Futbola
Euskal Selekzioa vs Costa Rica
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unai Nuñezek 94. minutuan buruz erdietsitako golak garaipena eman dio Javier Clementek zuzentzen duen selekzioari.
Unai Nuñezek buruz sartu du gola. Argazkia: EFE
Albisteak (5)
Euskal Selekzioak 2-1 irabazi du Costa Ricaren aurka astelehen honetan Eibarren jokatutako lagunarteko partida, Unai Nuñezek neurketako azken jokaldian sartutako golari esker.
Etxekoek gogor ekin diote lehiari, eta 'Tiko'ek laster egin behar izan diete aurre euskaldunen erasoaldiei. Hala, pare bat abisu eman dituzte 2. eta 6. minutuetan Morcilloren bidez.
Erdialdeko Amerikako taldeak ez du atzera egin, eta, bi minutu geroago, lehen ahalegina egin du Roberto Lealen urruneko jaurtiketa baten bidez, baina Iago Herrerinek ez du arazorik izan baloia gelditzeko.
Etxekoek 12. minutuan sortu dute benetako arriskua eraman duen lehen jokaldia, eta baita gola lortu ere. Morcillok baloia lapurtu du defentsa lanetan ari zela, eta aurrera egin du ezker hegaletik, bere abiadura baliatuta. Horren erdiraketa area barruan zegoen Iker Muniaini heldu zaio, eta erdilari zuri-gorriak ez du barkatu Keylor Navasen aurrean (1-0).
Talde bisitaria Clementeren mutilen nagusitasunetik libratzen saiatu da, baina etxekoen presioak sendo jarraitu du, eta 22. minutuan Iñaki Williams saiatu da gola egitean, baina Keylor Navasek ondo erantzun dio.
28. minutuan, Campbellek izan du Costa Ricak lehen zatian izan duen abagunerik garbiena; izan ere, bere urrutiko jaurtiketak zailtasun ugari eragin dizkio Herrerini. Ondoren, 32. minutuan, Venegasen eta Borgesen arteko jokaldiak ezinegona sortu du euskaldunen atzeko lerroetan.
Pixkanaka-pixkanaka, Costa Ricak errespetua galdu dio euskal taldeari, eta erasoaldiak areagotu ditu, batez ere Campbellen bidez, bera baitzen bere taldeko jokalaririk aktiboena. Dena den, Iñaki Williams gola egitetik gertu egon da 38. minutuan, baina apur bat desbideratuta atera zaio buelta erdian egindako saiakera. Horixe izan da lehen zatiko azken hurbilketa nabarmenena.
Bigarren zatian, Costa Rica hobeto zelairatu da, eta, 48. minutuan, Yeray Alvarezek ia atepetik atera du Venegasek buruz jotako baloia, Herrerin gaindituta zegoela. 52. minutuan, berriz, Campbellek areaz kanpotik egindako beste jaurtiketa bat saririk gabe geratu da berriro.
56.ean, etxekoena izan da aukera, Morcillok urrutitik egindako ahaleginarekin, Navas aurreratutik zegoela aprobetxatuz, eta ia-ia ustekabean harrapatu du Costa Ricako atezaina.
Geroago, 70. minutuan, bisitarien gola iritsi da, Venegasek eskuinetik egindako jaurtiketa bat area barruan zegoen Moyak buruz sare barrura bidalita (1-1).
Norgehiagoka joan-etorrikoa bihurtu da azken minutuetan, bi taldeek erasora jo baitute inongo konplexurik gabe, baina euskaldunenak izan dira jokaldirik arriskutsuenak. Hala, 87. minutuan, Bautista gola erdiesteko zorian egon da, baina Keylor Navasek eragotzi du, geldiketa bikaina eginez. Aitzitik, luzapeneko minutuetan, garaipenaren gola egin dute etxekoek, Unai Nuñezen burukada dotore baten bidez, Aihen Muñozek erdiratutako kornerra baliatuta (2-1).
Fitxa teknikoa:
2 - Euskal Selekzioa: Herrerín, Capa, Yeray, Nuñez, Yuri (Aihen, 54. min), Guevara (García, 54. min), Torres (Balenziaga, 83. min), Williams, Muniain (Sanjurjo, 64. min), Morcillo (Arbilla, 83. min), Vilalibre (Bautista, 54. min)
1 - Costa Rica: Keylor Navas, Gamboa (Brown, 83. min), Waston, Duarte (Vargas, 46. min), Calvo, Borges (Guzmán, 83. min), Alfaro, Venegas (Rodríguez, 70. min), Moya, Leal (Diaz, 46. min), Campbell (Vega, 83. min).
Golak: 1-0, 12. min: Muniain. 1-1, 70. min: Moya. 2-1, 93. min: Unai Nuñez.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa