Reala
15 urte txuri-urdin gisa
agentziak | erredakzioa
Talde txuri-urdineko kapitainak lesiotik osatu eta zelaitik agur esatea besterik ez du buruan.
Albisteak (3)
Denboraldi bukaeran futbola uzteko arrazoiak azaltzeko asmoz Xabi Prieto Realeko kapitainak asteazken honetan eman duen prentsaurrekoan baieztatu duenez, "oso harro" doa hamabost urteren buruan lortutakoaz, eta ziur dago garai egokia zela agur esan eta atzetik datozen gazteei bide emateko.
"Zeharo eskertuta nago. Egun pozgarria da, hamabost urtez hainbeste maite dudan lanbide honez gozatzeko aukera izan baitut txikitatik amestu nuen taldean. Pribilegiatu bat sentitzen naiz. Joan zen urtean zalantzak izan nituen, baina merezi zuen jarraitzea, baina argi neukan aurtengoa azken urtea izan behar zela. Jakin egin behar da alde egin eta agur esaten, eta oso harro egiten dut", adierazi die hedabideei.
Xabi Prieto (34 urte) babesten bere taldekideak eta Jokin Aperribay presidentea egon dira Anoeta estadioan egin den ekitaldian, non jokalariak bere ametsetako zenbait bete dituen: hala nola, Realaren elastikoarekin partida gehien jokatu dituen bosgarren jokalaria izatea, horietako batzuk Txapeldunen Ligan.
Adierazi duenaren arabera, duela hilabete batzuetatik argi zeukan alde batera egin behar zuela. "Joan zen denboraldian kontratua berritu nuenetik, banekien aurtengoa azkena izango zela, zerbait berezia gertatu behar zuen hala ez izateko. Hala jakinarazi nion presidenteari orain dela gutxi, damutzeko arriskurik ez izateko, baina etxean bazekiten azken denboraldia izango zela. Hori da zuzenena", azaldu du.
Lesionatuta dagoen jokalari donostiarraren esanetan, bere asmo bakarra lesiotik osatu eta futbol-zelaitik agur esatea da, hots, prentsaurreko instituzionala ez izatea azken agurra. "Erabaki hau hartzeak hausnarketa handia eskatzen du, ez dago bero-beroan hartuta. Une honetan sendatu eta zelaitik agurtzea besterik ez daukat buruan. Hori da nire ametsa eta gehien gustatuko litzaidakeena".
Talde bakarreko jokalaria
Talde bakarrean jokatu duen adibide gisa alde egingo du Prietok. "Norberak maite duen taldean maitatua sentitzen zarenean, asebeteta zaude. Nire ametsa ez zen futbolaria izatea, baizik eta Realeko jokalaria izatea. Hori egiteko zortea izan dut, baita desiratutakoa baino gehiago izatea ere. Orain Reala kanpotik ikusiko dut, nire bazkide-eserlekutik edota ahal dudan tokitik", azaldu du.
Nahiz eta fisikoki futbolean jokatzen jarraitzeko moduan ikusten den, nabari utzi du ez duela zalantzarik bere erabakiari buruz. "Uzteko garaia zela sentitzen nuen, nahiz eta faltan botako dudan zerbaiti agur esaten diodan jakin. Zubietara joan eta nire taldekideak ikusi ase egin nau, baina modu naturalean hartzen dut".
Horrez gain, berarentzat ohore bat litzateke harrobiko norbaitek bera eredutzat hartzea bere urratsak jarraitzeko bidean. "Harrotasunez betetzen nau harrobiko jokalariek ilusioa izatea nik lortu dudana erdiesteko", azpimarratu du.
Bere etorkizunaren harira, ez du berehalakoan bere burua ikusten Realean postu bat izaten. "Ez dut nire burua ez entrenatzaile gisa, ez presidente gisa ikusten. Ez dut nahi leku batean egon bertako jokalaria 15 urtez izan naizelako. Toki batean egoteko, prestatu egin behar zara. Momentuz, nire etorkizuna ahalik eta arinen osatzean datza", errepikatu du.
Aperribay: "Egun tristea"
Bere aldetik, Jokin Aperribay Realeko presidenteak aitortu duenaren arabera, "egun tristea" da klubarentzat kapitainak agur izateagatik. "Xabi, zelaian zu ez ikustea arraroa izango da guztiontzat. Realeko jokalari bat izatea nahi duguna zara, harrobikoa. Eredu bat zara eta izango zara", goraipatu du.
"Lagundu egin duzu, bandera eraman duzu, Reala Bigarren Mailatik Txapeldunen Ligan jardutera eraman duzu. Denborak aurrera egin ahala, ikusiko da zu bezalako jokalariek zer diren", jarraitu du Aperribayk. "Egun tristea da Realarentzat, baina espero dugu harrobiko gazteak jakitun izatea zure bidea jarraituta taldea goian egongo dela", gaineratu du.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | ETB KANTXA: Jaka-Iztueta vs Zabala-Rezusta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa