Reala
2-1, Leverkusenen aurka
Erredakzioa
Rolfesek egin du 1-0ekoa, eta Velak partida berdintzea lortu du bigarren zatian (1-1). 91. minutuan Hegelerrek gol ikusgarria sartu, eta garaipena eman dio Bayer Leverkuseni (2-1).
Realeko jokalariak burumakur bigarren gola hartu ostean. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Realak porrot mingarria jaso du Bayer Leverkusenen aurka Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian. 2-1eko emaitzarekin galdu du talde txuri-urdinak BayArenan. Alemaniarrek, 91. minutuan sartu du garaipenaren gola.
Partida hasieran Bayer Leverkusen izan da jaun eta jabe, eta etxeko taldeak abaguneak sortu ditu. Bravok erantzun ona eman dio Sonen jaurtiketari bigarren minutuan, Wollscheidek 8. minutuan egindako areaz kanpoko jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, eta Bravok alemaniarren gola eragotzi du, 19. minutuan Rolfesen jaurtiketa indartsuari erantzun bikaina emanda. Minutu bat geroago Keisslingen errematea zutoina urratuta kanpora joan da.
Realak ezer gutxi egin du lehen minutuetan, eta 23. minutura arte ez du arriksurik sortu Leno atezainaren ate inguruan. Bayer Leverkuseneko atezainak erantzun ona eman dio Griezmannen falta jaurtiketa on bati, eta 31. minutuan atezainak aurrea hartu dio Seferovici aurrelari txuri-urdinaren errematea eragotzita. Lehen zatiaren amaieran, ordea, etxeko taldea nagusi izan da. Sonek abagune argia izan du 36. minutuan, baina ez du asmatu, eta 40.ean Rolfesen jaurtiketa kanpora joan da Bravok egindako huts baten ostean. Partida atsedenaldira iristear izan denean iritsi da Bayer Leverkusenen gola. Bravok erantzun ona eman dio Rolfesen lehen erremateari, baina ezin izan du ezer egin talde alemaniarreko jokalariaren bigarren errematean. Etxeko taldearen aldeko 1-0eko emaitzarekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.
Bigarren zatian askoz hobeto jokatu du Realak. Ez da zaila izan talde txuri-urdinak lehen zatian egin duena hobetzea. Bigarren zatiko lehen abagunea, ordea, Bayer Leverkusenek izan du, baina Sonek barkatu egin du Bravoren aurrean. Jarraian, 50. minutuan, Hilbertek falta egin dio Velari area barruan, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du. Velak jaurti du penaltia, Lenok jaurtiketa desbideratu du, baina Realeko jokalari mexikarrari iritsi zaio aldaratzea, eta baloia sare barrura bidali du (1-1).
Gola sartu ostean gora etorri da Reala, baina kamuts ibili da aurkariaren atea aurrean. Elustondok abagune ona izan du 57. minutuan, baina area barrutik egin duen jaurtiketa gora joan zaio. Ondoren, Vela bakarrik geratu da Lenoren aurrean, baina atezainak erantzun bikaina eman dio jokalari txuri-urdinaren erremateari.
Realak barkatu egin du partida erabakita uzteko aukera izan duenean, eta Bayer nagusi izan da azken minutuetan. Arriskua sortu dute alemaniarrek azken txanpan, eta Reala estu eta larri ibili da. Partidako 91. minutuan, talde txuri-urdineko jokalariek falta egin dute area ertzean, eta Hegelerrek gol ikusgarria sartu du (2-1). Amaieran, garaipen baliotsua eskuratu du Bayer Leverkusenek.
Fitxa teknikoa:
2 - Bayer Leverkusen: Leno; Hilbert, Wollscheid, Toprak, Boenisch (Can, 69. min); Bender, Reinartz, Rolfes; Sam (Hegeler, 85. min), Kiessling eta Son (Kruse, 68. min).
1 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Elustondo, Bergara, Zurutza (Ros, 90. min); Vela, Griezmann (Chory Castro, 84. min), Seferovic (Agirretxe, 68. min).
Golak: 1-0, (45. min): Rolfes. 1-1, (51. min): Vela. 2-1, (90. min): Hegeler.
Epailea: Serguei Kasarev.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa