Reala
1-1, Malagaren aurka
Erredakzioa
Txuri-urdinek bana (1-1) berdindu dute Malagaren aurka. Talde andaluziarra aurreratu da markagailuan Copen gol bati esker, baina Agirretxek lehia berdintzea lortu du, 81. minutuan.
Agirretxe Malagari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak bana (1-1) berdindu du Malagaren aurka Anoetan. Txuri-urdinek partida kaskarra jokatu duten arren, puntu bat urratzea lortu dute Agirretxek 81. minutuan sartutako golari esker. Puntu banaketa honekin, Reala BBVA Ligako sailkapeneko bederatzigarren postuan geratzen da, 34 punturekin; Malaga, aldiz, hamargarren postuan da, 30 punturekin.
Lehen zatiak abagune oso gutxi izan ditu. Partida nahiko parekatua izan da lehen 45 minutuetan, baina bi taldeetako batek ere ez du besteak baino merezimendu gehiago egin gola sartzeko. Malagak izan du lehen abagunea 5. minutuan, baina Rullik erantzun ona eman dio Juanpiren erremateari. Ondoren, 21. minutura arte, bi taldeetako bat ere ez da abagunerik sortzeko gai izan. Minutu horretan, Recioren jaurtiketa indartsua gutxigatik kanpora joan da. Realaren erantzuna ez da 30. minutura arte iritsi; Diego Reyesek langara bidali du errematea Pardoren erdiraketa on baten ostean. Bi minutu beranduago, Charles izan da Malagarentzat aukera ona huts egin duena, eta atsedenaldira iritsi orduko Brumak errematea kanpora bidali du.
Bigarren zatiak hasiera motela izan du, eta berriro abagune falta nabarmena izan da, bi taldeen aldetik. Malagak izan du bigarren zatiko lehen abagunea eta talde andaluziarrak ez du barkatu. Rosalesek hegaletik barnekaldi ona egin, pasea eman eta Copek baloia sare barrura bultzatu du (0-1), 57. minutuan.
Gola jaso ostean, txuri-urdinak berdinketaren bila abiatzen saiatu dira, baina asko kosta zaie Kameni atezainak defendatzen duen atean arriskua sortzea. Javi Graciak zuzendutako taldea sendo mantendu da defentsako lanean eta estrategi jokaldietan ere ez dio aukerarik eman Realari. Taldeak erasoan ezer egiten ez duela ikusita, Eusebiok Agirretxe eta Granero zelairatu ditu, berdinketaren gola bilatzeko asmoz. Agirretxe abenduaren 30ean lesionatu zen, eta ez du partida honetara arte jokatu. Reala ezinean ibili da Malagaren aurka, baina 81. minutuan partida berdintzea lortu du talde txuri-urdinak. Eta nor izan da golegilea? Bada, Imanol Agirretxe. Areara loratuta etorri den baloia Xabi Prietok buruz ukitu eta Agirretxek boleakada sare barrura bidali du (1-1). Malagako jokalariek jokoz kanpoko posizioa eskatu dute, baina Undiano Mallenco epaileak ez du ezer adierazi, eta gola legezkoa izan da.
Partidako azken minutuetan Reala erasokor ibili da, eta nagusi izan da Malagaren aurrean. Dena den, Eusebiok zuzentzen duen taldeak jokoa baino gogo gehiago erakutsi du. Txuri-urdinek ez dute Malagaren atea arriskuan jarri azken txanpan, ezta Malagak Realarena ere. Ondorioz, bana berdinduta (1-1) amaitu da Anoetako lehia.
Fitxa teknikoa:
1.- Reala: Rulli; Zaldua, Mikel Gonzalez (Granero, 73. min), Iñigo, Yuri; Ruben Pardo, Diego Reyes, Xabi Prieto; Bruma (Agirretxe, 73. min), Vela eta Oyarzabal.
1.- Malaga: Kameni; Ricca, Albentosa, Weligton, Rosales; Juanpi; Recio, Pablo, Horta (Filipenko, 70. min); Cop (Duda, 83. min) eta Charles (Santa Cruz, 89 min).
Golak: 0-1, 57. min: Duje Cop. 1-1, 81. min: Agirretxe.
Epailea: Undiano Mallenco.
diano Mallenco.Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa