Reala
Superkopa
EITB MEDIA
Alejandra Bernabek egin du gola, eta Natalia Arroyoren taldeak igandeko finala jokatuko dute. Reala ondo ibili da, eta argi irabazi du, nahiz eta emaitza estua izan da.
Bernabek sartu du Realaren gola, eta txuri-urdinak finalean dira. Argazkia: EFE.
Realak Sporting Huelva garaitu du asteazkenean, 1-0, Alejandra Bernabek sartutako golari esker, Superkopako finalerdian, eta, ondorioz, igandeko finalerako sailkatu da. Natalia Arroyoren taldea ondo ibili da Meridako Romano Jose Fouto zelaian, eta argi irabazi du, nahiz eta emaitza estua izan. Realak Bartzelona edo Real Madril izango du aurkari.
Talde gipuzkoarra ia hasieratik izan da aurkaria baino gehiago, eta, nahiz eta markagailuan izan duen abantaila ezin izan duen handitu, ez du estutasunik izan eusteko eta finalerako txartela ziurtatzeko. Sporting Huelva sendo ibili da atzealdean, eta ez dio Arroyoren taldeari eroso jokatzen utzi, baina Realak aise menderatu du zelai erdia, eta eskuratutako garaipen garrantzitsua merezi izan du.
Lehen zatian, horrela, Realak hartu du jokoaren kontrola, eta arerioa baino sarriago gerturatu da areara. Natalia Arroyoren taldeak abiadura eman dio jokoari, Sporting Huelvaren atzealdea irekitzeko asmoz; talde andaluziarra, baina, ondo ibili da defentsa lanetan, eta gol aukera gutxi izan dira. Hala, ematen zuen Realak zuela hurbilago lehen gola, Sporting Huelvak baino.
Inpresio hori erabat baieztatu da bigarren zatian. Atsedenaldia amaituta, Realak indartu egin du erasoaldia, eta Bernabe eta Gaby aurreneko gola sartzeko aukera onak izan dituzte lehen laurdenean. Azkenean, 64. minutuan, Bernabek bidali du baloia sareetara; madrildarra neurketako jokalaririk onenetakoa izan da, eta Realari eman dio talde gipuzkoarrak merezi zuen gola.
Azken minutuetan, Realak baloiaren jabetzari eutsi dio, eta aukera gehiago ere izan ditu bigarrena jartzeko Romano Jose Foutoko markagailuan. Ez da hala izan, baina txuri-urdinek garrantzitsuena bermatu dute: Superkopako finalerako sailkapena. Finala igandeko 12:00etan jokatuko du Realak, historian bigarren aldiz, eta txapelketa honetako lehen titulua eskuratzeko aukera izango du.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete Para; Le Guilly, Tejada, Vanegas, Bernabé; Eizaguirre (Sarriegi, 82. min.), Arnaiz, Gili; Gabilondo (Jensen, 60. min.), Garcia eta Franssi.
Sporting Huelva: Ashurst; Kühn, Balleste, Ojeda (Ana, 84. min.), Carrasco; Edgren (Lopez, 84. min.), Castello, Balcerzak, Hagman; Agustsdottir (De Teresa, 63. min.) eta Simonsson.
Gola: 1-0, 64. min., Bernabe.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa