Reala
4-0
REDACCIÓN
Realak aise garaitu du Rosenborg Anoetan: 4-0. Diego Llorente (bi aldiz), Zurutuza eta Skjelvik (bere atean) izan dira partidako golegileak.
Diego Llorente Realaren gol bat ospatzen. Argazk: EFE
Realak gol asko sartuta ekin dio Europa Ligako multzoen faseari, lehenengo zati oso on bat jokatu ostean mailarik eman ez duen Rosenborg taldearen aurrean (4-0).
Donostiarrak Europan azken aldiz jokatu zutenetik hiru denboraldi igaro eta gero, su batean atera dira epaileak hasierako txistua jo duenetik, zaleen gozamenerako, eta denboraldi hasiera honetan erakusten ari diren jokoa eta eraginkortasuna azaldu dituzte beste behin ere.
Lehenengo bost minutuetan, bi aldiz gerturatu dira aurkarien atera, eta Anoetan ikusi den futbol onaren iragarle izan dira. Goitik behera menderatu dute Rosenborg, gaurkoan kamuts aritu baita Norvegiako taldea.
Gola zortzigarren minutuan iritsi da. Asier Illarramendik ezkerkada bortitza jaurti du, eta Diego Llorentek Andre Hansen atezainaren aldaratzea harrapatu eta baloia sare barrura bota du.
Jarraitzaile txuri-urdinak gola ospatzen ari zirenean iritsi da bigarrena. Xabi Prietok maisutasunez eman dio pasea David Zurutuzari, eta hark Anoeta poz batean jarri du, baloia buruarekin indar handiz astindu eta sarera bidalita.
Zurutuza, bere gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak ez dio azeleragailua zapaltzeari utzi, nahiz eta igandean Real Madrilen bisita hartuko duen. Emaitza erosoa zen, jokoaren kontrola berea zuen, baina Rosenborgek azaldu duen gehiegizko errespetuak gol gehiago bilatzera bultzatu ditu donostiarrak.
Hartara, hirugarrena Xabi Prietoren beste pase batek ekarri du. William Jose bakarrik zegoela ikusita, baloia hari bidali dio, erdiraketa bikaina eginez, baina pasea Skjelvik Rosenborgo zentralak jo, eta bere ate barrura bidali du, baloia alderatzeko ahaleginean.
Bigarren zatian, etxekoak norgehiagoka kontrolatzen ibili dira, norvegiarrei kalte gehiago egin nahi gabe, eta, orduan, Rosenborgek aukera batzuk izan ditu gola sartzeko, Tronsdsenek bigarren zati horren hasieran izandakoa kasu.
Adegbenro nigeriarrak egindako jaurtiketa gaizto bati erantzun aparta eman dio Rullik, eta horrek txuri-urdinak iratzarri ditu. Azken txanpan berriro hartu dute mendean Rosenborg, eta orduantxe iritsi da Diego Llorenteren bigarren gola, norgehiagoka apartari bukaera ederra emateko.
L multzoko beste norgehiagokan, Vardarrek jipoi galanta jaso du etxean Zeniten aurka (0-5).
Fitxa teknikoa:
4 - Reala: Rulli; Odriozola, Elustondo, Llorente, De la Bella; Zurutuza (Zubeldia, 76. min), Illarramendi, Xabi Prieto (Juanmi, 57. min); Vela, Canales, Willian Jose (Jon Bautista, 67. min).
0 - Rosenborg: Andre Hansen; Hedenstad, Reginiussen, Skjelvlic, Meling; Jensen, Trondsen, Konradsen (Lundemo, 60. min); De Lanlay (Heland, 73. min), Bendtner, Adegbenro (Jevtovic, 82. min).
Epailea: Paolo Mazzoleni (Italia). Txartel horiak: Reginiussen.
Golak: 1-0, 8. min: Diego Llorente; 2-0, 11. min: Zurutuza; 3-0, 41. min: Skjelvik (bere atean); 4-0, 77. min: Diego Llorente.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa