Futbola
Errege Kopa
A. B. E. | EITB Media
Berdinduta amaitu da Sevillako eta Madrilgo taldeen arteko Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida, baina Betisek joanekoa irabazi zuenez, finala jokatuko du Valentziaren aurka apirilaren 23an.
Albisteak (2)
Betisek jokatuko du Errege Kopako finala Valentziaren aurka apirilaren 23an, Cartuja estadioan. Sevillako taldeak bana berdindu du Rayo Vallecanorekin (1-1) finalerdietako itzuliko partida, eta joanekoa irabazi zuenez (1-2), finalerako sailkapena erdietsi du.
Lehen zatia parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Hasieran Betis izan da nagusi, eta Rayo Vallecanok hobeto jokatu du azken txanpan. Rayok abagunea izan du 17. minutuan, baina Alvaro Garciaren erdiraketa Edgarrek moztu du, Guardiolari errematea egitea eragotzita. Etxeko taldearen erantzuna 37. minutuan iritsi da; Alex Morenok jokaldi ona egin du, area barruan sartu da, pasea eman du, baloiak Mario Suarezengan jo, eta Luca Zidane atezainak saihestu du gola.
Norgehiagokako 54. minutuan Pathe Cissek izan du Rayo Vallecanorentzat gola sartzeko aukera, baina jaurtiketa kanpora joan zaio, langaren gainetik. Lau minutu beranduago iritsi da Betisen erantzuna, nahiz eta Carvalhoren jaurtiketa ez den gutxigatik ate barrura sartu. Jokalari portugaldarrak beste saiakera bat egin du 69. minutuan, baina oraingoan ere ez du atera zuzendu jaurtiketa. Fekirrek abagune ezin hobea izan du 72. minutuan; frantziarrak jokaldi ona egin du, area barruan sartu da, eta errematea Zidanek gelditu du. Sei minutu beranduago, gola sartzeko aukera paregabea izan du etxeko taldeak, baina Bailluk atepetik atera du baloia. Neurketako 80. minutuan, Bebek 0-1ekoa jarri du markagailuan, falta jaurtiketa baten bidez gol bikaina sartuta.
Partida luzapenera joango zela ematen zuenean, 92. minutuan, Betisek kontraerasoa antolatu du, Canalesek baloia area barruan ukitu, eta Borja Iglesiasek gola sartu du (1-1).
Neurketa guztiz erabakita uzteko aukera izan du Joaquinek 94. minutuan; Andaluziako jokalariak, ordea, kanpora bota du balia Zidane atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean. Partida bana berdinduta amaitu da (1-1) eta Betisek jokatuko du finala.
Fitxa teknikoa:
1 - Betis: Claudio Bravo; Sabaly, Pezzella, Edgar, Alex Moreno (Guardado, 95. min); Guido Rodriguez, William Carvalho; Canales, Fekir, Juanmi (Joaquin, 81. min); eta Willian Jose (Borja Iglesias, 86. min).
1 - Rayo Vallecano: Luca Zidane; Balliu, Catena, Mario Suarez (Bebe, 77. min), Fran Garcia; Isi Palazon (Nteka, 61. min), Oscar Valentin, Pathe Ciss (Santi Comesaña, 61. min), Alvaro (Kevin Rodrigues, 89. min), Trejo; eta Sergi Guardiola (Sylla, 77. min).
Golak: 0-1, 80. min: Bebe. 1-1, 92. min: Borja Iglesias.
Epailea: Juan Martinez Munuera. Txartel horia atera dio Balliu (71. min) Rayo Vallecanoko jokalariari, baita Willian Jose (79. min) Betiseko futbolariari.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa