Reala
1-2
Erredakzioa
Arrasateren taldea indartsu zelairatu den arren, Almeriak egin du partidako aurreneko gola eta garaipena eskuratu du azkenean.
Albisteak (2)
Realak porrota jaso du Almeriaren aurka (1-2) Anoetan, BBVA Ligako 4. jardunaldian.
Jagoba Arrasateren taldea indartsu zelairatu da, eta Carlos Velak 2. minutuan izan du partidako aurreneko gol-aukera, baina baloiak langan jo du. Almeriaren jokoa ere ona zen, baina arriskua eta abaguneak etxekoenak ziren.
Agirretxek Reala markagailuan aurretik jartzeko beste gol-aukera bat izan du 8. minutuan, baina Canalesen erdiraketa kanpora bidali du aurrelari txuri-urdinak. 24. minututan, 0-1ekoa saihestu du Ruben atezainak. Agirretxeren errematea aldaratu du, eta jarraian Prietorena.
Joko eta aukerak Reala jartzen ari zen, baina gola Almeriak lortu du, 29. minutuan. De la Bellak bere atean sartu du, Zubikarairen akats baten ostean (0-1).
Atsedenaldira heltzeko lau minutaren faltan, gutxigatik ez du Velak neurketa berdindu. Mexikarrak ezkerrarekin jaurti du eta baloiak sarea ukitu du, baina kanpotik.
Bigarren zatia hasi eta berehala, langara bidali du baloia Hemedek. Aurreneko abisua izan da, eta 52.ean 0-2koa egin du Almeriak. Verzak korner bat atera du, eta Dos Santosek buruz gainditu du Zubikari, Realeko atzelarien hutsegitea baliatuta.
Hortik aurrera Realak gola izan du helburu, baina Franciscok entrenatutako taldeak ez du amore eman eta hirugarrena egiteko lanean jarraitu du. Hori lortzeko pare bat aukera izan du Hemedek, baina Zubikaraik baloia aldaratzea erdietsi du. Almeria hamar gizonekin geratu da 78.ean, Estrada Fernandez epaileak txartel gorria atera baitio Dubarbierri sarrera itsusia egiteagatik.
84. minutuan markagailuan hurbildu da talde donostiarra, Chory Castrok sartutako gol ederrari esker (1-2). Bost minutu geroago, partida berdintzeko zorian izan da Ruben Pardo. Errioxarrak zuzenean jaurti du falta bat, eta baloiak zutoinean jo du. Azkenean, Almeriak eskuratu ditu Anoetako hiru puntuak.
Fitxa teknikoa:
1.- Reala: Zubikarai; Zaldua (Carlos Martinez, 70'), Elustondo, Iñigo Martinez, De la Bella; Markel Bergara (Ruben Pardo, 67'), Granero, Xabi Prieto, Canales (Chory Castro, 59'); Agirretxe eta Carlos Vela.
2.- Almeria: Ruben Martinez; Ximo Navarro, Trujillo, Mauro Dos Santos, Dubarbier; Verza, Thomas, Azeez, Edgar (Thievy, 76'); Zongo eta Hemed (Fran Velez, 80').
Golak:
0-1, 28': De la Bella (bere atean).
0-2, 50': Mauro Santos.
1-2, 84': Chory Castro.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa