17:26

Futbola

Paris 2024 - Futbola

Alemaniak eskuratu du brontzezko domina, Espainia penaltiz mendean hartuta

EITB Media

Giulia Gwinnek sartu du alemaniarren gola, bigarren zatian. Alexia Putellasek eskura izan du berdinketa, baina huts egin du partidaren luzapenean jaurtitako penaltia. Horrenbestez, Alemaniako selekzioan jokatzen duen Bibiane Schulze Solano Athleticeko jokalariak brontzezko domina eskuratu du.

  • Giulia Gwinnek jaurti du Alemaniari brontzezko domina eman dion penaltia. Argazkia: EFE

    Giulia Gwinnek jaurti du Alemaniari brontzezko domina eman dion penaltia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alemaniako selekzioak bereganatu du Olinpiar Jokoetako brontzezko domina, Espainia 0-1 mendean hartuta. Alemaniarren gola Giulia Gwinnek sartu du, penaltiz, bigarren zatian. Partidaren luzapenean, epaileak Espainiaren aldeko penaltia adierazi du, baina Berger atezainak gelditu egin du Alexia Putellasen jaurtiketa.

Montse Tomeren taldeak lehen zatian oso ondo jokatu du, eta Alemaniako selekzioa baino gehiago izan da. Aukerarik onenak Espainiak izan ditu. Horren erakusgarri izan dira Tere Abelleirak egindako jaurtiketa ikusgarria -ezustean harrapatu ditu arerioak, erdiraketa espero baitzuten- eta Aita Bonmatik atsedenaldia baino lehen egindako beste bat. Bi kasuetan, baina, baloiak langa jo du.  

Partida kontrolpean izan dute, baina erasoko jokoan ez dute asmatu, eta larrutik ordaindu dute gero. 62. minutuan, Cata Coll atezainak lurrera bota du Gwinn erdilari alemaniarra area barruan, eta epaileak penalti adierazi du. Gwinnek berak jaurti du penaltia, eta baloia sarera bidali du.

Espainia azkeneraino ahalegindu da partida berdintzen, baina ezinezkoa izan zaio Alemaniak defentsan eraiki duten horma zulatzea. 98. minutuan, epaileak beste penalti bat adierazi du; oraingoan, Espainiako selekzioaren aldekoa. Alexia Putellasek jaurti du, baina Berger atezainak baloia gelditu du. Hortxe amaitu da partida.

Horrenbestez, Bibiane Schulze Solano Athleticeko futbolariaren taldeak eskuratu du brontzea; Irene Paredes, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Lucia Garcia euskal herritarrek, berriz, diploma olinpikoa lortu dute. Espainiako emakumeen futbol selekzioak lehen aldiz hartu du parte olinpiar joko batzuetan.

FITXA TEKNIKOA

1- Alemania: Berger; Linder, Hegering, Hendrich, Rauch; Gwinn (Doorsun, 96. min), Popp, Minge, Buhl (Schueller, 46. min); Brand eta Nusken.

2- Espainia: Coll; Oihane Hernandez (Carmona, 72. min), Aleixandri, Codina (Garcia, 85. min), Batlle; Bonmati, Abelleira (Guijarro, 85. min), Putellas; Del Castillo (Caldentey, 72. min), Hermoso eta Paralluelo.

Golak: 1-0, 65. minutua. Gwinnek, penaltiz.

Epailea: Katia Garcia Mendoza (Mexiko). Txartel horia atera dio Cata Colli (65. min).  

Estadioa: Lyongo Groupama Estadioa.

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena