20:06

Futbola

Euskal Selekzioa

Ofizialtasuna bideratzea eskatu diote jokalariek Euskadiko Futbol Federazioari

EITB.EUS

Gutun bat zuzendu diote Federazioari, indarrean dagoen agintaldian ofizialtasunaren eskaera gauza dezan. Idatzia Ainhoa Tirapuk, Asier Riesgok, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik izenpetu dute.

  • Illarramendi eta Zurutuza Euskal Selekzioarekin Venezuelaren aurkako partidan

    Illarramendi eta Zurutuza Euskal Selekzioarekin Venezuelaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Herria Kirolak elkarteak bere webgunean plazaratu duenez, Ainhoa Tirapuk, Asier Riesgok, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik idatzi bat zuzendu diote Euskadiko Futbol Federazioari, bertako "egungo zuzendaritzak" behar diren urratsak eman ditzan bere agintaldia amaitu aurretik Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko "nazioartean eskuduntzak dituzten erakundeen aurrean".

Izan ere, aipatu jokalariek euren gutunean gogorarazten dute duela bi urte, 2018ko abenduaren 12an, Durangon egin zen Euskadiko Futbol Federazioaren Batzar Nagusiak "ia aho batez" onartu zuela Federazioak "nazioarteko erakundeetan parte izateko egin beharreko eskaera" bideratzea.

Alabaina, eskaerarik ez dela egin deitoratu dute: "Bi urte igaro dira batzar hartatik, eta Euskadiko Futbol Federazioko presidente Luis Mari Elustondoren agintaldia amaitzear dela, oraindik ez da aurkeztu ez UEFAn ez FIFAn sartzeko eskaerarik".

Aitzitik, lau sinatzaileek ezinbestekotzat jo dute "Batzar Nagusiak agindutakoa betetzea", eta, hori egitea Euskadiko Futbol Federakundeko egungo zuzendaritzari dagokiola nabarmendu dute, hain zuzen ere.

Hona hemen gutuna bere horretan:

EUSKADIKO FUTBOL FEDERAKUNDEKO PRESIDENTEARI

Abenduaren 12 batean, orain bi urte, Euskadiko Futbol Federazioaren Batzar Nagusira joan ginen Durangora, Federazioak berak aurkeztutako ekimenean.

Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herria Kirola elkartearen babesarekin, Batzarreko klubei eta gainerako estamentuei eskatu zien erabakitzea, nazioarteko erakundeetan parte izateko egin beharreko eskaera egingo zuen, euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko ezinbesteko aurretiko urratsa delako.

Orduan ulertu genuen batzarrak ia aho batez emandako baietzak eskaera bideratzea ekarriko zuela. Baina bestelakoa izan da gertatutakoa.

Bi urte igaro dira batzar hartatik, eta Euskadiko Futbol Federazioko presidente Luis Mari Elustondoren agintaldia amaitzear dela, oraindik ez da aurkeztu ez UEFAn ez FIFAn sartzeko eskaerarik.

Jokalariek urte askoan erakutsi dugu gure konpromisoa Euskal Selekzioarekin. Horrek eraman gaitu ofizialtasuna aldarrikatzera eta antolatutako lagunarteko partiduak jokatzera, normalean Gabonetan egiten zirenak, baina noizbait ere planto egin dugu, uste izan duguenean partida horiek gure futbolariak euren selekzioarekin nazioartean lehiatzeko aurrerapausorik ez zirela.

Futbolaren munduko oso sentimendu sakona jasotzen dugulakoan gaude, esaten dugunean gure selezioarekin dugun konpromisoari eusten diogula, baina beti ere ofizialtasunaren bidean aurrera egitekotan. Eta ildo horretan, hain zuzen ere, uste dugu ezinbestekoa dela Batzar Nagusiak agindutakoa betetzea: ofizialtasuna nazioartean eskuduntzak dituzten erakundeen aurrean  eskatu behar da, eta eskaera hori Euskadiko Futbol Federakundeko egungo zuzendaritzak egin behar du.

Euskal Herrian, 2020ko abenduaren 8an

Ainhoa Tirapu, Asier  Riesgo, David Zurutuza eta Asier Illarramendi

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena