Futbola
4-5
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arauzko 120 minutuetan golik egon ez denez, finala 11 metroko puntutik erabaki da, eta Athleticeko atezaina funtsezkoa izan da, bi geldiketa egin baititu.
Unai Simon, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Unai Simonen bi geldiketa eta Mikel Merinoren gol bat penaltietan funtsezkoak izan dira Espainia Nazioen Ligako txapeldun izateko, Kroaziarekin golik gabe berdindu ondoren luzapenera arte joan den partida batean.
Espainiak azken unera arte borrokatu behar izan du Kroaziarren aurka. Hau hobeto hasi da jokatzen, jabetza bereganatuz eta presio handia eginez. Aurkaria presionatu du etengabe, baina ez du jaurtiketekin asmatu.
Kroaziarrek ere sustoren bat eman diote Unai Simoni, batez ere Le Normand eta Laporteren bizkarrean baloi luze bat sartuta.
Balkanetako taldeak ez du gehiago mehatxatu, Perisicen burukada pare bat izan ezik, baina Espainia ere ez da gai izan Livakovic kezkatzeko.
De la Fuentek ez du ezer aldatu bigarren 45 minutuei begira. Espainiari kosta egin zaio aukerak sortzea, baina Asensioren burukada batekin erantzun du talde jokaldi ona eginda.
Rodrik zutoinetik gertu bidali du jaurtiketa indartsu bat. De la Fuentek aulkia mugitzea erabaki du, Ansu Fati eta Joselurekin erasorako indar gehiago sartuta.
Ansu Fatik izan du partidako aukera onena, baina jaurtiketa Perisicek atera du atepetik. Asensiok, eskuinarekin, gurutzatuegi jaurti du beste aukera on batean, eta arauzko denbora agortu egin da.
Denbora osagarrian, Kroaziak energia pixka bat berreskuratu du, baina ezin izan du Espainiako selekzioaren nagusitasuna gainditu. Hala ere, inork ez du golik sartu, eta penaltietan erabaki da azken emaitza.
Unai Simonek bi jaurtiketa desbideratu ditu, eta Aymeric Laporteren hutsa ezerezean geratu da Dani Carvajalek garaipenaren gola sartu duenean.
Fitxa teknikoa
0 - Kroazia: Livakovic; Juranovic, Sutalo, Erlic, Perisic; Brozovic, Modric, Kovacic; Pasalic (Petkovic, 61. min), Ivanusec (Vlasic, 78. min) eta Kramaric (Majer, 91. min).
0 - Espainia: Unai Simon; Jesus Navas (Carvajal, 97. min), Le Normand (Nacho, 78. min), Laporte, Jordi Alba; Rodri, Fabian (Mikel Merino, 78. min), Gavi (Dani Olmo, 87. min); Marco Asensio, Yeremy Pino (Ansu Fati, 66. min) eta Morata (Joselu, 66. min).
Penaltiak: 1-0, Vlasic. 1-1, Joselu. 2-1, Brozovic. 2-2, Rodri. 3-2, Modric. 3-3, Mikel Merino. 3-3, Mayer, huts. 3-4, Asensio. 4-4, Perisic. 4-4, Laporte, huts. 4-4, Petkovic, huts. 4-5, Carvajal.
Epailea: Felix Zwayer (Alemania). Txartel horia atera die Gavi, Nacho, Rodri eta Petkovic jokalariei.
Italiak hirugarren postua lortu du, berriro
Italiak Nazioen Ligako hirugarren postua lortu du, Herbehereak anfitrioia Twente Stadioko zelaian garaituta (2-3), lehen zatian bideratu duen eta bigarrenean kontraerasora itxi duen partidan.
Federico Dimarcoren eta Davide Frattesiren gol goiztiarrek dena jarri dute Italiaren alde. Herbehereek 68. minutuan erreakzionatu dute Bergwijnen golarekin, eta kontraeraso batean, 73. minutuan, Chiesak erabakita utzi duela zirudien arren, Ronald Koemanen selekzioak ez du amore eman, eta Wijnaldumek gola sartu du.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa