Reala
BBVA Liga
Leire Etxazarra | eitb.com
Ancelottiren taldea gehiago izan da eta merezita eraman ditu hiru puntuak. Illarramendik, Balek, Pepek eta Moratak sartu dituzte golak.
Albisteak (2)
Zigor handiegia hartu du Realak Anoetan. Arrasateren taldeak 0 eta 4 galdu du Real Madrilen aurka. Partidako lehen ordu erdia kenduta, Ancelottiren gizonak jaun eta jabe izan dira.
Lehen zatian donostiarrak erasora atera dira, jokoan kontrolpean izan dute, eta Real Madrilek ezin izan du bere ohiko jokoa egin. 16. minutuan Realak lehen abisua eman du: Carlos Velaren erremateak zutoinean jo du, baina epaileak jokaldia baliorik gabe utzi du, mexikarra jokoz kanpo zegoela erabakita.
22. minutuan iritsi da gipuzkoarren aukerarik argiena. Carlos Velak ezker hegaletik erdiratu du, eta Griezmannen burukada gutxigatik joan da kanpora, langa laztanduta. Jagoba Arrasateren taldearen minuturik onenak izan dira.
Baina, gutxinaka-gutxinaka, Real Madril suspertzen hasi da, eta Realaren presioa gainetik kentzea lortu du. Errazago eta maizago iritsi dira Claudio Bravoren inguruetara. Horrelako batean iritsi da zurien gola: Benzemak area barrutik jaurtiketa egin du, indartsu; Claudio Bravok baloia aldentzea lortu du, baina Asier Illarramendik baloia jaso eta zuloa egin du talde ohiaren atean. Gol psikologikoa izan da gainera, atsedenaldirako minutu bakar bat baino ez zen falta eta.
Bigarren zatia Real Madrilena izan da. Partiduak aurrera egin ahala, gainera, donostiarrak zelaitik desagertuz joan dira. Jokoa abian jarri eta berehala Sergio Ramosek langara bidali du baloia buruz. Etortzeko zegoenaren aurrerapena izan da.
Handik gutxira Benzemak ere langa jo du baloiarekin, areaz kanpotik egindako jaurtiketan.
Bravoren hutsa eta Balen gola
Partidaren norabidea erabaki duen jokaldia 66. minutuan iritsi da: Claudio Bravok huts galanta egin du, baloia aurkariari oparitu dio eta Gareth Balek 0 eta 2koa egin du, jaurtiketa ikusgarri baten bidez. Kolpe handia hartu dute donostiarrek.
Ancelottiren taldeak eroso jokatu du, zulorik gabe. Reala, aldiz, ezinean aritu da, ideiarik gabe, eta Vela eta Griezmann desagertuta ibili dira. 80. minutuan Pepek partida erabakita utzi du, hirugarren gola sartuta. Laugarrena 88.ean egin dute madrildarrek. Morata izan da golegilea.
Partida osoa kontuan hartuta, gol gehiegi hartu dituzte txuri-urdinek. Hala ere, ez dute inoiz neurketa irabazteko gai direla agertu.
Fitxa teknikoa:
0 - Reala: Bravo; Carlos Martínez, Mikel (Rubén Pardo, 73. min), Iñigo Martínez (Ansotegi, 17. min), José Ángel; Bergara, Elustondo, Zurutuza (Agirretxe, 62. min); Canales, Griezmann eta Vela.
4.- Real Madril: Diego López; Carvajal, Pepe, Sergio Ramos, Nacho; Modric, Illarramendi, Xabi Alonso (Casemiro, 86. min); Isco (Di María, 80. min), Bale (Morata, 85. min) eta Benzema.
Epailea: Hernández Hernández (kanariarra). Mikel, Markel, Iñigo Martínez, Illarramendi eta Xabi Alonso jokalariei txartel horia atera die.
Golak: 0-1, 45. min: Illarramendi. 0-2, 66. min: Bale. 0-3, 84. min: Pepe. 0-4, 88. min: Morata.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa