Futbola
Jakinarazpena
EITB MEdia
2023ko Munduko Txapelketa irabazi zuten 23 jokalariek eta beste 18 futbolarik Espainiako Futbol Federazioari adierazi diote ez dutela Espainiako selekzioarekin jokatuko orain arte Federazioan egindako aldaketak nahikoa ez direlako. Beraz, ez dira Montse Tome hautatzailearen deialdian egongo.
Jenni Hermoso, Alexia Putellas eta Irene Paredes, Munduko Txapelketa irabazi ostean. Argazkia: EFE
Emakumezkoen Munduko Txapelketako irabazleek uko egin diote Espainiako selekzioarekin jokatzeari. Hala jakinarazi diote Espainiako Futbol Federazioari munduko txapeldun izan ziren 23 jokalariek, haien ustez Federazioan emandako aldaketak ez direlako nahikoa selekzioan jarraitzeko.
Jokalarien gertuko iturriek EFE agentziari baieztatu diote 41 direla selekzioari uko egiten dieten jokalariak. Munduko txapeldunez gain, beste 18 futbolarik ere adierazi dute ez dutela jokatuko Espainiarekin.
Espainiako selekzioak Nazioen Ligako partidak jokatuko ditu irailaren 22an eta 26an Suediaren eta Suitzaren aurka hurrenez hurren. 2024ko Olinpiar Jokoetarako txartela izango du jokoan Espainiak.
Irailaren 14an jakinarazi zuen Espainiako Futbol Federazioak Montse Tome aurkeztuko duela hilaren 15ean, 16:00etan, eta hautatzaile berriak deialdia eskainiko duela Nazion Ligako partidetarako.
Astean zehar Federazioak jokalariekin hitz egin du munduko txapeldunek titulua bereganatu eta bost egun beranduago adierazi zutelako uko egiten ziotela selekzioaren deialdiei Luis Rubialesek presidente karguan jarraituz gero. Saiatu dira jokalariak konbentzitzen, baina ez dute lortu.
Hasieran, Rubialesek esan zuen karguan jarraituko zuela, eta, ondorioz, Munduko Txapelketa irabazi zuten 23 jokalariek idatzia egin zuten adieraziz selekzioari uko egiten ziotela. Hauexek ziren idatzia sinatu zuten futbolariak: Jennifer Hermoso, Alexia Putellas, Misa Rodriguez, Irene Paredes, Ona Batlle, Mariona Caldentey, Teresa Abelleira, Maria Perez, Cata Coll, Aitana Bonmati, Laia Codina, Claudia Zornoza, Oihane Hernandez, Rocio Galvez, Irene Guerrero, Alba Redondo, Athenea del Castillo, Eva Navarro, Enith Salón, Ivana Andres, Olga Carmona, Esther Gonzalez eta Salma Paralluelo.
Beste jokalari hauek ere atxikitu ziren: Mapi Leon, Patricia Guijarro, Lola Gallardo, Nerea Eizagirre, Ainhoa Moraza, Sandra Paños, Claudia Pina, Amaiur Sarriegi, Leila Ouahabi, Laia Aleixandri, Lucia Garcia, Andrea Pereira, Vero Boquete, Ainhoa Tirapu, Sandra Vilanova, Ana Romero "Willy", Silvia Meseguer, Nagore Calderon, Carmen Arce "Kubalita", Priscila Borja, Natalia Pablos, Susana Guerrero, Larraitz Lucas, Isabel Benito, Amanda Sampedro, Isabel Fuentes, Elisabet Sanchez, Mari Paz Azagra, Vanesa Gimbert, Virginia Torrecilla, Leire Landa, Elisabet Ibarra eta Marta Torrejon.
Munduko Txapelketako sari banaketan Luis Rubialesek Jennifer Hermosori musu eman ondoren, selekzioko talde teknikoko hamaika kidek euren karguak Federazioaren esku utzi zituzten; ez ordea, Jorge Vilda hautatzaileak. Hala ere, hamaika horien artean zegoen orduan bigarren entrenatzailea zen Montse Tome.
Egun batzuk beranduago FIFAk behin-behinekoz kargugabetu zuen Luis Rubiales. Ondorioz, Pedro Rocha Extremadurako Federazioko lehendakaria izan zen bitarteko presidentea.
Rochak hartu zuen lehen erabaketako bat izan zen Jorge Vilda kargugabetzea. Haren ordez Montse Tomek hartu zuen hautatzaile kargua. Ordutik, Federazioa jokalariekin hitz egiten ibili da, baina Rubialesek dimisioa aurkeztu ostean ere ez da aldatu futbolarien jarrera, Federazioan aldaketa sakonagoak aldarrikatzen baitituzte.
Rubialesek Auzitegi Nazionalean deklaratu du ostiral honetan, irailaren 15ean, sexu-erasoagatik eta indarkeriagatik ikertu gisa.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa