Futbola
C multzoa
Erredakzioa
Del Bosqueren mutilek 0-1 gainditu dute Kroazia eta multzoko lider bezala sailkatu dira. Italiak 2-0 irabazi dio Irlandari, eta multzoko bigarren postuan sailkatzea lortu du.
Albisteak (2)
Kroazia-Espainia (0-1):
Kroaziak erasoan beldurrik gabe sakatu du aurreneko minutuetan, baina Vicente Del Bosqueren mutilek norgehiagokaren kontrola hartu dute, arazorik gabe. Neurketako lehenengo abagune argia Andres Iniestak izan du, 11. minutuan, baina Pletikosak Bartzelonako jokalariaren jaurtiketa biguna gelditu du.
Torresek eta Piquek urruneko saiakerak egin dituzte, baina Kroaziako atezainak gelditu bikainak egin ditu. Bilicen taldeak 25. minutuan izan du aurreneko aukera argia, baina Casillasek Pranjicen jaurtiketa gelditu du. Lehenengo zatiko azkenengo minutuetan, Kroaziak gogorrago sakatu du, Italiaren golak Eurokopatik at uzten baitzituen koadrodunak, baina Espainia sendo eutsi dio defentsan.
Bigarren zatian ere, erasora jo du Kroaziak, baina espainiarrek Bilicen mutilek baino arrisku handiagoa sortu dute. Kroaziarrek abagune ederra izan dute 58. minutuan, eta Casillasek gelditu erabakigarria egin du. Espainiako atezainak bikain desbideratu du Rakiticen errematea, baina Kroaziak mina egiten jarraitu du.
Del Bosqueren mutilek ondo defendatu dituzte estrategiako jokaldiak, eta koadrodunak kontraerasoa bilatzen hasi dira. 78. minutuan, Casillasek Srnaren saiakera desbideratu du, eta, ondoren, Kroaziako jokalariak nekatzen hasi dira. 90. minutuan, Jesus Navasek 0-1ekoa lortu du, Espainiaren kontraeraso baten ostean. Garaipenarekin, Espainiako selekzioa C multzoko lider bezala sailkatu da.
Fitxa teknikoa:
0.- Croacia: Pletikosa; Vida (Jelavic, 66. minutuan) , Corluka, Schidenfeld, Strinic; Rakitic, Vukojevic (Eduardo, 80. minutuan); Srna, Modric, Pranjic (Perisic, 66. minutuan); Mandzukic.
1.- Espainia: Casillas; Arebeloa, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Xavi Hernandez (Negredo, 89. minutuan), Busquets, Xabi Alonso; Silva (Cesc Fabregas, 71. minutuan), Iniesta eta Fernando Torres (Jesus Navas, 61. minutuan).
Golak: 0-1, 87. minutuan: Jesus Navas
Italia-Irlanda (2-0):
Eurokopari bigarren jardunaldian agur esan zion arren, Irlandako selekzioak ondo hasi du norgehiagoka erasoan. Italia atzean sartu dute Trapattoniren mutilek, baina, Pirlok gidatuta, baloiaren jabetza erraz kontrolatu dute urdinek. Cassanok arrisku handia sortu du erasoan, eta Real Madril taldeko jokalari ohiak 1-0ekoa jarri du markagailuan. Pirlok ederki erdiratu du baloia, eta Cassanoren errematea sareetara joan da. Atsedenaldira italiarrak joan dira multzoko lidergoan.
Bigarren zatian, Italiak lanean jarraitu du eta irlandarrek ezin izan dute erantzunik eman. Diamanik urrunetik egin du saiakera (66. minutua), baina Given atezainak erraz hartu du baloia. Prandelliren mutilak oso eroso egon dira berdegunean 1-0ekoarekin, eta Irlanda ezin izan da Buffonen ate ingurura hurbildu. Partidako azkenengo minutuan, Andrewsek bigarren txartel horia ikusi du eta Irlanda hamar jokalarirekin gelditu da. Jarraian, Balotellik 2-0ekoa eskuratu du, eta Italiak final-laurdenetarako txartela lortu du.
-- Fitxa teknikoa:
2 - Italia: Gianluigi Buffon, Ignazio Abate, Andrea Barzagli, Giorgio Chiellini (Leonardo Bonucci, 57. minutuan), Federico Balzaretti, Andrea Pirlo, Claudio Marchisio, Thiago Motta, Daniele De Rossi, Antonio Di Natale (Mario Balotelli, 75. minutuan) eta Antonio Cassano (Alessandro Diamanti, 63. minutuan).
0 - Irlanda: Shay Given, John O'Shea, Richard Dunne, Sean St. Ledger, Stephen Ward, Aiden McGeady (Shane Long, 65. minutuan), Glenn Whelan, Keith Andrews, Damien Duff, Kevin Doyle (Jon Walters, 76. minutuan) eta Robbie Keane (Simon Cox, 86. minutuan).
Golak: 1-0, 36. minutuan: Cassano; 2-0, 90. minutuan: Balotelli.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa