Futbola
EURO2020
A. A. | EITB MEDIA
Bigarren zatian sartutako Pohjanpaloren gola aski izan da Danimarkako taldea azpiratzeko (0-1). Etxekoek penalti bat huts egin dute 74. minutuan.
Albisteak (3)
Finlandiako selekzioak garaipen batekin (0-1) egin du debuta bere historiako lehen Eurokopan, irabazi egin baitu Danimarkaren aurka larunbat honetan. Neurketa bi orduz egon da geldituta, Christian Eriksen danimarkarrak izan duen ezbeharrarengatik; izan ere, Inter Milango jokalariak konortea galdu du lehia atsedenaldira heltzear zegoela, eta ospitalera eraman behar izan dute Kopenhageko Parken zelaitik, tentsio une gogorrak bizi eta gero.
Zelaiko larrialdietako osasun-langileek egonkortu egin dute Interreko jokalaria Danimarkako hiriburuko Rigshospitalet ospitalera eraman aurretik. Gerora, bi taldeetako jokalariek ontzat eman dute partidarekin jarraitzea, Danimarkako Federaziotik eta UEFAtik iritsi zaizkien albiste onak behin ezagututa.
Eriksenen ezbeharra gertatu aurretik, etxeko selekzioa izan da partidaren jabe bakarra, eta markagailuan aurretik jartzeko abagune argiak izan ditu: lehendabizi, Hojbjergek, burukada batekin, eta, ondoren, Braithwaitek, sarearen albora joan den jaurtiketa batekin.
Finlandiari dagokionez, Teemu Pukki, Norwicheko aurrelaria, kontraeraso bat aprobetxatzen saiatu da etxekoen defentsa ezustean harrapatzeko, baina Kjaer azkarragoa izan da, eta buruz burukoa saihestu du. Dena den, hori izan da finlandiarren arrisku jokaldi bakarra lehen zatian. Hartara, ematen zuen Kasper Hjulmandek zuzentzen duen taldearen gola iritsi behar zela une batetik bestera.
Haatik, partida hasi eta bi ordu eta erdira neurketari berriro ekin diotenean, Finlandia izan da saria aurkitu duena, egin duen bere lehen jaurtiketan. Danimarkak, berriz, 18 jaurtiketa eginak zituen ordurako golik lortu gabe, baina aurkaria askoz eraginkorragoa izan da 60. minutuan, Pohjanpalok buruz sare barrura bidali duenean Uronenen erdiraketa, hain zuzen ere.
Hradeckyk penaltia gelditu du
Golak hegalak eman dizkie Markku Kanervaren jokalariei, eta bere jokamoldearekin jarraitu dute. Markagailuan atzean zeudela ikusita, etxekoek ekinean jarraitu dute. Hala, Braithwaite Bartzelona taldeko aurrelaria, bere taldeko jokalaririk nabarmenena, bi aldiz saiatu da; alabaina, daniarren aukerarik argiena 74. minutuan heldu da, epaileak Poulseni penaltia egin diotela adierazi duenean.
Hojbjerg Tottenhameko erdilariak hartu du jaurtitzeko ardura, baina Hradecky atezainak asmatu egin dio nora bota behar zuen.
Finlandiak sendo eutsi dio 90. minutura arte, eta B multzoko ezusteko lider gisa kokatu da, bere historiako garaipenik garrantzitsuena eskuratuta.
Fitxa teknikoa:
0 - Danimarka: Schmeichel; Wass (Stryger Larsen, 76. min), Kjaer (Vestergaard, 63. min), Christensen, Maehle; Delaney (Cornelius, 76. min), Eriksen (Jensen, 43. min), Hojbjerg; Poulsen, Wind (Skov Olsen, 63. min) eta Braithwaite.
1- Finlandia: Hradecky; Toivio, Arajuuri, O'Shaughnessy; Raitala, Lod, Sparv (Schüller, 76. min), Kamara, Uronen; Pohjanpalo (Forss, 84. min) eta Pukki (Kauko, 76. min).
Gola: 0-1, 60. min: Pohjanpalo.
Epailea: Anthony Taylor (Ingalaterra). Txartel horiak Lod eta Sparv (Finlandia).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa