Futbola
EURO 2020
A. B. E. | EITB Media
Erroman jokatu den Turkiaren eta Italiaren arteko neurketarekin hasi da Eurokopa, eta italiarrak nagusitu dira, 0-3ko emaitzarekin.
Italiako jokalariak Immobilek Turkiari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Italiak hasiera bikaina eman dio Eurokopari,txapelketako eta A multzoko estreinako partidan Turkiari 0-3ko emaitzarekin irabazita. Erroman jokatu da EURO 2020ari hasiera eman dion norgehiagoka.
Baloiaren jabe egin da hasieratik Italiako selekzioa eta golak sartzeko abagune argiak izan ditu. Hirugarren minutuan Berardik baloia arean jarri, eta Immobileren errematea Cakir atezainak gelditu du. Ordu laurden beranduago, Insignek jokaldi bikaina egin du, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Neurketako 22. minutuan Cakir atezainak italiarren gola eragotzi du Chielliniren erremateari erantzun bikaina eman eta gola saihestuta.
Turkia ezinean ibili da lehen zati guztian zehar, eta ez da abagune argirik sortzeko gai izan. Italia jaun eta jabe izan da. Norgehiagoka atsedenaldira iritsi orduko Immobilek gola sartzeko aukera argia alferrik galdu du. Ondoren, azken minutuan, epaileak ez du Italiaren aldeko penalti argi bat adierazi, Turkiako jokalari batek area barruan erdiraketa eskuarekin moztu ostean.
Bigarren zatiaren hasieran, Turkiak bere lehen abagunea izan du kontraeraso baten ondorioz, baina Underrek ez dio jokaldiari amaiera ona eman. Minutu bat beranduago, Italiak jokaldi ona egin du, Berardik eskuin hegaletik erdiratu, eta Demiralek bere atean sartu du gola (0-1).
Gola sartu ostean, selekzio italiarra nagusi izan da. Neurketako 58. minutuan Cakir atezainak Locatelliren jaurtiketa gelditu du, baina zortzi minutu beranduago Italiak 0-2koa jarri du markagailuan, Immobilek sartu duen golarekin.
Bigarren gola sartu ostean kontrolpean izan du neurketa Roberto Mancinik zuzentzen duen selekzioak, eta garaipena biribildu du Insignek 78. minutuan sartu duen golarekin (0-3).
Fitxa teknikoa:
0 - Turkia: Cakir; Celik, Demiral, Suyuncu, Meras; Yokuslu (Kahveci, 65. min), Tufan (Ayhan, 64. min); Yazici (Under, 46. min), Calhanoglu, Karaman (Devisoglu, 76. min); Yilmaz.
3 - Italia: Donnarumma; Florenzi (Di Lorenzo, 46. min), Bonucci, Chiellini, Spinazzola; Barella, Jorginho, Locatelli (Cristante, 73. min); Berardi (Bernardeschi, 85. min), Insigne (Chiesa, 81. min), Immobile (Belotti, 81. in).
Golak: 0-1, 54. min: Demiral (b.a.); 0-2, 66. min: Immobile; 0-3, 80. min: Insigne.
Epailea: Danny Makkelie (NL). Txartel horiak atera dizkie Soyuncu (88. min) eta Devisoglu (90. min) Turkiako jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa