkeneko abagunea Jose Angelek izan du, baina Danik gelditu ikusgarriarekin desbideratu du baloia. Azkenean, 2-2koarekin, puntu bakarra eskuratu du Donostiako taldeak Jose Zorrilla estadioan.
- Fitxa teknikoa:
2 - Valladolid: Dani Hernandez; Rukavina, Rueda, Marc Valiente, Balenziaga; Ebert, Alvaro Rubio (Neira, 65. minutua), Victor Perez, Omar (Bueno, 60. minutua); Oscar eta Guerra.
2 - Reala: Zubikarai; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Illarramendi, Griezman (Pardo, 78. minutua); Castro (Jose Angel, 73. minutua), Vela (Prieto, 66. minutua), eta Agirretxe.
Golak: 0-1: 36. minutua, Griezmann. 1-1: 43. minutua, Ebert. 1-2: 56. minutua, Griezmann. 2-2: 75. minutua, Oscar.
Hurrengo zuzenekoak
16 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko Serie B Finala: Bakaikoa vs Larrazabal |
17 | 23:00 - 01:00 | BOXEOA | Espainiako Txapelketak |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa