Reala
3-3
Erredakzioa
Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukera galdu du Realak, Betisen aurkako neurketa zoroan berdinketa lortu ostean (3-3).
David Zurutuza eta Beñat. Argazkia: EFE.
Realak eta Betisek berdinketarekin bukatu dute edozein taldek irabazi ahal izan duen Anoetako partida zoroa (3-3). Velaren, Iñigo Martinezen eta Xabi Prietoren golak (azken hori, penaltiz) ez dira nahikoak izan Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko.
Neurketaren hasieran, Txapeldunen Ligan sartzeko gogoak erakutsi ditu Realak. Abagune garbiena Agirretxeren jaurtiketa bat izan da, Velaren pase baten ostean, baina Adrianek urrundu egin du. Antzeko ideiak dituzte bi taldeek zelaian, baina intentsitate handiagoa eman dio Realak jokoari.
10. minutuan, Pabonek oso urrunetik bukatu du Betisen kontraeraso bat, baina gora joan zaio. Berehala, goletik oso gertu egon dira txuriurdinak, baina Xabi Prietok ezin izan du Zurutuzak utzi dion baloia errematatu. 16.ean, Marioren akats baten ostean, abagune oso argia izan du Velak, atezainaren aurrean, baina horrek gelditu egin du.
Etxeko taldea aurkaria baino hobeto aprobetxatu du partidako erritmo altua, jokaldiei azkartasun handiagoa jarriz. Gola sartu ere egin dute, 23. minutuan, baina epaileak baliogabetu du. Griezzman ez zegoen jokoz kanpo.
Beste bi abagune argi izan ditu Realak (batak, Agirretxeren burukadak, Adrianen zutoinean jo du), baina Betisen kontraerasoa bikain bukatu du Molinak. 29. minutuan, Betis aurreratu da, aukerak Realarenak ziren arren.
Markagailua iraultzen saiatu da Reala, baina Betis zelaian erosoago aritu da. Molinaren golaren ostean, Sevillako taldeak gora egin du. Hala ere, Realaren kontraeraso bat izan da lehen zatiko azkena. Inork ez du Carlos Martinezen erdiraketa erematatu, eta Betis hobeto ari zela joan dira aldageletara.
Ezin biziago hasi da bigarren zatia. Betisen bigarren gola sartu du Pabonek, Mikel Gonzalezen akats larri baten ostean. Montanierren mutilek partida galduta zutela zirudienean, Velak beste tanto batekin erantzun du.
Soilik 5 minutu geroago, norgehiagoka berdindu du Iñigo Martinezen burukada batek. Laster, aurretik jarri da Reala. Angel Lopezen zalantzazko penaltia adierazi du epaileak, eta Xabi Prietok sartu egin du, Panelkaren estiloan. Markagailua irauli du Realak (3-2), eta sutan jarri du Anoeta.
Gutxi iraun dio, Betisek neurketa berdindu duelako berriz. 68. minutuan, Pabonen golean bukatu da Kolonbiako futbolariak eta Ruben Castrok egindako jokaldia. Anoetako zoramena jarraipena izan du.
Garaipenetik gertu egon da Reala, jarraian gertatutako bi jokaldietan: Agirretxeren abagunea Mariok atera du, eta, ondoren, bere atean gola sartzetik gertu egon da Amaya. Norgehiagokaren bukaerara arte jarraitu dute erritmo azkarrak eta abaguneak. Agian, gehiago egin du Realak partida irabazteko, baina erne ibili da Betis. Sevillako taldea ere garaipenetik hurbil egon da zenbait momentutan. Saiatu diren arren, puntu bakarrarekin bukatu dute bi taldeek, eta leku berean geratu dira sailkapenean.
FITXA TEKNIKOA
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel, De la Bella; Bergara, Zurutuza (Ruben Pardo, 66. min.), Xabi Prieto (Diego Ifran, 80. min); Griezmann, Vela eta Agirretxe.
Betis: Adrian, Angel, Mario, Antonio, Nacho; Cañas, Beñat (Chica, 82. min.), Campbell (Nono, 66. min.), Juan Carlos (Castro, 63. min.); Pabon eta Molina.
Golak:
0-1, 29. min.: Jorge Molina.
0-2. 48. min.: Pabon.
1-2, 50. min.: Carlos Vela.
2-2, 57. min.: Iñigo Martinez.
3-2, 60. min.: Xabi Prieto, penaltiz.
3-3, 67. min.: Pabon.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa