Futbola
Txapelketaren lehen edizioa
EITB Media
Italiako taldeak 1-0eko emaitzarekin irabazi du Tiranan jokatu den finala. Zaniolok sartu du partidako gol bakarra, 32. minutuan. Erroma da txapelketa honetako lehen txapelduna.
Erromako jokalariak eta entrenatzailea, Konferentzia Ligako garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Albisteak (1)
Erromak Konferentzia Liga irabazi du, asteazken honetan (maiatzak 25) Feyenoordi finala irabazita (1-0). Tiranan (Albania) jokatu da txapelketa honen lehen edizioko finala, eta Italiako taldea izan da txapelduna.
Lehen zatia parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Neurketako 15. minutuan Mhkitaryan Erromako jokalariak min hartu du, eta ezin izan du jokatzen jarraitu; Sergio Oliveira zelairatu da haren ordez.
Bi taldeetako batek ere ez du abagunerik izan lehen ordu erdian, baina 32. minutuan Zaniolok gola sartu du (1-0) Erromarentzat, Traunerren erdiraketa errematatuta. Feyenoord ez da gai izan Italiako taldearen golari erantzuteko, eta norgehiagoka Erromaren aldeko gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.
Erasokor zelairatu da Feyenoord bigarren zatian, eta lehen minutuetan neurketa berdintzeko aukerak izan ditu. Partidako 47. minutuan Herbehereetako taldeak kornerra atera du, baloia zutoinera joan da Zaniolorengan jo ostean, eta Rui Patricio atezainak gola eragotzi du Tilen erremateari erantzun ona emanda. Hiru minutu beranduago Rui Patriciok desbideratu egin du Malaciaren jaurtiketa, eta baloia kanpora joan da langa jo ostean.
Sufritu egin behar izan du Erromak bigarren zatiaren hasieran, baina momentu txarrak pasa ostean norgehiagoka kontrolpean izatera pasa da. Gainera, 72. minutuan gola sartzeko abagunea izan du; Bijlow atezainak, ordea, erantzun ona eman dio Veretouten jaurtiketari.
Italiako taldearen abaguneak ez du Feyenoord beldurtu, baina Herbehereetako taldeari kosta egin zaio gola sartzeko aukera argiak sortzea. Erroma eroso sentitu da, eta 72. minutuan Bijlow Feyenoordeko atezainak italiarren gola saihestu du Veretouten jaurtiketa geldituta.
Azken minutuetan Erromak ondo eutsi dio Feyenoordi eta garaipenak ez dio alde egin Italiako taldeari (1-0).
Fitxa teknikoa:
1.- Erroma: Rui Patricio; Mancini, Smalling, Ibañez; Karsdorp (Viñ, 89. min), Cristante, Mkhitaryan (Oliveira, 16. min), Pellegrini, Zalewski (Spinazzola, 66. min); Zaniolo (Veretout, 66. min) eta Abraham (Shomurodov, 89. min)
0.- Feyenoord: Bijlow; Geertruida, Trauner (Peersen, 73. min), Senesi, Malacia (Jahanbakhsh, 88. min); Aursnes, Til (Toornstra, 60. min), Kökçü (Walemark, 88. min); Nelson (Linssen, 73. min), Sinisterra eta Dessers.
Golak: Zaniolo (32. min)
Epailea: Istvan Kovacs (Errumania). Txartel horiak atera dizkie Pellegrini (3. min6), Zalewski (67. min) eta Rui Patricio (84. min) Erromako jokalariei, baita Trauner (25. min) Feyenoordeko futbolariari.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa