Reala
Real Madrilen aurka
Erredakzioa
Talde madrildarra aurreratu da markagailuan (0-2), baina Iñigo Martinez, Zurutuza (2) eta Carlos Vela jokalarien golekin, hiru puntuak eskuratu dituzte txuri-urdinek.
Jokalari txuri-urdinak, gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Realak ligako bere aurreneko garaipena eskuratu du Real Madril, Anoetan, mendean hartuta (4-2). Maldan gora jarri zaio neurketa etxeko taldeari, baina markagailuari buelta eman eta hiru puntuak erdietsi ditu.
Ancelottiren taldea jaun eta jabe izan da partidako lehen 35 minutuetan. Sergio Ramosek estreinatu du markagailua, 5. minutuan, korner batean Zubikarai buruz gaindituta. Lau minutu geroago, bigarrena sartzeko zorian izan da Camaseko jokalaria, baina bere jaurtiketak langan jo du.
Baina 0-2koa berehala lortu dute zuriek, 10.ean. Modricek Bale jokalariari eman dio baloia, eta honek Elustondo atzean utzi eta sarea zulatu du. Gol ederra.
Arrisku handiko jokaldiak sortzen jarraitu du Real Madrilek, baina Realak gutxigatik ez du gola egin, 26. minutuan. Sergio Ramos izan da Graneroren gola saihestu duena. 35.ean markagailuan hurbildu dira txuri-urdinak, korner batean: Xabi Prietok baloia orraztu du lehen zutoinean, eta bigarrenean Iñigo Martinez zegoen sarea zulatzeko (1-2). Atsedenaldira heldu aurretik, 40. minutuan, norgehiagoka berdindu du Zurutuzak, De la Bellaren erdiraketa bikaina buruz errematatuta.
Real Madrilek erabat galduta egin dio aurre bigarren zatiaren hasierari, eta Realak, bitartean, hirugarren gola egitea zuen helburu. Eta 64.ean lortu du: Xabi Prietok eskuinetik erdiratu du, eta Zurutuzak ez du Casillasen aurrean kale egin (3-2).
Amaierara heltzeko hamabost minutu falta zirenean, laugarren gola egin dute Jagoba Arrasateren gizonek. Korner batean izan da, Carlos Velak baloia ondo kokatu du (madrildarrek eskuarekin egin duela eskatu dute) eta ezkerrarekin jaurti du.
Ostegunean porrot mingarria jaso zuen Realak Kransnodarren aurka, eta Europa Ligatik at geratu zen, baina Anoetan lortutako garaipenari esker konfiantza berreskuratuko dute txuri-urdinek.
Fitxa teknikoa:
4.- Reala: Zubikarai; Zaldua, Elustondo, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Granero, Xabi Prieto (Mikel Gonzalez, 82'), Zurutuza; Chory Castro (Canales, 58') eta Agirretxe (Carlos Vela, 58').
2.- Real Madril: Casillas; Marcelo, Pepe, Sergio Ramos, Carvajal (Arbeloa, 76'); Kroos, James, Modric (Khedira, 75'), Isco; Bale eta Benzema.
Golak:
0-1 5': Sergio Ramos.
0-2, 10': Bale.
1-2, 35': Iñigo Martinez.
2-2, 40': Zurutuza.
3-2, 64': Zurutuza.
4-2, 74': Carlos Vela.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa