Futbola
EURO 2020
M. Y. L. | EITB Media
Aurrelari belgikarrak partida hasi eta 10 minutura izan zuen lehen aukera aprobetxatu zuen eta norgehiagoka amaitu baino lehen 3-0ekoa egin zuen.
Lukaku partidako izarra izan zen. Argazkia: EFE
Belgikak, Lukaku geldiezin batekin (bi gol sartu zituen), Errusia (3-0) gainditu zuen larunbat honetan, Eurokopa irabazteko armak soberan dituela erakutsiz.
Lukakuk arreta guztia bereganatu zuen lehen zatian. Minutu batzuk haztamuka ibili ondoren, aurrelariak gola sartzeko izan zuen lehen aukera aprobetxatu zuen. Interreko jokalariak Semenoven huts egite izugarria aprobetxatu zuen lehen gola egiteko (10. minutuan).
Belgikarrek beste bitan ere gola sartzeko aukera izan zuten, baina Dendonckerren jaurtiketa bat gora joan zen eta Shuninek Thorgan Hazarden jaurtiketa bat estali zuen.
Belgikak lehen zatian partida erabakita utzi nahi zuen. Eta horrela izan zen. Arriskurik gabeko erdiraketa batean Shuninek baloia urrundu zuen eta aldaratzea Meunierrek aprobetxatu zuen (34. minutuan).
Bigarren zatian errusiarrak indartsu atera ziren. Courtoisek ukabilekin atera behar izan zuen behin eta beste batean jaurtiketa gogor bat gelditu zuen. Harrotasunez eta bultzadaz, eslaviarrek belgikarrak zokoratu zituzten.
Errusiarren azken aukera Alexei Miranchuk zen, Atalantako erdilari fina. Bitartean, belgikarrek indarrak gordetzen zituzten. Txapelketa luzea dela eta helburua garaipena dela jakinda, Roberto Martinezen mutilek baloiaren edukitza luzea izatea aukeratu zuten.
Orduan, Eden Hazard zelairatu zen. Hogei bat minutu zituen bere klaseko distiraren bat uzteko. Pare bat aldiz saiatu zen, baina zorterik gabe. Lukaku, ordea, partidan sartuta zegoen. Norgehiagoka amaitu aurretik Meunierren pase luze bat aprobetxatu zuen atezain errusiarra garaitzeko.
Fitxa teknikoa:
3 - Belgica: Courtois; Alderweireld, Boyata, Vertonghen (Vermaelen, 77. min), Castagne (Meunier, 28. min), Tielemans, Dendoncker, T.Hazard; Mertens (E.Hazard, 72. min), Carrasco (Praet, 77. min) eta Lukaku.
0 - Errusia: Shunin; Mario Fernandes, Semenov, Dzhikiya, Zhirkov (Karavaev, 44. min); Barinov (Diveev, 46. min), Ozdoev, Zobnin (Mukhin, 63. min), Golovin, Kuzyaev (Cheryshev, 30. min; Miranchuk, 63. min); eta Dzyuba.
Golak: 1-0, 10. min: Lukaku. 2-0, 34. min: Meunier. 3-0, 88. min: Lukaku.
Epailea: Antonio Mateu Lahoz. Txartelik ez.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa