Futbola
Finalerdia
Erredakzioa
Vicente Del Bosqueren mutilek bigarren aldiz jarraian jokatuko dute Eurokopako finala. Neurketa 0-0 bukatu da, eta penaltietan Cesc Fabregasek gol erabakigarria lortu du.
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Espainiako selekzioak Eurokopako finala jokatuko du igandean. Del Bosqueren mutilek Portugal penaltietan kanporatu dute Cescen gol erabakigarriarekin, eta finala Alemania-Italia finalerdiko garailearen aurka jokatuko dute.
Vicente Del Bosquek Alvaro Negredo erasoan jarri du aurreneko zatian, baina Espainiak ezin izan du Paulo Bentoren taldea gainditu. Neurketako aurreneko abagunea Velosok izan du, lehenengo minutuan, baina portugaldarraren erdiraketa Casillasek kornerrera desbideratu du. Arbeloak gola lortzeko aukera ederra izan du 8. minutuan, baina bere jaurtiketa gutxigatik langa gainetik kanpora joan da.
Espainiak norgehiagokako kontrola hartu du, eta gorriek baloiaren jabetza izan dute. Hala ere Portugalek gogor sakatzen jarraitu du, eta Cristiano Ronaldok eta Nanik hegaletatik arriskua sortu dute. Iniestak 0-1ekoa jartzeko abagune bikaina izan du 28. minutuan. Hala ere, Bartzelonako jokalariaren saiakera zuzenean kanpora joan da. Paulo Bentoren taldeak ere gola eskuratzeko abagunea izan dute atsedenaldia heldu aurretik, baina Cristiano Ronaldoren jaurtiketa kanpora joan da (31. minutua). Atsedenaldian markagailuan 0-0ekoak jarraitu du.
Bigarren zatiko aurreneko minutuetan Portugalek erasoan sakatzen jarraitu du, eta Del Bosquek Cesc Negredoren ordez zelairatu du. Cristiano Ronaldok urruneko saiakera egin du (57. minutua), baina lusitaniarraren jaurtiketa kanpora joan da. Pixkanaka Espainiak neurketaren kontrola berreskuratu du, eta Navas Silvaren ordez zelairatu du Del Bosquek.
Xabi Alonsok abagune ederra izan du 67. minutuan, baina tolosarraren jaurtiketa indartsua Rui Patriciok gelditu du. Jarraian, Cristiano Ronaldok aukera bikaina izan du, baina Madeirako jokalariaren falta jaurtiketa zuzenean kanpora joan da. Partidako 86. minutuan Del Bosquek hirugarren aldaketa egin du, eta Pedro Xaviren ordez zelairatu da. Hala ere, Espainiak ezin izan du Rui Patricio atezaina gainditu, eta norgehiagoka, 0-0ekoarekin, luzapenera joan da.
Luzapenean iberiarrek presio bikaina egin dute erasoan, baina Portugaleko defentsa sendo aritu da. Paulo Bentoren mutilek aterapauso eman dute zelaian, eta soilik kontraerasoa bilatu dute. Neurketako abagunerik onena Iniestak izan du (103. minutua), baina Albaceteko jokalariaren saiakera Rui Patriciok kornerrera desbideratu du. Luzapeneko bigarren zatian Espainiak baloiaren jabetza mantendu du, eta Portugalek atzean sartuta jarraitu du. Hala ere, gorriek ezin izan dute gol aukerarik sortu, eta partida penaltietara joan da.
Penalti jaurtiketetan Rui Patriciok eta Casillaesk Xabi Alonsoren eta Moutinhoren jaurtiketak gelditu dituzte. Iniestak, Pepek, Piquek, Nanik eta Sergio Ramosek golak eskuratu dituzte, baina Bruno Alvesen jaurtiketa langara joan da. Cesc Fabregasek azkenengo penalti erabakigarria sareetara sartu du, eta espainiarrek Eurokopako finala jokatuko dute.
- Fitxa teknikoa:
0 (2) - Portugal: Rui Patricio; Joao Pereira, Bruno Alves, Pepe, Fabio Coentrao; Meireles (Varela, 112. minutuan), Miguel Veloso (Custodio, 105. minutuan), Moutinho; Nani, Hugo Almeida (Nelson Oliveira, 76. minutuan) eta Cristiano Ronaldo.
0 (4) - Espainia: Casillas; Arbeloa, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Busquets, Xabi Alonso; Silva (Navas, 60. minutuan), Xavi (Pedro, 87. minutuan), Iniesta; eta Negredo (Cesc, 54. minutuan).
Penaltiak: 0-0: Xabi Alonsok jaurti du eta Rui Patriciok gelditu. 0-0: Moutinhok jaurti du eta Casillasek gelditu. 0-1: Iniestak, gola. 1-1: Pepek, gola. 1-2: Piquek, gola. 2-2: Nanik, gola. 2-3: Sergio Ramosek, gola. 2-3: Bruno Alvesek, langara. 2-4: Cescek, gola.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa