Futbola
Eurokopa
Erredakzioa
Mario Balotellik lehenengo zatian lortutako bi golei esker Eurokopako finalerako sailkatu da Italiako selekzioa. Alemaniarren gola Ozilek, penaltiz, lortu du 91. minutuan.
Albisteak (2)
Italiarrek Espainiaren aurka jokatuko dute Eurokopako finala, Alemania finalerdian 1-2 gaindituta. Italiak erakustaldia eman du, eta Alemaniak ezinean ibili da. Mario Balotellik urdinen bi golak lortu ditu aurreneko zatian, eta alemaniarren gola Özilek, penaltiz, eskuratu du 91. minutuan.
Alemania nagusi izan da partidako aurreneko minutuetan, baina germaniarrek ezin izan dute Buffon gainditu. Pirlok langa azpitik atera behar izan du Khediraren errematea (5. minuuta), eta Barzaglik gutxigatik ez du bere atean baloia sartu (12. minutua).
Hala ere, Italiak erasoan ederki jokatu du, eta 19. minutuan Mario Balotellik 0-1ekoa jarri du markagailuan. Cassanoren erdiraketa bikaina sareetara bidali du Manchester City taldeko jokalariak, eta Prandelliren mutilek aurrea hartu dute. Khedirak berdinketa lortzeko abagune ona izan du (35. minutua), baina Buffonek baloia desbideratzea lortu du. Jarraian, Balotellik 0-2koa jarri du markagailuan. Italiako aurrelariak jaurtiketa txokotik sartu du, eta atsedenaldian nagusi izan dira Cesare Prandelliren mutilak.
Bigarren zatian Alemaniak gola lortzeko gogor sakatu du erasoan, baina italiarrak bikain mantendu dira defentsan. Hala ere, Diamanti Cassanoren ordez zelairatu du Prandellik, eta Balotellik hirugarren gola lortzeko abagune aparta izan du. Italiako aurrelariak ezin izan du jaurtiketa ondo bideratu, eta baloia zuzenean kanpora joan da. Reusek falta jaurtiketan aukera ederra izan du, baina Buffonek baloia kornerrera desbideratu du.
Joachim Löw entrenatzaileak Müller Boatengen ordez zelairatu du erasoan gizon gehiago jartzeko. Germaniarrek neurketaren kontrola hartu dute, baina bigarren zatiko aukera onenak Italiak izan ditu. Marchisiok eta Di Natalek bi abagune argi izan dituzte, baina Prandelliren taldeak ezin izan du hirugarren gola eskuratu.
91. minutuan Balzarettik baloia eskuarekin jo du, eta epaileak penaltia adierazi du. Mesut Özilek 1-2koa penaltiz jarri du, baina gola beranduegi lortu dute alemaniarrek. Azkenean, 1-2koarekin Italiak finalerako txartela lortu du.
-- Fitxa teknikoa:
1 - Alemania: Neuer; Boateng (Müller, 72. minutuan), Hummels, Badstuber, Lahm; Khedira, Schweinsteiger; Kross, Özil, Podolski (Reus, 46. minutuan); Mario Gomez (Klose 46. minutuan).
2 - Italia: Buffon; Balzaretti, Barzagli, Bonucci, Chiellini; Marchisio, Pirlo, De Rossi, Montolivo (Motta, 63. minutuan); Cassano (Diamanti, 57. minutuan) eta Balotelli (Di Natale, 70. minutuan).
Golak: 0-1, 20. minutuan: Balotelli; 0-2, 36. minutuan: Balotelli. 1-2, 90. minutuan: Özil, penaltiz.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa