Futbola
Finala Rangersi irabazita
A. B. E. | EITB Media
Alemaniako taldeak Glasgow Rangersi irabazi dio fianala, penalti jaurtiketetan. Eintrachteko jokalariek jaurtiketa guztiak sartu dituzte; Eskoziako taldeak, ordea, penalti bat huts egin du.
Eintracht Frankfurteko jokalariak Europa Ligako garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Eintracht Frankfurt da 2022ko Europa Ligako txapelduna, Sevillan jokatu den finalean Glasgow Rangers mendean hartuta. Berdinduta amaitu da partida (1-1), luzapenean ez da golik egon, eta penalti jaurtiketetan Alemaniako taldea nagusitu da.
Lehen zatian nagusi izan da Eintracht Frankfurt eta Alemaniako taldeak izan ditu abagune argienak. Alemaniako taldeak 12. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina McGregor atezainak Kamadaren jaurtiketa desbideratu du, eta aldaratzea jaso duen Kosticen jaurtiketa kanpora joan da. Zortzi minutu beranduago, McGregorrek Eintrachten gola saihestu du, Knauffen erremateari erantzun ona emanda. Glasgow Rangersen erantzuna 26. minutuan iritsi da Aribok kanpora bidali duen jaurtiketa baten bidez.
Kosticek bi abagune alferrik galdu ditu Eintracht Frankfurtentzat 30. eta 32. minutuetan, eta Eskoziako taldeak 37. minutuan erantzun du Trapp atezainak gelditu duen Lundstramen errematearekin. Atsedenaldira iritsi aurretik Rangersek gola sartzeko aukera izan du, baina Jacken jaurtiketak ez du aurkariaren atea aurkitu.
Bigarren zatiari hobeto ekin dio, eta Lindstromek gertu izan du gola; erdilariaren jaurtikea, ordea, kanpora joan da aurkari batengan jo ostean. Rangersek abagune argia alferrik galdu du 54. minutuan, baina Kentek ez du baliatu Knauffek baloia aldentzerakoan egin duen hutsa. Hiru minutu beranduago, ordea, Glasgow Rangersek gola sartu du; Eintrachtek huts nabarmena egin du defentsan, baloia Aribok jaso du, eta Rangerseko aurrelariak ez du barkatu Trapp atezainaren aurrean (0-1).
Pozak 12 minutu bakarrik iraun dio Eskoziako taldeari, 69. minutuan Eintracht Frankfurtek neurketa berdintzea lortu baitu; Kosticek erdiraketa egin du hegaletik, eta Santos Borrek banakoa jarri du markagailuan (1-1) Rangerseko defentsei aurrea hartu eta McGregor atezaina gaindituta.
Neurketaren azken txanpan, konkretuki 89. minutuan, Eintrachtek abagunea izan du, baina Kosticen jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Arauzko 90 minutuak bana berdinduta (1-1) amaitu dira, eta lehia luzapenera joan da.
Luzapeneko lehen zatian talde bakoitzak abagune bana izan du. Arfieldek gola sartzeko aukera izan du Rangersentzat, Santos Borrek Eintrachtentzat, baina bietako bat ere ez da gai izan aurkariaren atea zulatzeko.
Erasokor ekin diote bi taldeek luzapeneko bigarren zatiari. Lehen abisua Glasgow Rangersek eman du, baina Trapp atezainak Barisicen jaurtiketa gelditu du. Jarraian etorri da Eintracht Frankfurten erantzuna, baina Hrusticen jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik. Trapp Eintrachteko atezaina izan da protagonista azken minutuetan, gelditu bikainak egin baititu. Davisek etepean egin duen errematea desbideratu du Trappek 118. minutuan, eta azken jokaldian ate barrura zihoan jaurtiketa gelditu du. Ez da golik egon luzapenean, eta penaltietan erabaki da txapelduna.
Rangersek lehen hiru penalti jaurtiketak sartu ditu. Tavernierrek, Davisek eta Arfieldek ez dute kale egin. Eintrachtek ere ez du hutsik egin lehen hiru jaurtiketetan; Lenzek, Hrusticek eta Kamadak golak sartu dituzte. Rangersen laugarren penaltian Trapp atezainak Ramseyren jaurtiketa gelditu du. Ondoren, Kosticek gola sartu du Eintrachtentzat, baita Roofek ere Rangersentzat. Santos Borrek jaurti du Eintracht Frankfurten bosgarren penaltia, gola sartu du, eta garaipena eman dio bere taldeari.
Fitxa teknikoa:
1 - Eintracht Frankfurt: Trapp; Tuta (Hasebe, 58. min), Touré, N'Dicka (Lenz, 100. min); Knauff, Sow (Hrustic, 105. min), Rode (Jakic, 89. min), Kostic; Lindström (Hauge, 71. min), Kamada eta Borre.
1 - Glasgow Rangers: McGregor; Tavernier, Goldson, Bassey, Barisic (Roofe, 117. min); Jack (Davis, 74. min), Lundstram; Wright (Sakala, 74. min) (Ramsey, 117.min), Kamara (Arfield, 91. min), Kent eta Aribo (Sands, 101. min).
Golak: 0-1, 57. min: Aribo. 1-1, 69. min: Borre.
Penalti jaurtiketak: 0-1, Tavernier. 1-1, Lenz. 1-2, Davis. 2-2, Hrustic. 2-3, Arfield. 3-3, Kamada. 3-3, Ramsey (Trappen gelditua). 4-3, Kostic. 4-4, Roofe. 5-4, Santos Borre.
Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia). Txartel horia atera dio Aribo (62. min) Rangerseko jokalariari, baita Wright (73. min) Eintrachteko futbolariari.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa